Gastronomiarekin lotutako lau film eta telesail batek osatuko dute Culinary Zinema saila −Donostia Zinemaldiaren eta Basque Culinary Centerren artean antolatua−. Argentina, Alemania, Txina, Peru edo Frantziako gastronomien inguruko bost istorio kontatuko ditu aurten. Mariano Cohn eta Gaston Duprat zuzendarien Nada telesail argentinarraren mundu-estreinaldiak emango dio hasiera Culinary Zinema sailari, eta Tran Anh Hung zuzendariaren La passion de Dodin Bouffant filmak −Cannesen zuzendari onenaren saria jaso zuenak−, berriz, amaiera. Aurten lehiazkoa ere izango da: lau ekoizpen Culinary Zinema Film Onenaren Saria eskuratzeko lehiatuko dira (10.000 euro film irabazlearentzat).
Basque Culinary Centerren zuzendari Joxe Mari Aizegak eta Donostia Zinemaldiko zuzendari José Luis Rebordinosek aurkeztu dute gaur goizean LABe Digital Gastronomy Laben Culinary Zinema, eta emanaldiekin lotutako bost afari tematiko ere barne hartuko ditu sailak.
Nadarekin −30 minutuko bost kapituluz osaturiko fikziozko minitelesail batekin− emango zaio hasiera sailari. Zuzendariak Gastón Duprat eta Mariano Cohn dira; oraingoan, El ciudadano ilustre (film iberoamerikar onenaren Goya saria, 2016), Todo sobre el asado (Culinary Zinema, 2016) eta Competencia Oficial (Perlak, 2021) filmen zuzendari-tandema Nada telesailarekin itzuliko da. Nada-ren protagonista egoera larrian egongo da etxeko langilea hiltzen zaionean eta baliabiderik gabe geratzen denean. Luis Brandoni eta Majo Cabrera dira aktoreak, eta Robert De Niro artista gonbidatu berezia izango da azken atalean.
Trân Anh Hùngek (Danan, Vietnam. 1962) The Scent of Green Papaya (Zabaltegi, 1993) filmarekin debutatu zuen, Perlak sailean parte hartu zuen À la verticale de l’été (2000) lanarekin eta zuzendari onenaren saria jaso zuen Cannesen La passion de Dodin Bouffant filmarekin; izan ere, film horrekin emango dio amaiera sailari aurten. XIX. mendearen amaieran girotuta dago filma eta Juliette Binoche da protagonista; zehazki, 20 urtez Dodin gourmetarentzat (Benoît Magimel) janaria prestatu duen baina harekin sekula ezkondu nahi izan ez duen Eugénieren rola egiten du antzezle frantziarrak.
Nan fang nan fang / Back to the South Xiao Haiping (Hunan, Txina. 1986) zuzendariaren lehen film luzea da, fikziozko lan honen protagonistak Pekin utziko du –eta hiriarekin, baita bere lana eta senargaia ere− bere jaioterrian landetxe bat muntatzeko; hala, gonbidatuentzako janaria prestatu eta horien istorioak ezagutuko ditu bertan.
Mariano Carranza (Lima, Perú. 1989) zinema dokumentaleko ekoizle eta zuzendaria ezaguna da gizakion asmamena, pertseberantzia eta sormena aztertzeko aitzakia gisa janaria erabiltzen duten film eta telesailetan lan egiteagatik. Pachacútec, la escuela improbable film aurkeztuko du Carranzak; filmak lehiaketatik kanpo parte hartuko du, film ertaina baita. Gastón Acurio sukaldariarekin elkarlanean ekoiztutako ez-fikzio honek Peruko hiru sukaldariren istorioa kontatzen digu: Lima hiriko auzo behartsu bateko eskola batek euren lanbidean arrakasta izateko bidea ireki zien.
