No me llame Ternerak −Jordi Évolek eta Màrius Sánchezek zuzendutako dokumentalak− Made in Spain saila inauguratu eta urteko beste 19 film luze espainiar nabarmenez osatutako sail hori osatuko du. Évolek Josu Urrutikoetxeari −Josu Ternera ezizenez ezagunari− egindako elkarrizketa esklusiboa biltzen du filmak, eta hark ETA erakunde terroristako buruzagi gisa egindako ibilbideari begirada gogor eta sekula ikusi gabea eskaintzen dio.
Mundu-estreinaldi gisa programatutako filmak ETAk 2018an desegin zen arte izandako une erabakigarrietako batzuk ere jorratzen ditu. Gainera, erakundearen egituran funtsezkoa izan zen Urrutikoetxearekin izandako elkarrizketa tirabiratsu eta sakonari esker, ETAren biktima batek duela ia 50 urte jasan zuen atentatuaren inguruko zalantzak argitu ditzake.
Jordi Évole (Cornellà de Llobregat, 1974) kazetari ezaguna da Espainian, eta bost Ondas Sari jaso ditu (azkena 2021ean jaso zuen, Pau Donés abeslariak emandako azken elkarrizketa biltzen duen Eso que tú me das dokumentalagatik). Andreu Buenafuenterekin gidoigile eta umorista gisa hasi ondoren, 2008an Salvados kritika sozialeko erreportajeen programa estreinatu zuen. 2015ean Producciones del Barrio sortu zuen Ramon Lararekin, eta 2019az geroztik hona Lo de Évole saioa zuzentzen du.
Bestalde, Màrius Sánchez kazetariak (Bartzelona, 1982) 20 urte daramatza ikus-entzunezkoen alorrean lanean eta 15 urte baino gehiago, halaber, gidoi- eta eduki-lanak egiten Jordi Évolerekin batera Salvados, Operación Palace, Eso que tú me das eta beste zenbait proiektutan. La Sextako Lo de Évole programa zuzentzen du 2020az geroztik.
“Film hau egin dugu gure herrialdearen historiarekiko erantzukizuna dugulako, neurri batean ETAren terrorismoak asko markatu duelako historia hori. Aukera paregabea iruditu zitzaigun erakunde terrorista horretako kide izan den norbait elkarrizketatzea. Halaber, ahaztea edo gure historiaren zati horri ez begiratzea erabaki duen belaunaldiarentzat funtsezko balio pedagogikoa du. Memoria historikoko ariketa da”, esan dute Évolek eta Sánchezek. Zinemaldian estreinatu ondoren, Netflix-en eskaintzaren parte izango da dokumentala.
Guztira 20 film luzez osatuta egongo da Made in Spain, Donostia Zinemaldiko sail ez-lehiakorra, urteko film espainiarren lagin bat biltzen duena. Irailaren 22tik 30era egingo den 71. edizio honetan, film horietako sei mundu-estreinaldi gisa emango dira, eta gainerakoak, berriz, lehenago programatu ziren nazioarteko beste jaialdi batzuetan edo jada estreinatu ziren merkatuan.
ETAn funts-funtsezkoa izan zen pertsona bati egindako elkarrizketa esklusibo bat aurkezten da No me llame Terneran: Josu Urrutikoetxeaz ari gara (Josu Ternera ezizenez ezagunagoa). Jordi Évoleren eskutik, talde terroristari barrutik inoiz ikusi gabeko begirada bat ematen dio dokumentalak, zenbait une erabakigarri jorratzeaz gain (2018an desegin zen). Gatazkaren biktima bati duela ia 50 jasandako atentatuaren inguruko zalantzak argitzeko aukera eman dion elkarrizketa tirabiratsu eta sakona.