"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Donostia Zinemaldiak genero-ikuspegitik egindako bosgarren txostenak, beste behin ere, bere azterketa-eremua zabaldu du, eta akreditatuen analisia eta lanbide-kategoria berri bat –arte-zuzendaritza– sartu ditu 2023an. Azterketa zehatz honen helburua da emakume profesionalek zinema-industrian duten kontsiderazioaren eta inplikazioaren ahalik eta deskribapenik zehatzena egitea. Horren lekuko ez ezik, kide aktibo izateko jomuga ere badu Zinemaldiak.
Generoaren araberako parte-hartzearen estatistikek apurka-apurka egiten dute aurrera. Ez da alde esanguratsurik hauteman ez Zinemaldiko hautespen-batzordeak ikusitako filmekin loturiko zifretan, ez azkenean hautatutako pelikulekin lotutakoetan; zehazki, hauek dira 2023ko datuak, eta 2022koekin alderatuta: ekoizpen osoari gagozkiola, emakumezko ekoizleen hazkundea % 2,4koa da; hautatutakoen artean, emakumezko zuzendarien kopuruak % 3,3ko igoera izan du.
Lanbideen arabera, aurten txostenean sartu den kategoriak, arte-zuzendaritzak, biltzen du genero femeninoarekin identifikatzen diren profesionalen presentzia handiena, eta ondoren datoz ekoizpena, muntaketa, gidoia eta zuzendaritza, % 34 eta % 48 artean dauden ehunekoekin. Aitzitik, soinuak, musikak eta argazkiak oso zifra txikiak dituzte emakumezko sortzaileen parte-hartzeari dagokionez, % 16tik % 19ra bitarteko batezbestekoarekin.
Zinemaldiaren 71. edizioko 5.000tik gora akreditatuak genero-ikuspegitik aztertuta, hona profilak: % 52 gizonezkoak dira eta % 47 emakumezkoak. Akreditazio mota desberdinak bereizten baditugu, industria zinematografikoan ia parekotasuna dago; film taldeetan genero femeninoarekin identifikatzen diren profesionalak gailentzen dira; eta prentsan genero maskulinoa da gehiengoa (% 62).
Zinemaldiko sailei dagokienez, Nest da, oraindik ere, genero femeninoarekin identifikatzen diren profesionalen presentzia handiena duen saila, aurten Horizontes Latinosekin batera, eta Sail Ofizialean emakumezko zuzendarien eta ekoizleen parte-hartzea handitu egin da. Perlak eta Culinary Zinema sailek dituzte, ordea, kopururik neurrigabeenak.
Nesten bezala, Zinemaldiak industriaren lehen urratsetan parekotasunaren alde egiten duen apustua Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan eta Ikusmira Berriak ekimenean hautatutako proiektuetan antzematen da, bai eta WIP Latam eta WIP Europa filmen amaitu gabeko filmetan ere. Egonaldi-programaren kasuan, emakumezko zuzendari eta ekoizleen aldeko apustua argi eta garbi ikusten da Zinemaldiaren programazioan eta, bereziki, Sail Ofizialean; hala, Raven Jacksonen All Dirt Roads Taste of Salt (Ikusmira Berriak 2019) filma bildu zen Sail Ofizialean, Sundance zinema-jaialdiko lehiaketan (Amerikako Estatu Batuak) izan ondoren, baita Jaione Cambordaren O Corno / The Rye Horn ere (Ikusmira Berriak 2020), Claire Denis buru izan zuen epaimahaiaren Urrezko Maskorra. Laugarren urtez jarraian, sari nagusia lortu duen filma emakumezko zinemagile batek zuzendua da.
Barne-lanari dagokionez, Zinemaldiak programazio-prozesuetan genero-aldagaiak aplikatzeko moduari buruzko bi prestakuntza-ekintza aktibatu ditu: bata orokorra plantillarentzat eta bestea espezifikoa hautespen- eta zuzendaritza-batzordeko kideentzat. 71. edizioan, sexu-jazarpena eta sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta horiei aurre egiteko protokoloa ere jarri da abian, baina ez da gorabeherarik erregistratu.