Saileko beste dokumentala She Chef da, Melanie Liebheit (Münster, Alemania. 1973) eta Gereon Wetzel (Bonn, Alemania. 1972) zuzendariena; Wetzelek El Bulli: Cooking in Progress (2011) aurkeztu zuen sail honetan. She Chef filmak Agnes sukaldari gaztearen istorioa kontatzen digu, zehazki, munduko jatetxe ospetsuenetako zenbaitzuetan egiten ari den praktikak.
Saileko bost filmekin batera afari tematikoak egingo dira irailaren 25etik 29ra bitartean Basque Culinary Centerren. Baterako sarrerak (emanaldiak eta afariak) bihar −irailaren 1ean− jarriko dira salgai, 10:00etan, 80 euroren truke, Zinemaldiaren eta Kutxabanken webguneen bidez (sansebastianfestival.janto.es eta kutxabank-zinemaldi.janto.es). Soilik filmak ikusteko sarrerak irailaren 17tik aurrera jarriko dira salgai 8,50 euroren truke, Pachacútec, La escuela improbable / Pachacútec, The Improbable School pelikularen kasuan izan ezik, film ertaina izanik 4,25 euro balioko baitu horrek.
Irailaren 25ean hasiko dira Culinary Zinemako afari tematikoak, Nada telesaila eman ondoren. Horretarako, Narda Lepesek −2020an Latinoamerikako Emakume Sukaldaririk Onenaren golardoa jaso eta minitelesailean gastronomia-aholkulari gisa jardun zuen sukaldariak−, esperientzia gastronomiko bat eskainiko du, Argentinako sukaldaritza omendu eta Buenos Aireseko gourmet-eszenako pertsona itzaltsu eta jatetxe ospetsuak nabarmenduta. Mahaikideek, gainera, Argentinako erreferentziazko uztartze bat dastatu ahalko dute Bodega Zuccardiren eskutik.
Irailaren 26ko gaualdia Back to the South filmarekin lotuta egongo da eta ingurunearekin eta landareen munduarekin konprometitutako gastronomia ekarriko digu. Martina Puigvert −bi Michelin izar eta izar berde bat dituen Gironako Les Colseko sukaldeburu− eta Carlos Casillas −Barro (Ávila) jatetxearen jabe eta sukaldeburu− chefek (biak Basque Culinary Centerreko ikasleak) lurraldean, sustraietan eta benetakotasunean funtsatutako proposamen gastronomiko bat eskainiko dute, baratzeko elikagaien garbitasunean eta denboraldian denboraldikoak kontsumitzean arreta jarriko duela. Mendialdeko Ogiaren ogi artisau eta ekologikoek osatuko dute afariaren menua.
Hilaren 27ko afaria, Pachacútec, la escuela improbable filmaren osagarria, chef protagonistek eskainiko dute: Alan Larrea, Percado jatetxekoa, Gerson Atalaya, Sens Restaurant jatetxekoa, eta Jhosmery Cáceres, La Mar jatetxekoa. Sei eskuk prestatuko duten afaria Pachacútec Fundazioan ikastearen eta hiru gazteen ibilbide profesionalaren isla izango da. Nazioarteko ikuspegitik sukaldariek egun lan egiten duten hirietako erreferentziazko platerrak dastatuko dira, Limakoak, Luxenburgokoak eta San Frantziskokoak; Peruko eragin nabarmenarekin.
She Chef filmaren emanaldia dela-eta, irailaren 28an Agnes Karrasch chef eta filmeko protagonistaren txanda izango da. Afarirako prestatuko dituen platerek bere ibilbide profesionaleko unerik garrantzitsuenetara eramango dute mahaikidea, eta omenaldia egingo diote Vendome (Bergisch Gladbach, Alemania), Disfrutar (Bartzelona) eta Koks (Faroe Uharteak) jatetxeetatik igarotzean. Gainera, Poul Andrias eta Nino Fjordside −bi Michelin izar eta Michelin izar Berde bat duen Koks jatetxeko sukaldeburua eta ikerketa- eta garapen- arduraduna, hurrenez hurren−, Karraschekin egongo dira oraingoan.
