Spanish Screenings on Tour ekimenaren bigarren edizioa MIA | Mercato Internazionale Audiovisivo (Erroma) azokan egin da, eta harrera bikaina egin dio nazioarteko industriak. Urriaren 9tik 13ra bitartean, 28 herrialdetako 600 profesionalek baino gehiagok parte hartu dute, gutxienez, 18 jardueratan, eta, horri esker, Espainiako ordezkaritzako 80 profesionalek baino gehiagok aukera izan dute beren harreman-sarea zabaltzeko eta negozio-aukera berriak sortzeko, bereziki europar esparruan.
Horrek esan nahi du azokara bertaratutako lau profesionaletik batek, gutxienez, interesa agertu duela Spanish Screenings On Tour ekimenak proposatutako jardueretan, eta horietan parte hartu duela; batez ere, Italiako, Frantziako, Alemaniako, Suediako, Hego Koreako, Herbehereetako, Norvegiako, Erresuma Batuko eta Portugalgo profesionalek.
Ekimenaren ondorioz, fase desberdinetan dauden eta nazioartekotzeko ahalmena duten espainiar ekoizpenak aditzera eman dira merkatuko ataletan, eta, horren osagarri, haien ordezkariak egon dira ekitaldiko jardueretan. Genero eta formatu ugari eta talentu finkatuaren eta gorabidean doan talentuaren konbinazioa –hor sartzen dira lehendabiziko hamabi lan– nabarmentzen lagundu du aukeraketak, bai eta Espainiako ikus-entzunezkoen une ona ere. Aipatzekoa da, halaber, emakumeen presentzia handia, emakumeek zuzendutako hamabi film aurkeztu baitira eta emakumeek produzitutako edo koproduzitutako hemezortzi.
Guztira, Espainiako hogeita hamar ekoizpen baino gehiago aurkeztu dira fase desberdinetan: garabidean dauden bost proiektu (Spanish Screenings Showcase); postprodukzioan dauden lau proiektu (WIP); amaitutako sei (lau Market Premier eta bi Market Screening); laster estreinatuko diren filmen hamabi trailer edo teaser (Next from Spain Comin’UP), eta remake eskubideak merkaturatzeko ahalmena duten zazpi titulu (Remake Day). Aurkezpenek eta proiekzioek profesional ugari erakarri dituzte, eta 300 pertsona inguru egon dira akreditatuta.
Horrez gain, Industry Talks-en esparruan, zenbait alderdi jorratu dira, hala nola Espainiako koprodukzioen gorakada, «Espainian koproduzitzeko gero eta interes handiagoa» mahai-inguruaren bidez, non laurogei parte-hartzaile baino gehiago jardun baitira, edota talentu berriaren eklosioa nazioarteko jaialdietan, non Espainiako industriako profesionalek protagonismoa izan duten. B2B bilerek eta networking jarduerek osatu dute Espainiako ordezkaritzaren jarduna Spanish Screenings On Tour ekimenak azokan izandako espazioetan.
Era berean, MIA azokan gauzatu den Spanish Screenings On Tour ekimenaren testuinguruak balio izan du «Spanish Screenings 360. The Podcast» saioaren kapitulu berri bat grabatzeko, film laburrak ikus-entzunezkoen panoraman duen lekuaren inguruan.
MIA | Mercato Internazionale Audiovisivo merkatu-ekitaldi bat da, Erroman (Italia) duena egoitza. MIAren bederatzigarren edizioa (2023ko urriaren 9tik 13ra) Gaia Tridentek zuzendu du eta ANICAk (Italiako Industria Zinematografiko, Ikus-entzunezko eta Digitalen Elkartea) eta APAk (Ikus-entzunezko Ekoizleen Elkartea) antolatu, Italiako Kanpo Arazoetako eta Nazioarteko Lankidetzako Ministerioaren eta ITA-Merkataritza Agentzia Italiarraren laguntzarekin, Europa Creativa-MEDIAren ekarpenarekin. MIAk hauen babesa ere badu: Italiako Kultura Ministerioa, Italiako Enpresa Ministerioa, Made in Italy eta Lazio eskualdea. Eurimagesen babespean egiten da. MIAk alor hauetako Europako eta nazioarteko esparruetan ipintzen du arreta: animazioa, doc & factual, drama eta film scenes; programa sorta zabala eskaintzen du, besteak beste, hauekin: co-production market eta pitching forum-ak, content showcase-ak, WIP-ak, market screening-ak, networking-eko jarduerak eta sektoreko adituen artean gai nabarmenenak jorratzen dituzten hitzaldi sorta ikusgarri bat. MIAk nazioarteko profesionalen interesa piztu du: decision maker edo erabakitzaileak, banatzaileak, network-ak eta plataformak eztabaidan aritzen dira, MIAn, ikus-entzunezko ekoizpenaren eta banaketaren aukera eta erronkei buruz nazioarteko edukien egungo paradigman.
Spanish Screenings on Tour Spanish Screenings XXLren lau ardatzetako bat da, Spanish Screenings Content (Málagako zinema-jaialdia) eta Spanish Screeningsekin batera: Financing & Tech (Donostia Zinemaldia) eta Spanish Screenings 360, urte osoko ekintza aktiboen programa, zeinak, gainera, barnean biltzen baitu PLATFO sustapenerako eta negoziorako plataforma birtuala sortzea; eta «Spanish Screenings 360. The Podcast» podcasta, audio-plataforma nagusietan eskuragarri, eta ingelesera azpititulatutako bideoan, Youtuben eta Spotifyn.
Ekimena, azken batean, espainiar ekoizpeneko edukien ikus-entzunezko merkatu bat sortzean datza, interakzioko eta negozioko testuinguru batean proiektu berriak trukatzea eta sortzea errazteko, eta , horrela, Espainiako ikus-entzunezko industriaren balio-katea indartzen laguntzeko.
«Spanish Screenings XXL. Espainiako ikus-entzunezkoen ekoizpenerako nazioarteko merkatu bat» ekimena Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren barruan dago. Plan horrek helburu du Espainiak Europako ikus-entzunezkoen hub gisa duen rola indartzea, eta Kultura eta Kirol Ministerioak sustatzen du ICAAren eta Ekonomia Gaietarako eta Eraldaketa Digitalerako Ministerioaren bidez, ICEX España Exportación e Inversiones, Málagako zinema-jaialdia eta Donostia Zinemaldia direla medio.
Espainiako ikus-entzunezkoak nazioartekotzeko programa honek bultzada berri bat jaso zuen 2022an, ikus-entzunezko industriaren erronka berrietara egokitzeko askotariko eduki gehiagorekin eta jarduera-bolumen handiagoarekin.