Pentsamendua eta Eztabaida arloak Raven Jackson, Lila Avilés, Albert Serra, Kitty Green, Christian Petzold eta halako zinemagileen sormen-prozesuetan sakonduko duten elkarrizketa, eskola magistral eta mahai-inguruz osatutako programa zabal bat antolatuko du Donostia Zinemaldiaren 71. edizio honetan. Bestelako gaiak ere jorratuko dira, hala nola industria zinematografikoa inklusiboa izango dela bermatzeko ezarri beharreko estrategiak eta industria zinematografikoak aurrean dituen erronka teknologiko berriak.
Pentsamendua eta Eztabaida arloan Donostia Zinemaldiak ezagutza bildu, sortu eta transmititzeko gune gisa duen izaera nabarmentzen da; horrez gain, bere buruari galderak egiten dizkio Zinemaldiak arlo horretan, etorkizuneko erantzunak ematen saiatzeaz gain, zinemaren etorkizuna aldakorra izango dela jakinda.
DAMAk sustatutako hizketaldiak saila abiarazteko, Pentsamendua eta Eztabaida sailak solasaldi bat proposatuko du Albert Serra errealizadore kataluniarrarekin hilaren 24rako (igandea, 12:00), Tabakalerako Z aretoan. Història de la meva mort / Story of My Death (2013), La mort de Louis XIV / Last Days of Louis XIV (2016) eta Tourment sur les îles / Pacifiction (Made in Spain, 2022) filmen zuzendariak −Urrezko Lehoinabar baten eta Cannesko epaimahaiaren sariaren irabazlea ere badenak−, dokumental bat gauzatzeko prozesuari buruz hausnartuko du kasu honetan. Serra bere hurrengo filma ari da sortzen, Tardes de soledad, eta toreatzaileek zezentokian igaro ohi dituzten egoera mental eta espiritualak (orokorrean, tauromakia) izango ditu ardatz.
Kitty Greenek The Assistant (2019) zuzendu zuen, eta aurten Urrezko Maskorra irabazteko lehiatuko da The Royal Hotel (2023) filmarekin. Astelehenean −hilaren 25ean−, hitzaldi bat eskainiko du Tabakalerako Z aretoan, 16:30ean. 2030 Agendak sustatutako elkarrizketa honetan, Casting JonBenet (2017), The Face of Ukraine: Casting Oksana Baiul (2015) eta Ukraine Is Not a Brothel (2013) dokumentalen errealizadoreak zinemaren botere eraldatzaileari buruz hitz egingo du.
Asteartean −hilaren 26an−, 12:00etan, Tabakalerako Z aretoan, Deborah Williamsek aniztasunak ikus-entzunezkoen sektorean duen balioaz hitz egingo du. Williams Creative Diversity Network taldeko zuzendari exekutiboa da, eta 30 urte baino gehiago daramatza telebistan, zineman eta antzerkigintzan lanean, bai eta kultura- eta sormen-industrietan orokorrean politikak garatzen ere; Williamsek diseinatu zituen BFIren aniztasun-estandarrak eta Arts Council England taldeko berdintasun-analisirako prozesua.
Ostegunean −hilaren 28an−, 12:00etan, Tabakalerako Z aretoan topaketa bat egingo da, alde batetik, Vestida de azul (1983) dokumentala Donostia Zinemaldian estreinatu zeneko 40. urteurrena ospatzeko (Antonio Giménez Ricoren dokumental horrek trantsizioaren garaian trans emakumeek bizitako esperientziak biltzen ditu), eta, bestetik, Veneno telesailaren bigarren denboraldiaren berehalako etorrera ospatzeko (film hartan oinarrituta egongo da bigarren denboraldi hori). Julen Zabala EGHAMeko aktibistaren eta Ian de la Rosa Veneno telesailaren bigarren denboraldi honetako zuzendarietako baten arteko elkarrizketa, izan ere, hauei buruzkoa izango da: filmaren estreinaldiaren testuinguru politiko eta soziala; telesaila sortzeko dokumentazio- eta elaborazio-prozesua; eta Zinemaldiaren historiaren parte izan diren LGBTQIA+ pelikulak aldarrikatzearen garrantzia.
Azkenik, hilaren 30ean (larunbata), 12:00etan, Tabakalerako zinema-aretoan, Little Spain ekoiztetxeko Cris Trenas, Rogelio González eta Santos Bacana zuzendariek eta C. Tangana artistak −Belodromoan estreinatuko den Eta ambición desmedida / This Excessive Ambition telesail dokumentalaren protagonistak− proiektu honetan murgiltzera bultzatu dituen sormen-prozesuaz hitz egingo dute, baita horiek sortzeko mugez edo mugarik ezaz ere.
Programa osatzeko, bi elkarrizketa eta bi eskola magistral egingo dira, Donostia Zinemaldiko Nest zinema-ikasleen film laburren nazioarteko lehiaketaren esparruan. Topaketa horiek guztiak Tabakalerako zinema-aretoan izango dira.
