"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Amat Vallmajor del Pozo zuzendariaren lehen film luzeak, Misión a Marte sailkaezinak, fikziotik, dokumentaletik, esperimentutik eta etxean egindako artisau ekoizpenetik asko dauka. 80ko hamarkadan fanzineak sortzeko beharrezkoak ziren osagaietako asko erabili ditu egile katalanak: atrebentzia, oinarrizko bitartekoak, punk musika eta lagun talde txiki bezain leiala.
Zinemaldiaren baitako WIP Europa programak bultzatutako proiektua gauzatuta eta film bihurtuta itzuli zara Donostiara. Nola bizitzen ari zara esperientzia?
EQZEren Sorkuntzan masterreko ikasketen baitan sortu zen filma. Ikasketak amaitu nituenerako lanaren erdia filmatua nuen gutxi gorabehera. Ondoren, eskolaren laguntzarekin, hurrengo urtean amaitu nuen filmaketa. WIP Europaren parte izan zen eta bertan lehen aldiz proiektatu zen zati bat. Hasiera indartsua izan zen filmarentzat, Donostia Zinemaldiko zigilua zuelako. Hortik beste bi WIP Europarengana joan zen urte hartan. Muntaia eta soinua bukatzea lortu genuen horrela eta Xixongo FICX jaialdian estreinatu zen; hortik beste jaialdi batzuetara joan da (IndieLisboa, Bartzelonako D`A…) berriro Zinemaldira iristeko.
Ziklo osoa egin du eta zirkulua Donostian ixten da. Urduri baina gustura nago, niretzat dena berria eta berezia delako. Etxeko filma denez gero, hain artisau eta familiarra, Zinemaldia bezalako leku batean egotea eta zinema-aretoetan aste honetan estreinatuko dela jakitea erokeria iruditzen zait!
Road trip aluzinagarria zuzendu duzu, nola sortu zen filmaren ideia?
Nire osabak (Txomin eta ‘Gene’ del Pozo) grabatzea zen ideia nagusia. Filmatu nahi nituen “pertsonaiak” direlako eta asko maite ditudalako. EQZEn ideia bat aurkeztea eskatzen zidaten, eta, nire heldugabetasunean, banekien zerbait filmatu nahi banuen zalantzarik gabe defenda nezakeen zerbait izan behar zuela. Eta, zer hoberik horretarako prest zegoen nire familia baino! Hor hasi zen ideia garatzen eta beraiengana hurbiltzen hasi nintzen. Eibarren, euren herrian, grabatu nituen pasarte batzuk. Gero, film bat egitea erabaki genuen, osabak errepidean grabatu eta kontakizunari ukitu distopiko eta surrealista bat emanda.
Euskal Herria eta Katalunia artean osabekin bidaian joaten nintzenean oso dibertigarria izaten zen, bidaia osoan hitz egiten zutelako eta istorio zirraragarriak kontatzen zituztelako. Hortik aurrera, bizitza bere bidea urratzen joan zen filmean. Ezusteko gaixotasun bat agertzen da eta errealismo horretatik ere edaten du filmak. Horrek samurtzen du filma, nahiz eta punk eta kañeroa izan.
Ez-ohiko formatua aukeratu duzu, 16 mm eta zuri-beltzean.
16 mm-tan filmatzeak atentzioa eman dit beti. Digitalean filmatzeko moduarekin alderatuta, gehiago gustatzen zait. Material mugatuarekin filmatzeko modu horrek tentsio moduko bat sortzen du filmatzean, eta tentsio hori magikoa da. Ez da antsietatea, baina badakizu bi hartualditan irten egin behar duela. Orduan, jende guztia kontzentratzen da, garrantziaz jabetzen da eta badaki material filmikoa errespetatu egin behar dela. Horrela ikasi nuen eta gustatzen zait. Gainera, estetikoki, zeluloideak badu zerbait magikoa. Hain pikortsua eta zuri-beltza izatearen arrazoia eskolan bertan errebelatu genuelako da, zuri beltzean bakarrik errebelatzen zuen makina zahar bat dagoelako. Uste dut asmatu dugula. Ondoren, geuk digitalizatu eta eskaneatu genuen eskolan. Beraz, artisau film bat da.
Irene Elortza Gereño