"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Zinemaldiaren 71. edizio honetan, Zinemirak fikziozko eta ez-fikziozko bederatzi film hartuko ditu bere baitan. Horietatik hiru, mundo estreinaldia izango dute Donostian, eta, ondorioz, Zinemaren Irizar Saria irabazteko hautagai izango dira. Guztira, bost ekoizpen lehiatuko dira saria eskuratzeko, izan ere, Isabel Hergueraren El sueño de la sultana animazio-filma (Sail Ofizialean) eta Bertha Gaztelumendi eta Rosa Zufía zuzendarien Arnasa betean, emakume zinegileak ere sarirako hautagai dira. Azken hori irailaren 26an Victoria Eugenia antzokian emango da, Euskal Zinemaren Galan.
Fermin Muguruza Bidasoa 2018- 2023 dokumentalarekin itzuliko da Zinemaldira. Pertsona migratzaileek Europara iristeko egindako bidaia eta mugak eragindako egoera dramatikoak dira musikari eta errealizadorearen lan berriaren ardatzak. Muguruzak Zinemaldiko hainbat sailetan erakutsi izan ditu bere lanak, hala nola Zabaltegin (Zuloak, 2012), Zinemiran (Black is beltza, 2018) eta Belodromoan (Black is beltza II: Ainhoa, 2022).
Zinemirako aspaldiko ezaguna da Josu Martinez zuzendaria ere. Aurreko edizio batzuetan Sagarren denbora. 25 urte deserritik itzultzen (2010), Jainkoak ez dit barkatzen (2018), Caminho longe (2020), eta Paperezko hegoak (Alas de papel, 2021) filmak aurkeztu zituen. Aurtengoan, bi filmekin parte hartuko du Zinemira sailean: batetik, Bizkarsoro alegiazko herri batean kokaturiko bost istorio errealez osatutako fikziozko lana; bestetik, Mirande, film baterako zirriborroa –oraindik polemikaz inguratuta dagoen Jon Mirande idazlearen bizitzaz eta lanaz hausnartzen duena.
Zinemaldian eman aurretik estreinatu direlako lehiaketaz kanpo egon arren, beste sei filmek osatuko dute Zinemira saileko programazioa. Estibaliz Urresolaren 20.000 especies de abejas filmak emango dio hasiera sailari, gaur bertan. Egilearen lehen film luzea Berlinalean estreinatu zen eta Sofía Oterok antzezle protagonista onenaren Zilarrezko Hartza irabazi zuen. Geroago, sari eta aitortza ugari jaso ditu filmak.
Lehiaketaz kanpo emango dira baita ere Paul Urkijo Alijoren bigarren film luzea, Irati, Publikoaren Saria eraman zuena nola Sitgesen hala Donostiako Beldurrezko Zinemaren Astean; Las buenas compañías, Sílvia Munt aktoreak zuzendutako bigarren film luzea; EQZEko ikasle ohia den Amat Vallmajor del Pozoren Misión a Marte, Xixongo zinema-jaialdian aipamena lortu zuena; Tetuán, Iratxe Fresnedaren lan berria, hainbat jaialditan emana, hala nola Xixonen, Zinebin eta Nantesen; eta Félix Viscarreten Una vida no tan simple, Malagan emana.
Parte-hartze anitza
Guztira 19 lanez –15 film luzez, film ertain batez, film labur batez eta bi telesailez– osatuta egongo da Donostia Zinemaldiaren 71. edizio honetako euskal parte-hartzea, sail hauetan banatua: Sail Ofiziala, Donostia Sariaren Emanaldi Bereziak, Zabaltegi-Tabakalera, Made in Spain, Zinemira, Belodromoa eta Euskal Zinemaren, EiTB eta RTVE galak.
Zinemira Kimuak ekimenean, berriz, zazpi lan aurkeztuko dira: Deadly Draw (Sorteo mortal) (Nitya López), El aprendiz (Raúl Campos), El rey de la semana (David Pérez Sañudo), La mujer ilustrada / The illustrated woman (Isabel Herguera), Prioridades / Priorities (Tamara Lucarini), Sorbeltza (Iban del Campo) eta Ximinoa / The monkey (Itziar Leemans).
Irene Elortza Gereño