Norberak nahi dituen errekuerdoak hartzen ditu erreferente pelikula bat ikusterakoan. Eta errekuerdo horiek, erreferentzia horiek, ez dute zertan egokiak izaterik. Ez egokiak ez zilegiak. Direnak dira eta zure baitan daude katramilaturik. Neuronetan erraietan nola Suna no onna-ren aurrean, gutako ez dakit zenbaiti Robin Hardyren The Wicker Man/El hombre de mimbre etorriko zaigu burura. Ez galdetu zergatik. Bai, ez dira film garaikideak, ez dute ezer mankomunean baina nork, zerk agintzen du gure erreferentzietan?
Giroa, giroa da kulpantea konexio aldrebes honetan. Giro gaiztotua, giro deabruzkoa, demonio guztien meneko den giro hori. Eta ez naiz ilunabarreko edo dimentsio ezezagunetan aterpe duten demonioei buruz ari ( ari banaiz ere) gizatiarren inguruan baizik. Gizatiar maskaradunak. Eerki dakizue Oscar Wilderen aburua, maskararen gainekoa, inori bat emanez gero, sekula azalduko ez lizukeen egia erakutsiko dizu begi bistan, itzalik gabe.
Hiroshi Teshigahararen Woman in the Dune (Cannesen saritua, Oskarretan finalista) ikusterakoan, ukitzerakoan, mastekatzerakoan igual, akaso, agian, apika, batek daki David Leanen Arabiako Lawrence-kin eta Lynchen/Villeneuveren Dune biekin gogoratuko zarete. Zergatik? Izan leike Dune hitzak beti lotu izan dugulako Frank Herbert-en nobelarekin. Izan leike gutako askok basamortua nolakoa irudikatu genuen lehen aldia Omar Sharif urruti urrutitik oso urrutitik eta pixkanaka-pixkanaka kamerara, guregana hurbiltzen deneko hura delako.
Ederra ere (nahiz eta batek daki egokia ala ez) arras, oso erabat haragizkoa den pelikula honek eragiten duen beste erreferente/gogoeta. Hamaika ezina gainditu izan zuen Teshigaharak behin eta berriro aitortu zuen bizitzan zehar ez zuela harea filmatzen lortu. Hain zen… mugikorra, hain ziren bere itxura eta formak iragankor eta aldakorrak, hain ziren irristakorrak, hauskorrak, amilgarriak hareazko pareta igoezin horiek...
Polita da Hiroshik sumatu zuen ezin hura zure egitea hain fisikoa den film honen parean zaudela. Polita bezain krudela. Ikusi eta gero, hondartzara joango zaren hurrengoan bestelako eraz begietsiko duzu hondarra... Sagai-sagai den piztia balitz bezala.
Film horrek hartua zarela, mila sentsazio kontrajarriak antzemango dituzu burmuinetan zein hezurretako mamian, zein nerbio-bukaeretan. Akordatuko dira zure hezurrak Sisifo mitoarekin. Akordatuko dira zure pentsamenduak Buñuelek intsektuei zien miraz Teshigahararen pelikularen protagonista, entomologia gogokoa izan bainoago, entomologia gailurrera iristeko bitarteko nahi duen Tokioko eskolako irakasle arrunt bat baita.
Akordatuko da zure ukimena hareaz zipriztinduriko gorputzen testuraz, testurez; akordatuko zure eskuak harea alez jositako urez garbituriko hanken ukitu lakarraz. Harritu/piztu/ dar-dar bero egingo du zure sexuak filmari darion erotismo desesperatuarekin. Behin baino gehiagotan Teshigahararekin kolaboratu zuen Hiroshi Segawak zeluloide zuri beltza erabiltzeko, argitzeko, iluntzeko duen abilezia hilgarri eta distiratsuak seko itsutuko zaizu eta ulertuko duna madarikatu horren gainean dauden giza fantasma horietako batzuek zergatik dituzten bendaturik begiak…
Ziento bat konturen lekuko, biktima eta aktore izango zara Woman in the Dune-k dirauen 147 minutuetan zehar. Bukatzean, penaz ikasiko duzu inspirazio, ardatz, oinarri duen Kobo Aberen nobela ikaragarria zaila izango zaizula aurkitzen liburu-denda digitaletan. Nola edo hala lortuko duzula, baietz. Bitartean, bila ezazu sare musikal guztietan soinu banda eratu zuen Tôru Takemitsuren berri. Ba al dakizu Joyceren Finnegans Wake mirai estrainioaren lehenbiziko hitza erabili zituela Tôruk bere 1984ko piano eta orkestrarako kontzertua izendatzeko? Ba bai, Riverrun (Riverrun, pastEveand Adam’s, fromswerve of shore to bend of bay...)
Woman in the Dune...Malurus. Hondarrean borrokan, gladiatoreak nola. Alferrik, Sisifo antzean.
Begoña Del Teso