Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak sustatu du ikertzaileei zuzendutako José Ángel Herrero-Velarde beken bigarren deialdia. Ikertzaile horietako bat, gutxienez, Gipuzkoako lurralde historikoan jaiotakoa edo bertan bizi dena izango da. Donostia Zinemaldiak eta Elías Querejeta Zine Eskolak elkarlanean antolatutako programa honen helburua da Zinemaldiaren artxibo historikoaren ikerketa bultzatzea. Horretarako, Zinemaldiaren artxibo historikoa iturri nagusitzat hartuko duten testu akademiko argitaragabeak sortu beharko dituzte hautagaiek, zinema-jaialdiaren iragana berrikusi eta haren orainaren eta etorkizunaren arteko etengabeko elkarrizketari bide emateko.
Beka-programaren azken xedea da hiru artikulu akademiko argitaragabe sortzea. Era berean, programan parte hartzen duten erakundeek osatuko duten batzorde batek gainbegiratuko ditu lan horiek. Zinemaldiak artikuluak argitaratzeko laguntza emango du, eta ikertzaileen eta proiektuak editatzeko eta argitaratzeko interesa izan dezaketen argitaletxe edo aldizkari prestigiotsuen arteko bitartekari gisa jardun. Ikerketa horiek Zinemaldiak, Elías Querejeta Zine Eskolak eta Euskadiko Filmategiak batera argitaratzen duten Zine: ikerketa zinematografikorako koadernoak aldizkari akademikoaren argitalpen-batzordeak ere kontuan hartu ahal izango ditu.
"Beka hauek aukera paregabea dira Donostia Zinemaldiaren historia aberatsean sakontzeko", nabarmendu du Goizane Álvarez Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura diputatuak. "Atsegin handiz babesten ditugu Zinemaldiaren iraganari eta horrek zinemagintzan duen eraginari buruzko testu akademikoen ikerketa eta sorkuntza. Ekimen honek Gipuzkoako kultura-ondarearen ikerketa eta hedapena sustatzeko dugun konpromisoa islatzen du".
Beka eska dezakete Gipuzkoan jaio eta/edo bizi diren pertsonek eta Estatuko gainerako lekuetan jaio eta/edo bizi direnek –gutxienez azken bi urteetan–. Gaia, metodologia eta ikerketa-iturriak adierazi beharko dira proiektuan, eta asmo-gutun bat eta curriculum vitaea atxiki. Zinemaldiaren artxiboaren webguneko plataforman aurkeztu behar dira eskaerak. Han daude, halaber, deialdiaren oinarriak eta xehetasun guztiak.
Ikerketa-proiektuak aurkezteko epea 2024ko martxoaren 15etik –datorren ostirala– apirilaren 26ra artekoa izango da. Hautagaiak ebaluatzeko eta hautatzeko ardura duen batzordea Donostia Zinemaldiko eta Elías Querejeta Zine Eskolako profesionalek osatuko dute. Hautatutako hiru proiektuak maiatzean jakinaraziko dira eta egonaldia uztailaren 8tik 19ra egingo da.
Hautatutako ikertzaileek 3.500 euroko dirulaguntza bana jasoko dute. Halaber, artxibora sartzeko edukiko dituzten bi asteetan, kontsulta-egunei dagozkien dietak eskainiko zaizkie. Horrez gain, programak Gipuzkoan bizi ez diren onuradunen bidaia eta ostatua ordainduko ditu.
Tabakalera eraikineko egonaldi-fasean, non Zinemaldiaren artxiboa osatzen duten material guztiak dauden, Euskadiko Filmategian Interneteko konexioa duen lanerako eta kontsultarako gune bat eskainiko da. Bestalde, eraikinean eta aldamenekoetan dauden funts eta artxibo zinematografikoetarako sarbidea bermatuko da, eta eraikineko baliabide eta jardueretarako sarbidea emango da, hala nola zinema-saioetarako, tailerretarako eta eskola magistraletarako.
Lanak (6.000 eta 10.000 hitz artean izan beharko dituzte) zazpi hilabeteko epean amaitu beharko dira, hautaketa-egunetik kontatzen hasita, eta, gehienez, bi hilabeteko luzapena eskatzeko aukera izango da.
Hala, Donostia Zinemaldiko artxibo historikoko 4.000 dokumentu inguru (korrespondentzia, argazkiak, kartelak, egunkariak, aldizkariak…) online kontsultatzeko eskuragarri daude Artxiboa atarian. Horrez gain, web-atari horrek materialen 34.000 deskripzio-fitxa baino gehiagoko katalogo bat eskaintzen du, irakasle eta ikertzaile profesional eta espezialistek eskatuta azter daitezkeenak. Artxiboa atarian eskuragarri daude Zinemaldiaren eta Kutxatekaren funtsetako 3.000 argazki baino gehiagoren digitalizazioak; Zinemaldiko egunkarien 724 ale, 1953tik gaur egunera artekoak (egungo Zinemaldia aldizkaria); Zinemaldiko ia edizio guztietako 350 kartel inguru; bai eta Artxibo Orokorreko eta Prentsako hautatutako materialak ere.
Beken lehen edizioan, honako ikerketa hauek hautatu ziren: Felipe Cabrerizo idazle eta programatzailearen ikerketa, Zinemaldian orbita sozialistako herrialdeen ekoizpen zinematografikoa aztertzen duena; zinemagile berrien film luzeak, Endika Rey irakasleak proposatuta; Josefina Molina, Pilar Miró eta Cecilia Bartolomé Donostian berriro elkartu zirenekoa, Neus Sabaté EQZEko alumni eta irakasleak sakon jorratua; Zinemaldiaren eta FIAPFren harremanak lehen hamarkadetan, Minerva Campos irakaslearen eskutik; Zinemaldiak Trantsizioko espainiar zinematografiaren joera estetikoen, narratologikoen eta diskurtsibitate politikoko joeren definizioan izan zuen rola, Violeta Kovacsics kritikari eta irakasleak sakon aztertua; eta Zinemaldiaren historia soziokulturala, esperientzia kolektibo eta topaketarako eta ideiak trukatzeko leku gisa, Aida Vallejo Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaile eta irakasleak proposatuta. Programa publiko batek lehenengo hiru ikerketen emaitzak aurkeztuko ditu ekainean.
José Ángel Herrero-Velarde Notario zuzendaritza- eta hautaketa-batzordeko kidearen omenezkoa da beken izena. Zinemaldiko funtsezko figura izan zen azken lau hamarkadetan, eta 2022an zendu zen.