Argentina, Txile, Espainia, Mexiko, Paraguai, Peru eta Uruguaiko 16 zinema-jaialditako programatzaileek Iberoamerikako LGTBIQA+ zinema-jaialdien bederatzigarren Topaketan parte hartuko dute aurten. Topaketa irailaren 25etik 27ra bitartean egingo da Donostiako Zinemaldiaren esparruan. Gehitu Euskal Herriko Lesbiana, Gay, Trans, Bisexual, eta Intersexualen elkarteak antolatzen du, Zinemaldiarekin elkarlanean, eta eLankidetza-Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren eta Donostiako Udalaren babesa du, Mugen Gainetik elkartearen eskutik.
Topaketak irailaren 26an bilduko ditu jarduera gehienak, eta ekoizpen- eta programazio-dinamika berriak partekatzeko tailerrak ere izango ditu, mahai-inguruak antolatzeaz gainera.
Lehenengo mahai-inguruan industria inklusibo eta anitzagoa lortzeko estrategiei buruzko hausnarketa egingo da. Halaber, disidentzia sexualen lan-prozesuak eta irudikapena eztabaidatuko dira, Latinoamerikako ikus-entzunezkoen sektoreko profesionalen esperientzietan −beste jardunbide batzuetatik, beste ikuspuntu batzuetatik eta aktibismotik industriaren atalaseak igarotzea lortu dutenetan− funtsatuta. Anaís Córdova-Páez errealizadore eta ikertzailea moderatzaile dela, Bruna Haddad eta Alice Stamato ekoizleek eta Carolina Robledo Asunciongo Lesbigaytrans Zinemaldiko programatzaileak parte hartuko dute mahaian.
Deborah Williamsek −Creative Diversity Network-eko zuzendari exekutibo eta aniztasun-gaietarako aholkulariak−, beste mahai-inguru batean parte hartuko du, Programmers of Colour Collective (POC2) aurkeztu aurretik; programatzaile arrazializatuak, emakumezkoak eta TSLGBTQ+ kolektiboko pertsonak biltzen ditu kolektibo horrek. Tailerren artean, aipatzekoak dira, batetik, zinemaldi batetik LGTBIAQ+ kultur ekitaldi batera nola eboluzionatu aztertzen duen kasu praktikoaren azalpen bat, eta, bestetik, Crossover Series jaialdiko zuzendari Jon Paul Arroyoren hitzaldia, LGTBIAQ+ jaialdietan telesailak sartzeari buruzkoa.
Halaber, bilera bat egingo da Iberoamerikako Ikus-entzunezko eta Zinemako Agintarien Konferentziarekin (CAACI), Latinoamerikako zinema-institutuetan pertsonak sexuaren, generoaren, sexu-identitatearen, irisgarritasunaren eta etniaren arabera identifikatzeko aukera emango duten eredu gisako galderen azterketaren ondorioak onartzeko.
Informazio gehiago eta egitarau osoa:
Gehitu, Iberoamerikako LGTBIQA+ Jaialdien Topaketaren antolatzaileetako bat, Sebastiane Sariaren sustatzailea ere bada. Sebastiane Saria aitzindaria da Espainiako Estatuan horrelako sarien artean, eta 2000. urteaz geroztik Donostia Zinemaldiko filmen artean LGTBIAQ+ kolektiboaren errealitateak, askatasunak eta aurrerapen sozialak hobekien islatzen dituenari ematen zaio. Sari honen XXIV. edizioan hamabi ekoizpenek hartuko dute parte.
Hautagaiak sail hauen barnekoak dira: Sail Ofizialeko bi (El sueño de la sultana / Sultana’s Dream eta Ex-Husbands), New Directorseko bat (Les rayons gamma / Gamma Rays), Horizontes Latinoseko bi (El castillo / The Castle eta Pedágio / Toll), Zabaltegi-Tabakalerako hiru (El auge del humano 3 / The Human Surge 3; Orlando, mi biografía política / Orlando, My Political Biography eta Mamántula), Perlak saileko bat (Monster), Zinemirako bi (20.000 especies de abejas / 20,000 Species of Bees eta Las buenas compañías / In the Company of Women) eta, lehendabizikoz Zinemaldian historian, Haurrentzako Zinemako bat (Gabi: Between Ages 8 and 13).
Aurten ere epaimahaia mistoa izango da eta Gehituko elkartekideekin batera Euskal Herriko bi zinemagilek hartuko dute parte: Arantxa Echevarríak eta Jose Mari Goenagak, hain zuzen. Sebastiane Sariaren banaketa Kur galerian egingo da hilaren 29an (ostirala), 19:00etan, Donostia Zinemaldiaren 71. edizioaren amaieraren bezperan.
Bestalde, Joris Lachaisek zuzendutako Transfariana koprodukzio frantziar-kolonbiarrak irabazi du XI. Sebastiane Latino Saria. Gehituko elkartekidez osatutako epaimahai batek eman dio golardoa bost film luze hautagaietako bati.
“Trans” eta “fariana” terminoen nahasketaren ondoriozkoa da Transfariana dokumentalaren izenburua; FARCeko kide diren emakume transak izendatzeko erabiltzen da izen hori. Latinoamerikako LGTBIQA+ komunitatearen aldarrikapen eta balioen ordezkari onena izateagatik erabaki zuen Epaimahaiak saria film horri ematea. Saria azaroan entregatuko da Lesgaicinemad jaialdiaren barnean.
Bestalde, 2022ko Sebastiane Latino Saria lortu zuen filma, Mariano Biasin argentinarraren Sublime, Zinemaldiaren lehen astean emango da Errenterian, Irunen eta Deban.