"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
The Royal Hotel Kanadako Hanna eta Liv bi motxilero ditu protagonista, eta kontatzen digu nola Australiako outbackeko meatze-herri bateko taberna-zulo batean lan egitea onartzen duten, diru pixka bat irabazteko eta bidaiarekin jarraitzeko. Legerik gabeko eremu bat da, non babesik gabe eta gutxietsita egongo diren emakume eta gazte izateagatik, eta beren burua defendatzen dakitela erakustea beste erremediorik ez zaie geratuko.
Prentsaurrekoan zuzendariak azaldu duenez, “thrillerretan bi emakume gazte horrelako egoera batean ikusten ditugunean, hil egingo dituztela pentsatzen dugu”, eta aurrez ezarritako ideia horrekin jolastu nahi izan duela gaineratu du: “Nahikoa indarkeria ikusi dugu zinema-pantailetan emakumeen aurka, eta zerbait desberdina nahi nuen, jokabide matxista hori sexu- eta genero-indarkeriarako sarbidea dela erakutsiz”.
Filmak beldurrezko zinemarekin bat egiten du, baina Greenek azaldu du ez zuela generoari bere horretan heldu nahi: “Australiako eguzkiak gogor jotzen du, argitasun handia du, eta kontrastean tabernaren barrualdean beste muturra esploratzen saiatu gara, atmosfera iluna eta tentsioduna sortzeko. Pelikulan denak tentsioa sortzen du, ikuslea bi neskak noiz hilko, noiz akatuko dituzten zain egon dadin”, azaldu du, eta zehaztu du “beldurrezko generoan topiko asko daude, eta nik hortik atera nahi dut. Genero honetan emakumeak ez dira inoiz heroi gisa tratatu”. Horren aurrean, Green ikusleen “espektatibekin jolasten eta generoaren leloak saihesten” saiatu da, “heroi horien defentsan”. “Jendeari esan nahi diogu horrelako filmak egiteko beste modu bat dagoela, eta emakumeak indartsuak direla”, zehaztu du.
Australiako alkoholaren kulturaz ere aritu da zuzendaria. Izan ere, filmak botila bat edo norbait edaten ikusten ez den plano gutxi ditu; eta, alkoholaren kontuarekin lotuta, filma ikustean australiarrek izan dezaketen erreakzioaren aurrean, Greenek azaldu du Adelaidan filmatu zutela, “batez ere bertako aktoreekin, oso jende jator eta xarmantarekin. Uste dut pelikulan ez dela indarkeria bakarrik ikusten…”. Agertokia ere izan du hizpide Greenek, bere jaioterriko Australiaren edertasuna eta paisaia idor hori filmean integratzeko modua: “Neure buruari esan nion: nola konta dezaket Australiako kulturari buruzko istorio ilun hau eta nola erakuts dezaket aldi berean herrialdearen edertasuna? Portaera iluneko mikrokosmos batzuk daude; urruneko meatze-herri hautseztatu batean gaude; eta egin behar zena egitura bat aurkitzea zen, taberna, eta elementu horiek guztiak batzea. Neskentzako bidaia bat antolatu eta Australiako paisaiaren edertasuna erakustea, kontatzea merezi baitu”. Amaitzeko, Julia Gardner (Hanna, motxileroetako bat eta Ozark telesaileko antzezle ezaguna) aipatu du, The Assistant bere estreinako film luzean ere parte hartu zuena. “Uste dut ekarpen handia egiten diola pertsonaiari, haren garapenari. Tabernara iristen denean, berak ez du han egon nahi, argi eta garbi esaten du, eta lehen eszenetan ondo pasatzen badakiela erakutsi nahi genuen. Gaztea zarenean eta bidaiatzen duzunean, dirua administratzeaz arduratzen den eta erne dagoen pertsona bat egoten da, eta besteek ondo pasatzen dute. Juliak oso begi liluraberak ditu, asko transmititzen du oso gutxirekin”. Beste proiekturen bat buruan ote duen galdetuta, Greenek erantzun du “emakumeen istorioak kontatzen jarraitzea” gustatuko litzaiokeela, “ni ere emakumea bainaiz”.
Sergio Basurko