"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Josu Martinez zinemagileak bi film aurkeztuko ditu aurtengo Zinemaldian. Lehena, Bizkarsoro, gaur proiektatuko da estreinekoz. Bigarrena, Miranderi buruzko dokumental bat, etzi pantailaratuko da.
XX. mendeko euskaldunen bizipenen inguruko filma da Bizkarsoro, Macondo edo Obaba bezalako alegiazko herri batean kokatzen den abentura kolektiboa.
Fikziozko herri bat asmatu duzu errealitate latz bat erakusteko, XX. mendeko Ipar Euskal Herriko euskaldungoaren jazarpena. Zergatik gerturatu zinen gai honetara?
Gizartean, iparraldean zein hegoaldean, oso barneratuta dago euskara egoera kaskarrean dagoen hizkuntza ahul edo zaharra delaren ustea. Euskara, nolabaiteko heriotz natural batez ari dela hiltzen, eta txikitzen joan dela historian zehar. Nik egiten dudan galdera da: nola hiltzen da hizkuntza bat? Uste dut, idazle batek esaten zuen bezala, “artseniko aztarnak” aurkituko genituzkeela gure hizkuntzan, esan nahi da, ez dela heriotza natural bat, baizik eta hilketa programatu bat. Nazioen eraikuntzan, eta hemen zehazki, frantziar estatua eraikitzen zen heinean, euskara hizkuntzatzat zuen jendea lotsarazi egiten zen, eta ideologia bat inposatu non, agidanez, bada hizkuntza bat kulturarena dena eta beste bat inkulturarena edo analfabetismoarena. Eta gizartean eta bizitzan norbait izateko, euskaldun izateari utzi behar diozula eta beste hizkuntza batera pasatu. XX. mendean herri txikiak asko gurutzatu ditu gatazka horrek eta hori kontatu nahi nuen. Alegiazko herri batean kokatuta eta, nolabait, XX. mendea gurutzatuz; zeren XX. mendea izan zitekeen euskara desagertu zen mendea. Baina euskaldunok bizirik atera gara hortik.
Zapalkuntza hori bost garai desberdinetan islatzen da filmean, hasi 1914ean eta 1982ra arte, baina kontakizunak jarrai zitekeen.
Uste eta ideologia hori oso errotuta daude gizartean. Badaude hizkuntza handiak eta txikiak, inportanteak eta ez inportanteak, kulturako hizkuntzak eta mendiko hizkuntzak, eta horrek guztiak ez dauka inolako helduleku zientifikorik. Horren atzean botere harremanak daude. Agian gaur egun ez da horren agerikoa nolako forma hartzen duen, baina ideologia horrek segitzen du oso presente egoten. Alde batetik, normala dena dago, eta, bestetik, besteak dira bereziak, anormalak direnak, edo politika egiten dutenak.
Memoria-ariketa bat egin nahi al zenuen?
Historia hori kontatu nahi dut interesagarria delako, ez bakarrik Euskal Herrian baita kanpoan ere. Mundu osoan horrelako arazoak leku askotan daude: hizkuntza minorizatuak, kulturen desagertzea, akulturazioa... Iruditzen zait gure kasuan inportantea dela hau kontatzea zeren eta euskara bizi dadin nahi dugunok halako pesimismo batekin ikusten dugu nola jendeak ez duen euskaraz egiten. Erabilera baliagarritasunak ekarriko lukeela esaten da, baina uste dut jendea emozionaletik erakartzen dela. Nondik gatozen kontatu behar da zeren, azken finean, gure imaginarioa horrela eraikitzen baita.
Proiektu komunitario bat izan da, Baigorriko jende ugari inplikatu duena. Nola joan zara egitasmoa eraikitzen?
Herria oso inplikatuta egon da hasieratik. Aktoreak euren aita-amen eta aitona-amonen azalean jarri dira eta oso ederra izan da. Ez dut deus asmatu, denak dira herrian bildutako istorioak. Askok ez zituzten ezagutzen eta haurrentzako oso bortitza izan da bat batean ohartzea euren aurrekoek zer bizi izan zuten. Shock txiki bat izan da. Batzuetan uste dugu oraingo egoera betidanik izan dugula baina hori guztia, daukagun apurra (euskal zinema, euskal eskola, euskarazko hedabideak…) borroka baten fruitua izan da eta uste dut hori ezagutu beharra dagoela.
Irene Elortza Gereño