Astelehenean −hilaren 25ean−, 12:30ean, topaketa bat gauzatuko da Christian Petzoldekin. Phoenix (2014) filmarekin lehiatu zen Petzold Sail Ofizialean eta FIPRESCI saria lortu zuen. Gidoigile eta errealizadore alemaniarrak, Berlinen Epaimahaiaren Sari Nagusia irabazi ondoren, Roter Himmel / Afire aurkeztuko du Donostia Zinemaldiaren 71. edizio honetako Perlak sailean. Alemaniarrak Nesteko ikasleekin hitz egingo du beren sormen-prozesuei buruz filmak sortzeko orduan. Gainera, ostiralean −hilaren 29an−, Artur Tort argazkigintza- eta muntaketa-lanari buruz mintzatuko da 12:30ean. Tortek Albert Serra zinemagilearekin lan egin ohi du, eta biek elkarlanean egindako azken obrak (Tourment sur les îles / Pacifiction, 2022) argazki onenaren César Saria eraman zuen.
Eskola magistralei dagokienez, asteartean −hilaren 26an−, 15:30ean, All Dirt Roads Taste of Salt film luzea emango da, Sundanceko U.S. Dramatic Competition sailean estreinatu ondoren Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatuko dena. Filmaren zuzendari Raven Jacksonek Nettles (2018) film laburrarekin parte hartu zuen Nesten, eta sailaren egoitzara itzuliko da eskola magistral bat ematera. Beste gai batzuen artean, Ikusmira Berriak programako bere egonaldiari (hor garatu zuen gaur egun Urrezko Maskorrerako lehian aritzea ahalbidetuko dion filma) buruz mintzatuko da Jackson. Ostegunean −hilaren 28an− 15:30ean, Lila Avilés zinemagile mexikarrak eskola magistral bat eskainiko du, Tótem bere bigarren film luzearen emanaldiaren ondoren (Horizontes Latinos sailean bilduko da film hori, Berlinalen lehiatu ondoren). Avilések New Directorsen aurkeztu zuen bere lehen filma, La camarista / The Chambermaid (2018).
Pentsamendua eta Eztabaida arloak eta Industria Sailak elkarrekin antolatutako jardueren artean, Benetako gertakarietan oinarritua. Biopicen arrakasta Espainiako fikzio serializatuan jardunaldia hilaren 23rako (larunbata) dago programatuta (17:00). Tabakalerako Z aretoan egingo da, eta benetako pertsona baten biografiaren dramatizazioa ezaugarri duten telesailek azken aldian izandako gorakadan jarriko du arreta. Mahai-ingurua Isabel Vázquez aurkezle, gidoigile eta telesailen analistak moderatuko du, eta Joana Vilapuig eta Mireia Vilapuig Selftape telesailaren sortzaileek, Teresa Fernández-Valdés Nacho telesailaren showrunner eta gidoigileak eta Javier Giner Yo, adicto telesailaren egile eta zuzendariak ere parte hartuko dute.
Jardunaldi honetaz gain, Industriak hainbat mintzaldi eta mahai-inguru hartuko ditu, eta, besteak beste, Latinoamerikako ikus-entzunezko industriako inklusio eta aniztasunari eta adimen artifizialari (Zinemaldian & Techonology) buruz arituko dira. Europako ikus-entzunezko ekosistemaren azterketa ere egingo du, Espainiari EBko Kontseiluaren Lehendakaritzan egotea tokatzen zaiola-eta.
Halaber, bigarren urtez jarraian, Inbertitzaile Sortzaileen Topaketa (Spanish Screenings: Financing & Tech) antolatuko dute, finantzaketan eta koprodukzioan gaur egun dauden joeren inguruko batzarrak eta mahai-inguruak proposatzen dituen ekitaldia.
Hizketaldiak eta eskola magistralak
|
Hilaren 23a, larunbata (17:00), Tabakalerako Z aretoa. Doako gonbidapenak Zinemaldiaren webgunean, Zinemaldi Plaza leihatiletan eta Tabakalerako leihatiletan egongo dira eskuragarri ekitaldiaren bezperatik aurrera. Pertsona akreditaziodunak: sarrerak erreserbatzeko onlineko sistemaren medioz.
Hilaren 24a, igandea (12:00), Tabakalerako Z aretoa. Doako gonbidapenak Zinemaldiaren webgunean, Zinemaldi Plaza leihatiletan eta Tabakalerako leihatiletan egongo dira eskuragarri ekitaldiaren bezperatik aurrera. Pertsona akreditaziodunak: sarrerak erreserbatzeko onlineko sistemaren medioz.