Azkenik, irailaren 29an Sébastien Zozaya eta Fabian Feldmann chefek Culinary Zinemaren edizio honi amaiera emango diote, garaiko oturuntza bat eskainiko baitute. La passion de Dodin Bouffant filmean inspiratutako eszenografia batekin, Sébastien Zozayak bere plater esanguratsuenetako batzuk eskainiko ditu. Bestalde, Michelin izar bat duen L'Impertinent jatetxeko sukaldari Fabian Feldmannek filmean agertzen diren eta Frantziako sukaldaritzan klasikoak diren platerrak prestatuko ditu, hala nola Alaska tarta.
Culinary Zinemak bere ohiko formatua ospatuko du: hamar jankide mahai bakoitzeko, esperientzia aberastuko duten elkarrizketak sustatzeko. Basque Culinary Centerreko irakasleek eta ikasleek afari guztietan parte hartuko dute, nola sukaldean hala aretoan lagunduz.
FILMAK |
Artea maite duen kritikari gastronomiko sofistikatu bat, oso probokatzailea (bere txartel pertsonalak bere izena esaten du eta behean "ezer ez", lanbide eta rolei iseka egiteko), edozer konpontzen dion andre batekin eman ditu azken hamarkadak (laguntzaile pertsonal, giltzain eta sukaldari antzeko batekin, alegia). Egun batean, andrea hil eta gizona konturatuko da ez dakiela ezer egiten. Paraguaitik datorren neska eskarmentugabe eta xalo bat hartzea erabakiko du, eta hutsetik irakatsi beharko dizkio bere bizitzako kontu zenbaezinak (harremanak, gustu pertsonalak, kultura, gastronomia-gaiak, etab.). Kulturen eta belaunaldien arteko talka horren ondorioz egoera ezohikoak, biziak, kontraesankorrak eta samurrak sortuko dira, eta ikasitakoa kapitalizatuko dute biek. 5 ataleko minitelesaila telebistarako.
1885. Eugénie sukaldariak Dodin gourmet ospetsuarentzat lan egin du azken 20 urteotan. Denbora igaro ahala, sukaldaritza eta elkarrekiko miresmena harreman erromantiko bihurtu dira. Bikoteak plater paregabeak sortu ditu, jale zorrotzenak asetzeko adina onak. Alabaina, Eugéniek bere askatasuna baloratzen du eta ez du inoiz Dodinekin ezkondu nahi izan. Orduan, Dodinek aurretik inoiz egin ez duen zerbait egitea erabakitzen du: Eugénierentzat janaria prestatzea.
Urte asko Beijingetik noraezean eman ondoren, Lin Shanshan hegoaldeko bere jaioterrira itzuli eta amonarekin bizi ohi zen etxe zaharra ostatu bihurtu zuen. Lau istorio zoragarri eta hunkigarri bizi izan zituen gonbidatuekin hor.
Leku ezkutu batean, Lima aldirietan, oso auzo txiro batean, patuaren apetek existitzea ahalbidetu zioten eskola bat dago: Pachacútec Sukaldaritza Eskola. 15 urtez baino gehiagoz, eskolak 400 sukaldariren baino gehiagoren bizitza goitik behera aldatu du, bizi zuten pobreziatik atera dituen ogibidea eman baitie eta ametsak eman baitizkie eta, horrenbestez, Peruko sukaldarien belaunaldi berri bat sortu baitu. Film dokumental honek eskola horretan ikasketak amaitu eta gaur egun mundu osoan arrakasta duten hiru ikasle gazteren kasua kontatzen digu. San Frantziskon, praktikaldi gisa hasi zen horrek Peruano jatetxe ospetsu bateko gozogintza-chefaren postura eraman zuen Jhosmery. Luxenburgon, Gersonek xede modernistak dituen sukalde bat zuzentzen du. Eta Liman, Alanek cevicheen ekintzailetza-proiektu arrakastatsu bat atera du aurrera. Aurrera egiteko aukera bat ikusi zuten gastronomian horiek denek.
