Seme-alaben hazkuntza nekagarrian eta beherakada profesional batean murgilduta bizi den 40 urteko Isaias (Miki Esparbé) arkitektoaren bizipenak ageri dira Félix Viscarret zuzendari nafarraren Una vida no tan simple filmean.
Malagako zinema jaialdian estreinatu zen filma eta maiatzetik ikusgai egon da zinema-aretoetan. Pozik al zaude ordutik egin duen ibilbidearekin?
Oso gauza polita gertatu da, hedabideetan “kritikaren eta publikoaren adostasuna” esaten diotena. Hori oso dibertigarria da, batez ere arrakasta, porrota, garaipena eta abarrei buruz barre egiten duen pelikula batean eman delako. Oso polita izan da kritikak eta publikoak hain modu sutsuan babestu izana.
Bizitzako une oso berezi baten erretratua izateaz gain (aitatasuna, 40 urteko krisia, gaztaroa atzean uztea), filmak gaurkotasun handia du. Nolakoa izan da belaunaldi baten dilemak islatzea?
Publikodun emanaldietan ikusi dugu belaunaldi desberdinekin konektatzen duela. Oso polita da ikustea nola konektatzen duen emakumeekin, eta nola batzuetan gizonezkoei gehiago kostatzen zaien adin ertaineko krisiaren patetismoaz barre egitea. Oso ondo funtzionatzen du zeren denok egon gara krisi-une horretan, bidegurutze horretan.
Tarteka komedia erromantikoa, tarteka drama... Oso oreka delikatua dago filmaren tonuan. Zein izan da hori lortzeko gakoa?
Horixe zen filmaren apustua, nahiz eta proiektuaren hastapenean denek ez zuten argi ikusten. Fedea izatea ez zen erraza baina niretzako oreka delikatu hori erabakigarria zen filmerako. Pertsonaiak dibertigarriak eta patetikoak dira, baina garrantzitsuena pertsonaia horiek gu guztiongandik hurbil sentitzea zen. Denok senti dezakegu gure bizitza ere horrelakoa dela, hor egon garela. Komediaren eta malenkoniaren arteko lerro fin horretan mugitzen den komedia, nerabezarotik erakarri nauena, zineman arakatzeko modu oso polita da, bizitzatik zerbait duelako. Umore horrek hankasartzeak eta eguneroko borrokak hobeto eramaten laguntzen dizu, baina, era berean, jakin behar duzu galeratik ere badagoela bizitzan. Malenkonia hortik dator, gure bizitzan magia apur bat dagoela baina, aldi berean, ihes egiten digun zerbait ere badagoela sentitzetik. Bizitzak eta denborak ihes egiten digute, eta ez dakigu nora goazen; hor badira esploratzeko gogoa pizten didaten istorioak.
Aldi berean, gainerako pertsonaiak ere euren dilemak bizitzen ari dira, istorioari sakontasuna emanez. Nolakoa izan zen aktoreak aukeratzea eta haiekin lan egitea?
Lau protagonistetatik eta lauron bizi-momentutik zerbait dugula sentitzea da helburua. Enpatiarekin asko jolasten genuen, aktoreek eta nik pertsonaiaz hitz egiten genuen eta buelta asko ematen genizkien pertsonaiei, gutaz zegoena ulertu nahian. Honenbestez, hunkitu egiten zara, barre egiten duzu, zuregana hurbiltzen duzu, eta, azkenean, ezagutzen duzun norbait bezalakoa da. Oso prozesu polita izan da pertsonaiak ulertzea, norberak bere buruarengana hurbilduz.
Protagonista arkitektoa den aitzakiarekin, hiria beste era batera begiratzeko aukera ematen du filmak, modu estilizatuago eta pausatuago batean. Bere bizitza frenetikoari kontrapuntua ematea bilatzen zenuen?
Egunerokotasun eta hondamen sentsazio horren ondoan magia egotea beharrezkoa zen. Hiriari, elkartzen gaituen lekuari eskainitako poema bat dago lan honetan. Bilbon filmatu zen baina izan zitekeen edozein hiri ere, hiriek daukaten alderik poetikoena edo magikoena erakutsi nahi genuelako, batez ere gauez. Protagonistak hiri magiko horri forma ematen saiatzen diren arkitektoak izatea bitxia zen. Postaletako irudirik agerikoena saihesten ibili ginen eta gure egunerokoan nolabaiteko magia izan dezaketen txoko horiek bilatu genituen, ez-lekuak, gutako bakoitza bizi garen tokia izan zitekeela pentsarazten diguna.
Irene Elortza Gereño