"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Zinemaldia bere kultur aniztasunagatik nabarmentzen da eta bere film programazioan munduko toki guztietako ekoizpenak aurki ditzakegu. Ikuslearentzat zinema mota ezberdinak ezagutzeko aukera bat dena pelikularen taldearentzat buruhauste bat izan daiteke. Hauxe gertatu zaio Diwa Shah zuzendariari (India, 1995). Bere filmak Indiara lan egitera joaten diren Nepalgo migratzaileen bizitzara hurbiltzen gaitu. India-Nepal gurutzaketa kultural hori da filmaren umore-ukituaren osagai nagusia. Baina mugak gainditzen dituen umorea al da?
Mundu osoan estreinatu da filma. Zer sentitzen da lehen film luzea aurkeztean?
Oso hunkigarria izan da. Alde batetik, ohore handia da. Indiako industrian ez daude emakume askorik kameren atzean. Gidoilari eta zuzendaria naiz gizonen mundu batean. Gainera, filmak ez du aktore ospetsurik, eta horrek ekoizleen lana zailtzen du, finantzaketa aurkitzeko oztopo bat baita. Honaino iristeak zailtasunaz izan arren lortu dugula esan nahi du.
Aretoa beteta zegoen eta jendearen erantzuna oso abegikorra iruditu zaigu. Oso eskertuta sentitzen naiz. Filmaren esentziaren zati handi bat hindieraz edo nepaleraz hitz egiten dutenean egiten dituzten txantxak dira, orduan beldur ginen hitz-joko horiek ezin izango zirela eraman Zinemaldiko ikusleentzako gaztelaniazko edo ingelesezko azpitituluetara.
Lortu al duzue umore hori arrakastaz helaraztea?
Bai! Zoragarria izan da ikusleen harrera! Algara asko entzun ditugu. Ingelesezko azpitituluetan hau egin dugu ñabardura horiek erakusteko: nepaleraz hitz egitean, azpitituluak letra biribilean agertzen ziren eta hindieraz hitz egitean, azpitituluak letra etzanez agertzen ziren. Gaztelerazko azpitituluetan, beste aldean, hau egin dugu: nepaleraz hitz egitean, gaztelera informalagoa erabiltzen zuten eta hindieraz hitz egitean, gaztelera formalagoa. Ikusleen erreakzioa zuzenean bizi ahal izan dugunez, badakigu gure asmoa lortu dugula.
Baina dena ez da umorea Bahadur the Brave filman.
Ez, txantxen atzean istorio gogorra ikusi daiteke. Film honetan oso gai delikatua jorratzen da: pandemiak nola eragin zien Nepalgo migratzaileei, zehazki eramaileei, hau da: salgaiak eramaten lan egiten dutenei. Nepaldarrek oso lan gogorrak onartzen dituzte familiari dirua bidaltzeko. Koronabirusagatik mugak itxi zirenean, oso zaila izan zitzaien beren herrialdera itzultzea. Etxera itzultzeko garraioa lortu zutenek mugak itxita aurkitu zituzten. Ez zieten sartzen utzi.
Eta pertsona horiek oso gaizki pasatu zuten.
Bai, asko. Pertsona horiek bakarrik zeuden, familiarik gabe, beraiena ez den herrialde batean. Hori errealitatean gertatu zen eta nik ikusi nuen. Izan ere, Hansiren pertsonaia benetako norbaitengan inspiratuta dago eta bera filma ikusteko irrikan nago.
Horrez gain, pelikulan ikus daiteke zein baldintza gogorretan bizi diren garraiolariak.
Migratzaile asko elektrizitaterik gabeko espazioetan bizi dira, baldintza txarretan, ghetto beltzak dira literalki, zuzien keak dena beltzez tindatu duelako. Argia lortzen baduzu ere, dena ilun dago hain beltzak daudelako hormak eta. Irabazten duten guztia familientzat da, orduan ghetto hauetan bizitzea da beraien aukera bakarra.
Miresgarria da, orduan, hain baldintza gogorretan irribarreetarako tartea aurkitzea.
Garrantzitsua da beti zoriontasuna bilatzea. Haiek beti egiten dute, baita lanegun luze baten ondoren. Hori azken eszenan ikusten da batez ere, ikusleak pozaren eta tristuraren kontrastea ikus dezake hartualdi luze batean.
Ez dugu gehiago esaten spoilerrik ez egiteko.
Filma ikusi behar dute!
Iratxe Martínez