Arrazakeriaren kontrako borrokak zeharkatzen du Fermin Muguruza musikariaren eta zinemagilearen lana, betidanik. Zinemaldian aurkeztu zituen Black is Beltza proiektuen ildo nagusia ere bazena, bere erraietan sufritu izan du aspaldian, muga baten ondoan bizitzeak auzia etxe ondora ekarri dio eta. Izan ere, 2021etik, zazpi pertsona hil dira Irun eta Hendaia arteko Bidasoa ibaiko uretan itota, eta beste hiruk bizia galdu zuten Ziburun tren batek harrapatuta. Hiru urte lehenago Frantziak muga itxi eta kontrolak ezarri zituen Europako gainontzeko herrialdeetara pertsona etorkinen sarrera eragozteko. Orduz geroztik, Bidasoako muga naturalaren pasagunearen itxiera horrek sarraskia eragin du.
Muguruzak Irun inguruan politika arrazisten kontra egiten ziren mobilizazioetan parte hartzen zuenean sarritan elkartzen zen Gari Garaialde argazkilariarekin. “Harrera Sarea eta Bidasoa Etorkinekin elkarteetako jendea ezagutzen nuen baina Gariren lanak berebiziko garrantzia zuela iruditzen zitzaidan, izan ere, gu iristen ez ginen lekuetara heltzen zen bera, eta begiak jartzen zituen han”, adierazi du filmaren egileak. Egun batean, Ferminen etxeko sukaldean bilera egin zuten eta dokumentalaren ideia mahaigaineratu zion Muguruzak: “Inpotentzia izugarria sentitzen nuela eta proiektuan bere partaidetza argi ikusten nuela esan nion”. Garaialdek ez zuen zalantza izpirik, egin beharra zegoen.
Dokumentalak, ibaiaren bi aldeetako hainbat ekintzaileri ahotsa eta aurpegia ematen die, hala nola, Harrera Sarea eta Bidasoa elkarteetako ordezkariei, Aintzane Lasarteri (euskal errefuxiatuen alaba) eta Anaitze Agirreri. “SOS Arrazakeriako kide eta unibertsitateko irakasle Anaitzek sekulako diskurtsoa du eta dokumentalerako gakoa zela ikusi nuen”, dio Muguruzak, “behin eta berriz esan zigun mezu positiboa eman beharra zegoela”. Eta, batik bat, nondik ez jo utzi zien argi eta garbi.
Proiektura bildutakoak
Harrera Sareako kide Alaine Arabururen laguntzarekin joan ziren dokumentazio lana osatzen. Bien bitartean, bestelako protagonistak ezagutzen eta proiektura biltzen jarraitu zuen Fermin Muguruzak. Boli Kostatik etorritako eta Irungo bizilagun den Essoh Romeorekin kontaktatu zuen eta baita dantzaren bidez ahaldundu den Pilar “Janela” gaztea ere. “Bost pertsonaia nituen, beraz, baina, bat batean, bilera batean nengoela, Amets San Millan gaztea iritsi zen, bere bizikletarekin, mugan sufritu zuen jazarpen esperientzia bat haserre biziz kontatzen”, dio egileak, “dokumentalean sartu zitzaidan eta narratzaile lana eman nion”. Berak josten du dokumentalean kontatzen den errealitatea.
Baina, denen gainetik, bizia galdu duten hamar pertsona etorkinen inguruan taxutzen da filma, lanaren bizkarrezurra haiek baitira; izena, adina, egindako bidaia eta ametsak, hildako kopuru hotzen atzean dagoen istorioa eta pertsonak ezagutuz, tragedia testuinguruan jarri eta Bidasoa ibaiari egozten dioten maltzurkeria uxatu nahi zuen egileak. “Hedabideek ‘Bidasoa, hiltzen duen ibaia’ esaten badute ere, ibaiak ez gaitu hiltzen, ez gaitu banatzen, elkartu egiten gaitu; Bidasoaren bi ertzek besarkatzen zaituzte, ibaia bizitza da”, adierazi du. Bidasoaren bazter horiek ondo ezagutzen dituen Gari Garaialde argazkilariak dioenez, “ibaian hiltzen dira baina ez da ibaiaren ardura, hori erakustea oso garrantzi tsua da”. Dokumentalarekin ideia hori neutralizatzeko asmoa eta itxaropena du egileak.
Drone bidez hartutako irudiei esker islatu nahi izan du Muguruzak Bidasoaldeko eremuaren edertasuna eta batasuna. “Zerbait ederra egin behar genuen, dokumentalaren bidez Bidasoa ibaiari amodiozko kanta bat egin nahi genion, bizitza delako”, azaldu du zinemagileak. Musikari ere berebiziko garrantzia eman dio egileak, musikaria den aldetik. Bidasoaldeko musikari askoren kolaborazioa lortu du Muguruzak filmaren soinu banda osatzerakoan. Petti, Sonakay, Bad Sound System edo Dut bezalako musikarien ekarpenez gain, Willis Drummonden Bidasoa abestiak pisu handia hartzen du filmean, gaiari estuki lotutako hitzak baititu.
Amorrutik eta maitasunetik sortutako proiektua da Bidasoa 2018-2023, epelkeriarik gabekoa eta gauzak argi eta garbi esateko premia larritik jaiotakoa. “Anaitze Agirrek dokumentalean dioena ez da orain arte inon entzun: Gizateriaren kontrako krimenak dira hauek”, dio Mugururak, “hemen politika arrazistek hiltzen dute, ez ibaiak”.
Irene Elortza Gereño