Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak eta Crossover Jaialdiak, Donostia Kulturarekin eta Donostia Zinemaldiarekin lankidetzan, eta Disney+en eskutik, Cristóbal Balenciaga telesailaren lehen hiru atalen aurkezpena eta proiekzioa antolatu dute. Serie original hau Disney+en estreinatuko da esklusiboki datorren urtarrilaren 19an. Garai guztietako moda diseinatzaile ikonikoenetako bat izan den Getariako sortzailearen bizitza eta ondarea irudikatzen ditu. Aurkezpena Donostian egingo da, urtarrilaren 22an, astelehenean, 19:00etan, Victoria Eugenia antzokian.
Ekitaldian izango dira Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga zuzendari eta gidoilari sarituak, Alberto San Juan (Cristóbal Balenciaga), Josean Bengoetxea (Nicolás Bizkarrondo enpresaburu donostiarra) eta Cecilia Solaguren (bere emaztea, Virgilia Mendizabal) aktoreak, bai eta Alberto Iglesias konpositorea ere; Iglesiasek 11 Goya sari irabazi ditu (19 hautagaitza), Oscar sarietarako lau hautagaitza, Bafta sarietarako hiru eta Urrezko Globoetarako bi.
Aurkezpenean honako hauek ere izango dira: Sofía Fábregas, Disney+ Españako ekoizpen originaletako presidenteordea; Lourdes Iglesias, gidoilari eta sortzaileetariko bat; Bina Daigeler, jantzien arloko zuzendaria, Karmele Soler makillaje-burua eta Xabier Berzosa ekoizle exekutiboa.
Goizane Álvarez Kulturako diputatuaren hitzetan, “zineman eta serieetan ez gara inoiz ikusle hutsak. Beti aldatzen dute gure begirada; izan ere, ikusten dugunarekin eta pertsonaiek sentitzen dutenarekin konektatzeko magia baitute. Errealitate beraren ikuspegi desberdinak eskaintzen dizkigute opari. Zinemak eta serieek ikuspegi eta enpatia berriak ematen dizkigute, eta intelektualki aberasten gaituzte. Gipuzkoa oso lotuta dago ikus-entzunezkoen sektorearekin, ez bakarrik fisikoki filmatzeko espazioen aukera handia delako, baizik eta sektoreko profesionalen kalitate handiko ekosistema eskaintzen duelako. Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentutik garrantzi eta laguntza handia ematen diogu prestakuntzari, Elías Querejeta Zine Eskolaren baitan eta ekoizpenari, SS-Gipuzkoa Film Comission proiektuaren bidez, gure lurraldearentzat garrantzitsua den sektore ekonomiko baten alde apustu eginez, orain eta etorkizunean”.
Cristóbal Balenciaga Disney+en asmo handiko ekoizpena da, eta horren atzean ikerketa eta birsortze lan zorrotza dago. Gipuzkoak aspalditik egiten du Irusoin eta Moriartiren ekoizpenen aldeko apustua, 20 urte baino gehiago daramatza ildo horretan. Tokiko talentuaren kalitatea, maila artistikoan eta teknikoan islatuta geratu da urte hauetan zehar estreinatutako produkzioetan Cristóbal Balenciaga-k 90 dekoratu baino gehiago izan ditu, 100 profesional baino gehiagoko taldea, 4.000 figurante eta 18 asteko filmaketa. Horri esker, tokiko ikus-entzunezkoen sektorea indartuko da eta, azken batean, nazioartean lehiakorragoak izango dira. Bai Cristóbal Balenciagaren beraren jatorriagatik, bai inplikatutako talde tekniko eta artistikoaren jatorriagatik, Gipuzkoa da asmo handiko proiektu hau abian jartzeko leku naturala.
Frantziako eta Espainiako hainbat lokalizaziotan filmatu den serie honek kontatzen du bere berezko talentuaren, konstantziaren eta negozioetarako usaimenaren bidez, bere estatus sozialari aurre egitera ausartu zen gizon baten historia; jostun baten eta arrantzale baten seme zen eta lortu zuen garai guztietako diseinatzaile garrantzitsuenetako bat bihurtzea.
Cristóbal Balenciaga serieak erakusten du nola diseinatzailea ezbeharren eta gizarte-konbentzioen erronken aurrean urteetan zehar ibili zen bere identitatea aurkitu nahian. Publikoak ikusiko du nola deseraikitzen eta berreraikitzen diren maisu honen galera handiak –bizikidea, ama eta herrialdea– eta nola obsesionatu zen bere lana epaitzen zuten ahotsen artean estilo propioa aurkitzearekin eta artista izateak dakarren bakardadearekin.
Victoria Eugenia antzokiko ateak 18:15ean irekiko dira photocallerako. Ekitaldia 19:00etan hasiko da. Gonbidapenak urtarrilaren 16ko 11:30etatik aurrera egongo dira eskuragarri Victoria Eugenia Antzokiko leihatilan eta Donostia Kulturaren webgunean.