"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
2019az geroztik, Donostia Zinemaldian programatzen diren eskola-zinemako saioek DIPCren eta Euskadiko Filmategiaren lankidetza dute. 80 bat ikastetxetako 13.000 ikasle baino gehiago joango dira Belodromoko sei saioetara, goizeko ordutegian, irailaren 22an (ostirala) eta irailaren 25etik (astelehena) 29ra (ostirala).
Aurten, Ikastetxeak Belodromoan ekimeneko saioek historiaurrera bidaiatzeko eta sumendiak hobeki ezagutzeko aukera emango dute, ikasleei zientziaren irudi positiboa helarazteko eta Donostiak ikerketa zientifikoarekin duen lotura handia erakusteko.
Belodromoko pantaila erraldoian Boonie Bears: abentura historiaurrean filma euskarara bikoiztuta emango da, Leon Dingek zuzendutako animazio-filma. Emanaldiarekin batera, sumendien inguruko aurkezpen berezi eta dibertigarri bat egingo da.
Janire Prudencio Granadako Unibertsitateko bulkanologoa etorriko da gonbidatu gisa. Prudenciok 20 sumendi aktibotan baino gehiagotan lan egin du, Japoniatik Antartikara, baita Islandiako eta La Palma uharteko azken erupzioetan ere. Horri esker, sumendien fenomenoa oso ondo ezagutzen du. Bere lana sumendien barne-egituraren azterketan eta sumendien erupzioen aitzindariak identifikatzeko adimen artifizialeko tekniken aplikazioan oinarritzen da. Prudencio arduratuko da sumendien artean izandako bizipenak Belodromoko umeekin partekatzeaz.
Sergio Basurko