"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Donostia Zinemaldiak, San Telmo Museoak, CIMA Zinemako eta Ikus-entzunezko Hedabideetako Emakumeen Elkarteak, ICAAk (Zinemagintzaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuak) eta Red Balloon Alliance elkarteak berriz ere bultzatuko dute Puxika Gorria –Zinemaldiaren egunetan (irailaren 22tik 30era) martxan egongo den sormen-jardueren ludoteka-zerbitzua–, Ludoteca Zorionak Kids & Party taldearekin elkarlanean.
Puxika Gorriaren bosgarren edizio honetan, aurrez aurreko formatuari eutsi zaio eta San Telmo Museoan egingo dira zerbitzuaren jarduerak oraingoan ere. Zerbitzua, Zinemaldian familia-kontziliazioa errazteko helburua duena, pertsona akreditaziodunen eta Zinemaldiaren antolakuntzako langileen seme-alabei zuzenduta egongo da.
Zerbitzua 2019an sortu zen, eta hasiera batean haurtzaindegia bazen ere, ludoteka bihurtu da, sei hilabetetik hamabi urtera bitarteko neska-mutilak biltzeko, kontziliazioa ahalik eta familia gehienei errazte aldera.
Red Balloon Alliance ekimenaren parte, Puxika Gorria Cannesko eta Berlingo zinema-jaialdien haurtzaindegiekin (Le Ballon Rouge eta Berlinale Kindergarten, hurrenez hurren) bateratutako jarduera da. Halaber, egitasmoa hedatuz doa, Punto de Vista (Nafarroa) eta Seminci zinema-jaialdiek ere bat egin baitute. Hainbat enpresa eta erakunderen babesa du Puxika Gorriak, besteak beste, honako hauena: Espainiako Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademia, AVALON, CIMA Zinemako eta Ikus-entzunezko Hedabideetako Emakumeen Elkartea, ICAA Zinemagintzaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutua, CINANDO, Danish Film Institute, ECPV-EHZE Euskal Herriko Zinema Eskola, EWA (European women’s audiovisual network), SGAE Fundazioa, German Films, Le collectif 50/50, Morena Films eta San Telmo Museoa. Gainera, DonostiKidSS, Itsas Museoa eta Zorionak Kids & Party ludoteka eta jostailu-dendaren laguntza du.
2022ko edizioan bezala, Puxika Gorriak 120 metro karratuko gune bat izango du San Telmo Museoan, eta, bertan, terraza estali bat eta barneko gune bat gaituko dira. Ludotekak 10:00etatik 18:00etara irekiko ditu ateak -irailaren 30ean izan ezik, 10.00etatik 13:00etara izango da Zinemaldiaren azken egun horretan-, eta inskribatutako haur bakoitzak gehienez ere segidako sei ordu igaro ahalko ditu bertan. Zorionak Kids & Party enpresako zaintzaileek euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez ematen dute arreta, eta halako guneetan jarduteko beharrezko aseguru guztiak dituzte. Lekuak mugatuak dira eta lehentasuna izango dute Zinemaldiko akreditaziodunek.
Ludotekan inskribatzen diren familiek doako haurrentzako jarduerak egiteko aukera izango dute Itsas Museoa zentroan. Zinemaldiaren bederatzi egunetarako tarifa 50 euro da; 30 euro hiru egunetarako; eta 15 euro egun baterako. Lekua eskatzeko, formulario hau bete beharko da, zehaztuta zer egunetarako nahi den erreserbatu zerbitzua eta zein den haurraren adina, eta Zinemaldiko akreditazioaren egiaztagiria erantsi behar da. Beste kontsulta edo eskaera batzuetarako, redballoonalliance@gmail.com helbidera idatzi behar da.
Gainera, aurten, nobedade gisa, Zinemaldiko publikoak ere ludoteka zerbitzua erabili ahalko du larunbatean (irailak 23) eta igandean (irailak 24), arratsaldez. Egun horietako saio baterako sarrera bat izanez gero, ludotekan hiru ordu (15:00etatik 18:30era) izango dituzu dohainik (edukiera bete arte). Ezinbestekoa da redballoonalliance@gmail.com helbide elektronikoan aldez aurretik tokia gordetzea eta erositako sarrera aurkeztea.