She Chef filmak munduko sukaldaritza-kopa irabazi berri duen chef gaztearen −Agnesen− urratsei jarraitzen die, maisutasuna lortzeko bidaian, munduko jatetxe nabarmenetako batzuetan zehar.
EGITARAUA |
Nada
Sukaldaritza, komunikazioa eta enpresa gastronomikoa uztartzen dituen bokazioarekin, Narda Lepes figura polifazetikoa da. Arlo horietan duen trebetasuna bere literatura-lanetan geratzen da agerian (Comer y pasarla bien; Ñam Ñam - Manual para alimentar a un pequeño omnívoro; eta 201 tips para no comer como el or**), baita La Nación egunkari argentinarrean hamabost egunean behin duen zutabean eta telebistan egiten dituen agerraldietan ere. 2017an, Narda Comedor inauguratu zuen, 2018an Latin America's 50 Best Restaurants rankingean sartzea ekarri zion gertaera gogoangarri bat. 2019an, Narda Comedor Diario hezurmamitu zuen –gaur egun Lepes gozotegi sofistikatu bihurtua–, eta 2022an Narda Lokanta sortu zuen. 2023an, bere ikuspegi sortzaileak Kona irekitzera eraman zuen Lepes, Japoniako kultura gastronomikoaren omenaldi berritzailea. 2020ko azaroan, The World's 50 Best rankingak Latinoamerikako Emakume Chef Onena izendatu zuen, duen influentzia dela-eta.
Back to the South
Garrotxako landa-paisaian Les Cols jatetxea dago, ingurunearekin konprometitutako gune bat; bertan, baratzean landutako produktuei balioa ematen diete. Martina Puigvert familia-establezimendu horretako sukaldeburua da gaur egun. Basque Culinary Centerreko ikasle ohia, Martinak stage batzuk egin zituen ospe handiko zenbait jatetxetan, hala nola hauetan: Lua (Madril), Koy Shunka (Bartzelona), Blue Hill Stone Barns (New York) eta Gustu (Bolivia).
Carlos Casillas Ávilakoa da, eta 2021ean hasi zen ekintzailetzan MûD Wine Bar proiektuarekin, Basque Culinary Centerren ikasketak amaitu ondoren. Proiektua garatuz joan da apurka-apurka, ardo-tabernen esentzia alde batera utzi eta alderdi gastronomikoa hazarazteko; hala, Barro jatetxearen ateak ireki zituen 2023aren hasieran. Bere taldearekin batera, Casillasek eskualdeko herentzia gastronomiko eta kulturalaren transmisioan oinarritutako proposamen bat eskaintzen du, produktuaren eta haren historia eta jatorriaren bitartez.
Pachacútec, La Escuela Improbable
Alan Larreak plater-garbitzaile gisa garatu zuen sukaldaritzarekiko grina. Sektorearekiko interesa modu autodidaktikoan handitu ondoren, bere ametsa errealitate bihurtzeko aukera Pachacútec Fundazioaren laguntzari esker sortu zen. Gaur egun, Alan Percado jatetxeko sukaldean egiten du lan, Limako ceviche-barra arrakastatsu batean. Larrearen arrakasta nabarmena da, eta ikuspegi gastronomiko berri bat gauzatzeko prozesuan murgilduta dago chefa: kontzeptu erlaxatuago bat, non berak asmatutako hanburgesak eta saltsak eskainiko dituen.
Gerson Atalaya perutarra da, Gastón Acurio sukaldariak eta beste ongile askok babestutako Pachacútec Fundazioaren onuradun gazteetako bat. 2014an hasi zen gastronomia-ikasketak egiten, eta hala aurkitu zuen, izan ere, bere benetako pasio eta talentua. 2019an Luxenburgora joan zen bizitzera, Kay jatetxean hasi baitzen lanean. Sormenezko jatetxe modernoaren kontzeptua da Kay, eta sukaldeburu gisa aritu da aurtengo otsailera arte. Gaur egun, Gerson Sens Restaurant jatetxeko sukaldeburua da, hiri berean.
