"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Atzo IX. EZAE saria eman zioten La vida padre filmari, 2022an Euskadiko aretoetan ikusle gehien izan zituen euskal ekoizpena izateagatik. Emanaldian adierazi zutenez, arrakastatsuena izateaz gain, euskal ikusleei barre gehien eragin zietenetako bat izan zen.
Pandemia kolpe latza izan zen industria zinematografiko osoarentzat, baina banatzen joan diren laguntzei esker poliki-poliki suspertu da. EZAEko presidente Alfonso Benegasen arabera, uda honetan zinema-aretoak bete dira. “Aurten, aretoak iaz baino % 46 gehiago bete dira eta 2019an baino % 17 gehiago, eta hori oso albiste ona da sektorearentzat”.
Euskadiko zinema-aretoen elkartea (EZAE) Euskadiko zinemak mantentzeko eta aretorik ez ixteko konpromisoarekin sortu zen. Bederatzi urte geroago, konpromiso horrek indarrean jarraitzen du eta, gainera, sektore zinematografiko ezberdinak batzeko konpromisoa hartu dute. Hori erakutsi nahi izan dute ekitaldi berean Cinco Lobitos filmari I. Gure Zinema saria ematean. “Euskal sektore zinematografikoari egindako ekarpenagatik eta kritikatik eta ikusleengandik jasotako erantzun bikainagatik”.
Iratxe Martínez