Víctor Erice zinemagileak (Karrantza, Bizkaia. 1940) Donostia saria jaso du gaur Victoria Eugenia antzokian, toki berean, El espíritu de la colmena lehen bakarkako film luzeagatik, Urrezko Maskorra jaso eta 50 urte geroago. Ana Torrent aktoreak sei urte zituela parte hartu zuen film hartan, eta estatuatxoa eman dio, gaur, errealizadoreari. Sarituarekin batera parte hartu du, gainera, Donostia saria proiekzioaren aurkezpenean. Cerrar los ojos izan da filma, Ericek zuzendu duen laugarren film luzea.
Txalo-zaparrada luze baten ondoren, Ericek hilabete gutxirekin iritsi zen hiriaren izena dibisa gisa daraman saria eskertu du. Zuzendariak gogorarazi du Donostian hazi zela “zentzu guztietan, baita film-ikusle gisa ere”, eta Kursaalean eta Victoria Eugenian ikusi zituen lehen tituluak ekarri ditu gogora: “Orain begiak ixten baditut, neure burua ume nintzela ikusten dut aulki horietako batean, inoiz ahaztuko ez ditudan filmez gozatuz”. Bere belaunaldiko kideentzat, bere guraso eta gertukoentzat eta Donostia Zinemaldirako ere hitzak izan ditu.
“Beti ulertu dut zinema ezagutza-bide gisa. Horregatik, niretzat bere ikaskuntza ez da inoiz amaitzen. Urteak pasa ahala, bada ulertu dudan zerbait -eta orain Albert Camus dut gogoan-. Agian, zinemagile baten lana artearen bidezidorretan luzaroan ibiltzea da, pantaila batean ikusitako irudi harrigarriak berreskuratzeko, lehenbiziko aldiz bihotzean gorde zituen irudiak”, esan du, eta euskaraz bukatu du hitzaldia: “Eskerrik asko, Donostia Zinemaldia. Donostia beti”.
Ana Torrentek esan du “benetan hunkigarria” izan dela Ericeri saria ematea “El espíritu de la colmena toki berean elkarrekin aurkeztu eta 50 urte geroago”. “Victorrek bizitza eta zinema uztartu ditu, eta ia magikoa da nola itxi duen zirkulua. Zirkulua marrazten hasi zenean, neskatoak zinema deskubritu zuen eta ez zen gai errealitatea eta fikzioa bereizteko. Orain, zirkulua osatu du Cerrar los ojos filmarekin, eta zuzendariarentzat zinema-aretoa ikuslearentzako esperientziaren ezinbesteko tokia da, garena aitortzen eta ulertzen dugun tokia”, gehitu du.
Aktorearen arabera, zinema beti izan da Ericerentzat “abentura bat, bizirik dagoen eta adierazgarria den zerbait, ezagutzarako toki bat, non, istorio sotil baten bitartez, bizitzaren funtsezko alderdiak deskubritu eta harrapatu baititzake”. “Víctorrek ez du oso gustuko izan bere filmei buruz hitz egitea, bere buruari buruzko asko eman baitu jada irudietan. Izugarri koherentea, eskuzabala eta ausarta izan da bere konpromisoan, eta eman dizkigun irudi guzti-guztiak beharrezkoak dira eta bizirik daude beretzat, eta guzti-guztiek bilatzen dute zerbait. Eskerrak eman nahi dizkiot Víctorri bere leialtasunagatik. Eta, jakina, bere begiradagatik. Begirada horrek nirea gidatu zuen, eta munduaren interpretazio bat oparitu zidan. Bizitza guztian izan dut bidelagun, eta gaur egun ere argitzen nau. Ohore handia da gaur, hemen, sari hau Víctor Ericeri ematea”, esan du amaitzeko.
Victor Ericeren ibilbideak beti izan du oihartzun handia Donostia Zinemaldian. Zuzendu zuen lehen filma, Los desafíos (1969) –zehazki, film horren hiru ataletako bat filmatu zuen; besteak José Luis Egea eta Claudio Guerín izan ziren– Sail Ofizialean hautatu zen eta zuzendaritza onenaren Zilarrezko Maskorra jaso zuen Ericek lan horrengatik. Lau urte geroago, bere bakarkako lehen film luzea iritsi zitzaigun, El espíritu de la colmena (1973), eta Urrezko Maskorra beretu zuen karrantzarrak horri esker. El sol del membrillo / Dream of Light (1992) Made in Spain sailean hautatu zen, Cannesen Epaimahaiaren eta Nazioarteko Kritikaren Saria jaso ondoren, eta Ten Minutes Older: The Trumpet film kolektiboak Zabaltegi sailean parte hartu zuen 2002an.
Galaren ondoren, Cerrar los ojos filmaren proiekzioa hartu du Victoria Eugeniak, amaitu gabeko film baten eta aktore baten desagerpen misteriotsuaren inguruan irundako oroimenari buruzko lana. Filma Cannes eta Torontoko zinema-jaialdietan ikusgai egon zen eta gaur estreinatu da Espainiako zinema-aretoetan.
Zinemaldiak duela sei urte eman zion hasiera Donostia Sarien ildo berri bati, arte zinematografikoari ekarpen eztabaidaezina egin dioten zinemagileekin lotuta, hala nola hauekin: Agnès Varda (2017), Hirokazu Kore-eda (2018), Costa-Gavras (2019) eta David Cronenberg (2022). 2023an Donostia Zinemaldiak ohorezko golardo garrantzitsuenarekin omenduko duen zinemagileak lau film luze baino ez ditu zuzendu baina sari ugari eman dizkiote, hala nola zuzendaritza onenaren Zilarrezko Maskorra, film onenaren Urrezko Maskorra eta Cannesko zinema-jaialdiko Epaimahaiaren eta Nazioarteko Kritikaren Sariak.