"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Sail Ofizialaren lehia itxi duen Great Absence filmaren prentsaurrekora Kei Chika-Ura zuzendaria eta Tatsuya Fuji aktore beteranoa agertu dira Urrezko Maskorra eskuratzeko intentzioarekin.
Gidoiaren inspirazioari buruz, bi gertakari zehatz azaldu ditu zuzendariak: “2020ko apirilean pandemia etorri zen mundu guztiarentzat, eta nire aitak dementzia izan zuen; bi gertakari horiei helduta abiatu nuen idazketa prozesua: hala ere, ez da benetako kontakizuna”.
Japoniar gizartean dementziaren arazoak duen garrantziaz galdetuta, ohikoa den arazo soziala dela esan du zuzendariak: “Estatistiken arabera, Japonia da mundu mailan dementziaren ehuneko altuena duen herrialdea, eta zentzu horretan pentsa genezake Japonian kezka handiko arazoa izan daitekeela. Gero eta gehiago bizi gara, eta gaixotasun horrek bizi itxaropenarekin du zerikusia”.
Pertsonaia nagusia antzezten duen Tatsuya Fuji japoniar aktore handia da; esate baterako, bera izan zen Nagisa Ôshimaren Aio no korida (Zentzumenen inperioa) film mitikoaren protagonista. Great Absence-n egokitutako pertsonaiari buruz, zera dio: “Nire pertsonaia ez da zaila izan antzezteko, pertsonaiak xurgatu egin nau antzezle gisa, kontrolpean izan dudan pertsonaia bat izan dela iruditzen zait”. Gaineratu du, bere ilunabarrean film garrantzitsua izan dela, eta esperientzia “guztiz positiboa” izan duela.
Filmeko ikus-alderdiaren inguruan, Yutaka Yamasakirekin, Hirokazu Kore-edaren ohiko argazkilaritza zuzendariarekin, lan egin duen bigarren aldia dela azaldu du Chika-Urak, eta kontatu du bapo moldatu zirela: “Argibideak ematen nizkion, kameren posizioak zeintzuk ziren eta nola nahi nuen lan egitea, eta berak, bere ideiak esaten zizkidan, hartu-eman estua egon zen gure artean”. Filma amaitutakoan, mezu bat bidali zion Yamasakik, grabaketa “erabat kitzikagarria” izan zela, eta emaitza “Yamasakiren estilo purua” ez bazen ere, ederra gelditu zela kontatzeko.
Chika-Urak aitortu du pandemiaz geroztik Japonian publikoa zinema aretoetara itzultzen ari dela, eta hori pozgarria dela: “gaur egun oso erraza da ikus-entzunezkoak etxeko pantailan ikustea, baina filmak komunitatean ikusi behar dira, pantaila handian, zenbat eta handiagoan hobe. Nik filmak pantaila erraldoietan ikusteko modukoak egin nahi ditut”, ziurtatu du.
Sergio Basurko