"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Les chevaliers blancs filmarengatik zuzendaritza onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi eta zortzi urtera, Joachim Lafosse Ofizialean lehiatzera etorri da berriz ere. Oraingo honetan, isilpean gordetzen diren gertaerek eztanda egiten dutenean etortzen diren tragediak hizpide dituen film batekin.
Lafossek azaldu duenez, Belgikan jazotako pedofilia kasu erreal batean du oinarri filmak: “Gertakari hau barruraino iritsi zitzaidan eta une batean ohartu nintzen aukera ematen zidala krimen honen pozoira iristeko. Eta pozoi horren inguruan dagoen guztia, lotsa, eta horrek sortzen dituen ondorioak”.
Ikuslea protagonistak epaitzera eraman nahi izan ez duela azaldu du zuzendariak. Eta gidoia lantzean hori kontuan hartu duela: “Gidoian hitz gutxi daude, baina idazketak badu zerikusia isiluneekin, keinuekin... gauza batzuk ikusarazi behar dira, pertsonaiek zer bizi duten erakutsi behar dut antzezleen bidez”, azaldu du.
Filmatzen hasi aurreko entseguetan Devos antzezle nagusiarekin izan dituen elkarrizketa eta eztabaidak nabarmendu ditu, berea baita, zuzendariaren hitzetan, pertsonaiarik konplexuena: “Senar pedofiloa (Auteuil) ez da gehiegi aldatzen, hori da bere logika perbertsoa.
Baina Astrid emaztea (Devos) heroia da; jarrera aldaketa bat hartzen du; bere pasibitatea utzi egiten du familiaren egonkortasuna pitzatzen ari dela ikustean. Bera baitzen familian gordetzen ziren sekretuen eramalea”.
Antzezleek ere hitz egin dute euren pertsonaiez. Devosek Lafosserekin eztabaida ugari izan zituela berretsi du, horrek filmari ekarri dizkion onurak goratuz. “Istorio guztia hainbatetan errepasatu genuen... metodologia horri jarraituz ikusi egin baitugu nola hobetu genezakeen filma”. Ama-semeen rolek “prestakuntza ikaragarria” eskatu dutela ere nabarmendu du Devosek.
Bere aldetik, Matthieu Galloux aktore gazteak, zinemaren munduan izan duen lehen esperientzia denez gero konparaketak egiteko baliabiderik ez duela esan du, “baina esan dezaket espontaneitatea baliatu dudala, nire rolean inportantea dela uste dudalako. Nire modura antzezten ahalegindu naiz», adierazi du.
Nolanahi ere, azkenean, “isilean gordetzen diren sekretuak beti azaleratzen dira”, amaitu du Lafossek.
Sergio Basurko