Hilaren 25a, astelehena (12:30), Tabakalerako zinema-aretoa. Doako gonbidapenak Zinemaldiaren webgunean, Zinemaldi Plaza leihatiletan eta Tabakalerako leihatiletan egongo dira eskuragarri ekitaldiaren bezperatik aurrera. Pertsona akreditaziodunak: sarrerak erreserbatzeko onlineko sistemaren medioz.
Hilaren 25a, astelehena (16:30), Tabakalerako Z aretoa. Doako gonbidapenak Zinemaldiaren webgunean, Zinemaldi Plaza leihatiletan eta Tabakalerako leihatiletan egongo dira eskuragarri ekitaldiaren bezperatik aurrera. Pertsona akreditaziodunak: sarrerak erreserbatzeko onlineko sistemaren medioz.
Hilaren 26a, asteartea (12:00), Tabakalerako Z aretoa. Doako gonbidapenak Zinemaldiaren webgunean, Zinemaldi Plaza leihatiletan eta Tabakalerako leihatiletan egongo dira eskuragarri ekitaldiaren bezperatik aurrera. Pertsona akreditaziodunak: sarrerak erreserbatzeko onlineko sistemaren medioz.
Hilaren 26a, asteartea (15:30), Tabakalerako zinema-aretoa. Sarrerak ohiko salmenta-kanalen bidez salgai. Pertsona akreditaziodunak: sarrerak erreserbatzeko onlineko sistemaren bidez.
Hilaren 28a, osteguna (12:00), Tabakalerako Z aretoa. Doako gonbidapenak Zinemaldiaren webgunean, Zinemaldi Plaza leihatiletan eta Tabakalerako leihatiletan egongo dira eskuragarri ekitaldiaren bezperatik aurrera. Pertsona akreditaziodunak: sarrerak erreserbatzeko onlineko sistemaren medioz.
Hilaren 28a, osteguna (15:30), Tabakalerako zinema-aretoa. Sarrerak ohiko salmenta-kanalen bidez salgai. Pertsona akreditaziodunak: sarrerak erreserbatzeko onlineko sistemaren bidez.
Hilaren 29a, ostirala (12:30), Tabakalerako zinema-aretoa. Doako gonbidapenak Zinemaldiaren webgunean, Zinemaldi Plaza leihatiletan eta Tabakalerako leihatiletan egongo dira eskuragarri ekitaldiaren bezperatik aurrera. Pertsona akreditaziodunak: sarrerak erreserbatzeko onlineko sistemaren medioz.
Hilaren 30a, larunbata (12:00), Tabakalerako zinema-aretoa. Doako gonbidapenak Zinemaldiaren webgunean, Zinemaldi Plaza leihatiletan eta Tabakalerako leihatiletan egongo dira eskuragarri ekitaldiaren bezperatik aurrera. Pertsona akreditaziodunak: sarrerak erreserbatzeko onlineko sistemaren medioz.
Mintzaldiak eta mahai-inguruak
|
Pentsamendua eta Eztabaida zeharkako saila da eta, horregatik, jarraian aipatzen diren beste jarduerak ere biltzen ditu, hainbat egoitzatan gertatuko direnak eta, hizketaldiekin batera, edizio honen arloko programa publikoa osatzen dutenak.
Aurten, Pentsamendua eta Eztabaida osatzen duen taldeak lan egin du nola RTVEko Berdintasun Behatokiarekin hala 2025eko 50/50 Ikus-entzunezkoen alorreko Berdintasuneko Lurralde arteko Lantaldearekin: AAMMA Andaluziako Ikus-entzunezkoen Emakumeen Elkartea, AMMA (Murtzia), Dona i Cinema (Comunitat Valenciana), Dones Visuals (Katalunia), Hemen (Euskadi), MIA (Emakumeak Animazioaren Industrian) eta CIMA Emakume Zinemagileen eta Ikus-entzunezko Hedabideetako Emakumeen Elkartea. Erakunde eta elkarte hauekin bi mahai-inguru antolatu dira, emakumeek zineman aurre egin behar dieten funtsezko bi gai ardatz hartuta: grabaketatan jazotzen diren gehiegikeria eta erasoak eta hainbat paper eskuratzeko pairatzen den diskriminazioa.
Hilaren 26a, asteartea (18:00), Kursaaleko prentsaurrekoen aretoa. Parte-hartzaileak: Clara Sans, Paz de Alarcón, Arantxa Echevarría eta Pilar Rodríguez Pérez. Beatriz Aparicio, RTVEko Berdintasun Behatokiko ondokoa, arituko da moderatzaile. Sarrera akreditazioarekin.
Hilaren 27a, asteazkena (11:00), San Telmo Museoko Ekitaldi Aretoa. Parte-hartzaileak: Carla Vall i Duran (abokatua), Aina Gimeno (aktorea) eta Maitane San Nicolás (intimitate-aholkularia). Virginia Yagüe, Damako lehendakaria, arituko da moderatzaile. Sarrera akreditazioarekin.