"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Hollywoodeko gidoilari eta aktoreen grebak markatutako Zinemaldiaren edizio berri bat hasi da. Greba horren ondorioz, Ipar Amerikako zinemagileen presentzia aurreko urteetakoa baino urriagoa izango da, baina ez du eragotziko Zinemaldiaren festa handia, 200 film baino gehiago programazioan eta 5.000 akreditatu inguru izango dituena, eta Europako eta munduko hainbat lekuetako aktore asko gurekin izango dira.
Egoera honek gure Javier Bardem maiteari Donostia Saria aurten jasotzea eragotziko dio, halarik ere 2024ko edizioaren hasiera ekitaldian eskuratuko du. Nolanahi ere, karteletan eta publizitate-euskarrietan gure Zinemaldiaren irudi gisa izaten segiko du.
Gure Zinemaldia zinema industriaren, komunikabideen eta ikusleen arteko topagunea izango da berriro ere, eta bertan filmak sustatu eta hedatu egingo dira, negozioak ahalbidetu eta esperientziak partekatuko dira.
Donostia Zinemaldiak askatasun-esparru bat izan nahi du, beste batzuetan esan dugun bezala, non zinema eta bizitza ulertzeko modu desberdinak elkarrekin bizi ahalko diren. Baldintza bakar batekin, horietako bakoitzak gainerako desberdinak errespeta ditzala. Zinemaren ospakizun honetaz gozatzera gonbidatzen zaituztegu guztiok.
José Luis Rebordinos
SSIFFeko zuzendaria