"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Arraro egiten da Ricardo Aldarondo elkarrizketatzea, beti elkarrizketatzailearen aldean izan baita kazetari eta zinema-kritikari donostiarra. Aiortzen du poz handia hartu zuela Rebordinosek New Directors-eko epaimahaikide izateko deitu zionean: “Hainbeste urte Zinemaldiaren inguruan kritikari gisa, nahiz barruan, zuzendaritza- eta hautespen-batzordeko kide izanez, baita prentsa-buru ere; eta orain, berriz, talentu berriak deskubritzeko aukera eman didate. Ez dago zirkulua biribiltzeko modu hoberik”.
Zuzendari berrien atal honen ezaugarrietatik zinemaren etorkizunerantz begiratzeko zabaltzen den zirrikitua azpimarratzen du Aldarondok. “Oso polita da pelikula bat aurretiko erreferentziarik gabe ikustea -iritzi du-, aurreiritzirik gabe, begirada garbiarekin. Egile berri baten filmak ez du zertan perfektua izan beharrik, nahiko da liluratzen zaituen zerbaiten printzak, distirak antzematea. Hartara, zinemagile berri baten lana biribila ez izan arren, asmoa ona bada, balekoa iruditzen zait”, epaitu du epaimahaikideak.
Gaur egungo zinema joera, posibilitate eta teknika berrien amalgama bat da, aitzitik, Aldarondoren ustez: “zuzendari berriek duten arriskuetako bat klasikoen garrantzia bazter uztean datza. Zenbait gazteren ezagutza film garaikideetara mugatzen da, zinema Indiana Jonesekin hasi zela uste dute. Eta inoiz deskuiduan John Ford edo F.W. Murnauren filmaren bat ikusten badute, zur eta lur geratzen dira orain mende bat egiten zen zinemaren modernotasunari erreparatuta”. Hala, zinemaren maisuetatik ikasitakoa baliatuz obra berritzaile bat egitea zer den jabetzeko Scorseseren edo Tavernierren lanak ikustea gomendatzen du zinema-aditu donostiarrak.
Bere gaztaroan liluratu egin zuten Iván Zuluetaren Arrebato filma edo beranduago Laurent Canteten Ressources humaines bezalakorik aurkitzea ez du espero, alabaina, “lan berrien artean liluratzen nauen film bakar bat aurkitzen badut, nahikoa da”.
Horrez gain, New Directors sailak biltzen dituen mundu zabaleko askotariko begiradak eta egikerak nabarmentzen ditu. Eta ez du aipatzeke utzi nahi azken urteotan kultura munduan eta gizartean oro har “zorionez gailentzen ari den emakumeen berezko begirada”.
Sergio Basurco