"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Donostia Zinemaldiak eta Loterías y Apuestas del Estado (SELAE) erakundeak gizarte-gaiei buruzko film laburren lehiaketa bat sortu dute. Lan irabazleak 10.000 euroko sari bat jasoko du, eta bigarren sailkatuak, berriz, 5.000 euroko sari bat. Loterías sarirako izena emateko epea gaur hasiko da, eta ekainaren 17an amaitu.
Akordio bati jarraituz –hasiera batean, hiru urteko indarraldia du–, lehiaketa berriaren helburua da ikus-entzunezko bitartekoak erabiltzea mezu positibo eta itxaropentsuak zabaltzeko; aberastasuna birbanatzea, desparekotasunak ezabatzea eta gizarte-justizia sustatuko dituzte mezuok.
Deialdiaren oinarrien arabera, film laburren gaiak hauekin lotuta egongo dira: adinekoen ongizatea, horien bakardadearen aurkako borroka eta horien bizi-kalitatea hobetzea; genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei laguntzea; kalteberatasun-egoeran dauden pertsonei laguntzea; eta laguntza sozioekonomikoa behar duten minbizidun pazienteei laguntzea.
Film laburrak online inskriba daitezke Donostia Zinemaldiaren web-orrian. Horien produkzioaren gutxienez % 51 espainiarra izango da, eta gehienez 10 minutuko iraupena izango dute. Lanak aurkezteko euskarria bat etorriko da Donostia Zinemaldiaren eskakizun teknikoekin –lehiaketaren oinarrietan daude zehaztuta–.
Loterías sariak erabakiko dituen epaimahaia Donostia Zinemaldiaren Zuzendaritzak eta SELAE erakundeak aukeratuko dute, eta ikus-entzunezkoen arloko eta gizarte-arloko hiru ordezkarik osatuko dute. Bi lan irabazleak sariak banatzeko ekitaldian proiektatuko dira, Donostia Zinemaldiaren 72. edizioan –2024ko irailaren 20tik 28ra egingo da–.
Arautegia irakurtzeko eta proiektu bat inskribatzeko, klikatu hemen.
IZENA EMATEKO EPEMUGA: EKAINAK 17
Loterías y Apuestas del Estado erakundeak, kulturarekin duen konpromisoarekin bat, Donostia Zinemaldiarekin batera lan egin du azken urteetan. Lehiaketaren barruan emanaldi bereziak eskaintzeaz gain, «Zinemaldia 70. Historia posible guztiak» Donostia Zinemaldiaren artxibo historikoaren proiektuaren babeslea izan zen 2019aren eta 2022aren artean. Bere laguntzari esker, Donostia Zinemaldiak herritarren eskura jarri ahal izan ditu 4.000 dokumentu digital baino gehiago (argazkiak, kartelak, egunkariak…). Gainera, 27.000 deskripzio-fitxa baino gehiago dituen katalogo bat dago, espezialistek kontsultatzeko. SELAE erakundeak lotura historikoa izan du kulturarekin eta gure kulturaren elementuak sustatzen eta zabaltzen ditu, gizarte moduan aurrera egiteko; bada, gure arteko lankidetza testuinguru horretan kokatzen da.