Jhosmery Cáceres Pachacútec Fundazioko gastronomia-graduatua da. Celler de Can Rocan laguntzaile gisa aritzeari esker, gozogintza maite zuela jakin zuen. Ondoren, Limako hainbat jatetxetan lan egin zuen. Gaur egun, San Frantzisko hirian kokaturiko eta Gastón Acurio chef perutar ospetsuaren jabetzako La Mar jatetxeko sukaldaria da.
She Chef
Agnes Karrasch Murnau am Staffelsee izeneko hiri txiki batean hazi zen, Bavariako Alpeen erdian. Chef izateko prestakuntza 2017an hasi zuen Vienako Steirereck jatetxean. Sukaldaritzako Munduko Kopa irabazi zuen Luxenburgon 2018an, Austriako gazteen talde nazionalarekin. Lehiaketaren ondoren, Vendome jatetxean egin zuen lan, Bartzelonako Disfrutarren eta Faroe Uharteetako Koksen. Hasiera batean bi hilabeteko egonaldia izan behar bazuen ere, Karraschen lantokia da harrez geroztik. Gaur egun, jatetxeko sous chefa da eta bigarren denboraldia ari da betetzen Groenlandian.
Poul Andrias Ziskak (Tórshavn, Faroe Uharteak, 1992) gastronomia ikasi zuen Food College Aalborge ikastetxean (Danimarka), eta izen handiko jatetxeetan aritu da, hala nola Geraniumen (Kopenhage) eta Mugaritzen (Errenteria). Gaur egun, Faroe Uharteetako Koks jatetxeko sukaldeburua da, eta bi Michelin izar eta izar berde bat irabazi ditu uharteen eta ingurunearen nortasuna aintzatesteko hartutako konpromisoagatik eta egindako lanagatik, antzinako eta tokiko osagaietan oinarritutako proposamen gastronomiko baten medioz.
Nino Fjordside Koks jatetxean ari da lanean 2021az geroztik, Ikerketa- eta Garapen-arduradun gisa. Kopenhagekoa jatorriz, Fjordsidek sukaldaritza eta gozogintza ikasi zituen, eta Europako jatetxe entzutetsuetan trebatu da, besteak beste, El Celler de Can Roca (Girona), L'air du Temps (Liernu, Belgika), Geranium (Kopenhague) eta Noma (Copenhague) jatetxeetan.
La passion de Dodin Bouffant
Sébastien Zozaya, Baionan jaioa, meilleur ouvrier de France da (Frantziako langilerik onena) 2019az geroztik. Zozaya Tarbeseko CFA eta Parisko CEPROC urdaitegi-eskolan trebatu zen eta hainbat sukaldetan egin izan du lan, hala nola Martín Berasateguirenean eta Alain Ducasseren Louis XV jatetxekoan (Monako), Bartzelonan eta Dubain hainbat esperientzia izateaz gainera. Biarritz eta Baionan dituen dendetan charcuterie pâtissière delakoa lantzen du, testurak, zaporeak eta diziplinak nahasteko teknika eta ezagupenen bidez prestaturiko gozotegi-hestebeteak, hain justu.
Fabian Feldmann chefak Michelin izar bat jaso zuen 2012an Biarritzen L'Impertinent jatetxea inauguratu eta hamar hilabetera. Nurembergen (Alemania) jaioa, Feldmann Europako jatetxe handietatik igaro zen, eta prestakuntza hainbat sukaldari entzutetsurekin batera jaso zuen, hala nola Michel Trama, Raimbault anaiak eta Pierre Gagnaire, besteak beste. Feldmannen sukaldaritza osagaien, eskualdeko produktuen eta teknika modernoen orekan dago funtsatuta.