"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Christos Nikouren Fingernails zientzia-fikziozko filma sakoneko maitasuna bilatzeko teknologia berrien erabileraren kritika da, eta gai hori bereziki interesatzen zaio zuzendari greziarrari.
Fingernails izan da aurtengo Sail Ofizialean lehiatu den lehen filma. Christos Nikou zuzendaria bakarrik agertu da bere pelikula aurkeztera. Hollywoodeko gidoilari eta aktoreen greba medio, zoritxarrez ez da Donostiara etorri antzezleetako bakar bat ere, ez Jessie Buckley, ez Riz Ahmed, ez Jeremy Allen White, ezta Luke Wilson ere.
Zuzendari greziarraren bigarren film luzeak Anna eta Ryanen arteko harremana kontatzen du. Teknologia berri eta eztabaidagarri batek erakutsi du bateragarriak direla. Baina, hala ere, bikoteko bi kideetako batek zalantzak ditu, Anna ez dago ziur. Orduan, maitasuna ebaluatzen duen institutu horretarako lanpostua onartuko du. Bertan bere harremana frogatu nahi du. Gidoia Nikouk berak idatzi du, Sam Steiner eta Stavros Raptis idazleekin batera.
Bere estreinako Apples filmean bezalaxe, zeinean amnesia-pandemia baten testuinguruan ezinezkoa zen erromantze baten berri eman zigun, maite-lanen atakak buruan dabilzkio oraindik ere. “Egia esan, oraindik ez dakit zer den maitasuna, aurkitzen saiatzen ari naiz. Denok bilatzen dugu, baina ez dakigu zertan datzan. Maitasuna mingarria izan daiteke, deseroso sentiarazten zaitu, pelikulan islatzen den bezala. Maitasun fisikoa eta maitasun-mina parez pare jarri ditut”, aitortu du zuzendariak.
Benetako maitasuna azkazalen bidez detektatzen duen makina retro-futurista bat erakusten du pelikulak –izan ere, Anna protagonistak bere borondatez probatuko duena–, egungo teknologia berrien kritika gisa. “Mugikor ziztrin bat daukat, ez dut harreman onik teknologiarekin”, azaldu du zuzendariak bere filmaren filosofiarekin bat eginez.
Bestalde, Nikouk filmak zinema-aretoetan ikustera gonbidatzen ditu ikusleak. “Horretarako egiten ditugu filmak, ikusleak sentimendu magiko horren partaide izan daitezen”, adierazi du.
Bere bigarren film luzeari eman dion amaiera baikorraz galdetu zaionean adierazi duenez, “beti dira irekiak, nahiz eta irribarre malenkoniatsua marraztu nahi dudan. Annak berea benetakoa dela sentitu nahi du, eta amaiera baikorra izatea nahi izan dugu”.
Genero distopikoari buruz ere hitz egin du, eta hurbiltasunaren alde egin du. “Batzuek zinema futurista eta urruna egiten dute, eta horrek ez du ikusleekin bat egiten”, esan du. Zentzu honetan The Truman show profezia bat izan zen, zinema-zuzendari bihurtzera bultzatu ninduen filma”.
Bere erreferentzia literarioei dagokienez, Orwellen ‘1984’ –urte horretan jaio zen zuzendaria– eta Saramagoren ‘Ensaio sobre a cegueira’ nobelen eragina aitortu du.
Eta ondorioz, filmean lortu nahi zuen tonuaz aktoreekin luze hitz egin zuela gaineratu du. “Ez zait gustatzen tonu bakarreko lanak egitea, zinemak komedia, drama eta erromantizismo apur bat izatea nahi dut, bizitzan gertatzen den bezala”, esanez amaitu du.
Sergio Basurko