Guztira hemeretzi film luzez osatuta egongo da Made in Spain, Donostia Zinemaldiko sail ez-lehiazkoa, urteko film espainiarren hautaketa bat biltzen duena. 71. edizioan (irailaren 22tik 30era) bost film mundu-estreinaldi gisa emango dira; gainerakoak, ordea, aurretik nazioarteko beste zinema-jaialdi batzuetatik igarotakoak ala estreinatu berriak dira. Made in Spain Hispanitasek babesten du eta SGAE Fundazioaren laguntza du.
Álvaro Longoriak (Santander, 1968) −Hijos de las nubes, la última colonia (Made in Spain, 2012) dokumentalarengatik Goya sari bat irabazi zuen zuzendari eta ekoizleak− emango dio amaiera sailari; zehazki, mundu-estreinaldi gisa emango da Zinemaldian La vida de Brianeitor, ezgaitasun fisikoa izanda ere modako gamerrik handienetako bat bihurtu den gazte bati buruzkoa. Longoriak berrogeita hamar bat film luze ekoitzi ditu, eta maiz izan da Zinemaldian; izan ere, zuzendari gisa ere aurkeztu izan ditu bere lanak Donostian: The Propaganda Game (Zabaltegi-Tabakalera, 2015) dokumental izendatua, Ni distintos ni diferentes, Campeones (Belodromoa, 2018), Tequila. Sexo, drogas y rock and roll / Tequila. Sex, Drugs and Rock And Roll (Made in Spain, 2022).
Film laburrak zuzendu ondoren −horietako batek, Estocolmo (2010) izenekoak, Nesten parte hartu zuen−, Juan Francisco Viruegak (Almería. 1982) Amanece film luzea aurkeztuko digu, bere lehen film luzea, Donostian programatua mundu-estreinaldi gisa. Filmaren protagonistak bi ahizpa dira, eta gaixorik duten amari lagun egin bitartean bizitako gorabeherak kontatzen dizkigu filmak.
Asedio Miguel Ángel Vivasen (Sevilla, 1974) thriller bat da, Málagako Jaialdian lehiaketaz kanpo estreinatua. Vivasek El hombre del saco / The Bogeyman (2002) film laburrarekin parte hartu zuen Nesten lehen edizioan. Secuestrados (2010), Inside (2016) eta Tu hijo (2018) filmak zuzendu ondoren, film berri honek Natalia de Molina, Francisco Reyes eta Alejandro Casaseca aktoreak ditu protagonista, besteak beste.
Malena Alterio, Alexandra Jiménez, Fele Martínez, Antonio Pagudo, Eva Ugarte eta Juan Carlos Vellido dira Bajo terapia / Under Therapy filmeko protagonistak. Gerardo Herrero zinemagilearen (Madril, 1953) azken lanak Epaimahaiaren Sari Berezia lortu zuen Málagan talde-terapiara doazen hiru bikoteri buruzko film honengatik. Herrero epaimahai ofizialeko kide izan zen 1999an, eta Zinemaldian proiektu ugarirekin hartu izan du parte, hala nola hauekin: Frontera sur (Sail Ofiziala, 1998) eta Silencio en la nieve / Frozen Silence (Made in Spain, 2012).
Creatura, proiektu-fasean zegoela Ikusmira Berriak egonaldi-programatik igaro zena, Cannesko Quinzaine del cinéastes atalean estreinatu zen, non Europako film onenaren Europa Cinemas saria lortu zuen. Zuzendaria, Elena Martín Gimeno (Bartzelona, 1992), bere gorputzarekin adiskidetu nahi duen gazte batengana hurbiltzen da. Júlia ist (Made in Spain, 2017) filmarekin debutatu zuen egilearen bigarren film luzea da.
Juan Gonzálezek (Oviedo, 1991) eta Fernando Martínezek (Barcelona, 1991) osatzen duten Burnin’ Percebes kolektiboak El fantástico caso del Golem / The Fantastic Golem Affairs aurkeztuko du; film laberintiko honetan, Brays Efe, Bruna Cusi, Javier Botet, Anna Castillo, Luis Tosar eta Roberto Álamo aktoreak dira nabarmentzekoak. Málagako Jaialdian estreinatu zen Ikea 2 (2016) eta La reina de los lagartos (2020) filmen arduradunen lan berria.
Halaber, Els encantats filma ere Málagako Sail Ofizialean jaso zen eta gidoi onenaren Zilarrezko Biznaga irabazi zuen hor; Laia Costa da filmaren protagonista, eta alabaren absentziari lehendabizikoz aurre egin beharko dion emakume baten rola egiten du. Elena Trapéren (Bartzelona, 1976) hirugarren filma da; New Directors sailean aipamen berezia lortu zuen Trapék Blog (2010) filmarekin (bere lehen lana).
Málagako Jaialdiak emanaldi berezi bat programatu zuen Hay una puerta ahí estreinatzeko; ez-fikzio horren zuzendariak Juan (Montevideo, Uruguai. 1985) eta Facundo Ponce de León (Montevideo, Uruguai. 1978) dira; bi gizonen arteko adiskidetasuna deskribatzen digu filmak, batek besteari hiltzen laguntzen diola.
Made in Spainek Hormigas perplejas / Perplexed Ants filmaren mundu-estreinaldia ere hartuko du; euren industriaren erorketari aurre egiten saiatuko diren langileen giza paisaia marrazten du filmak. Mercedes Moncada Rodríguezen (Sevilla, 1972) ez-fikziozko azken lana da. La pasión de María Elena (2003), El inmortal / The Immortal (Horizontes Hautaketa, 2005), Palabras mágicas para romper un encantamiento / Magic Words (Breaking a Spell), Zabaltegi Bereziak, 2012) eta Mi querida España (Zabaltegi, 2015) dokumentalen egilea da Moncada.
Málagako Jaialdiko emanaldi berezi batean aurkeztua, La memoria del cine: una película sobre Fernando Méndez-Leite / The Memory of Cinema: A Film about Fernando Méndez-Leite Moisés Salamak (Melilla, 1953) zuzendutako dokumentala da; gaur egun Espainiako Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademiako presidente den kritikari eta errealizatzaile horri buruzkoa da.
Tesalonikako Zinema Dokumentalaren Jaialdian estreinatu zen Paloma Zapataren (Murtzia, 1979) La Singla. Hala, Peret: yo soy la rumba (2018) filmaren egileak 17 urterekin flamenkoaren mundua irauli baina 30 urte bete aurretik eszenatokietatik modu misteriotsuan desagertu zen dantzari bati arrastoa jarraitzen dio.
Las chicas están bien / The Girls Are Alright, Karlovy Varyko Jaialdian lehiatu zen filma, Itsaso Aranak (Tafalla, 1985) zuzendutako lehen filma da. Aranak Jonás Truebaren filmetan parte hartu izan du aktore gisa, hala nola hauetan: La Reconquista / The Reconquest (Sail Ofiziala, 2016), La Virgen de Agosto/ The August Virgin (Made in Spain, 2014) eta Tenéis que venir a verla / You Have to Come and See It (Made in Spain; Arana, halaber, gidoigileetako bat ere izan zen). Zuzendari gisa estreinatu duen film honetan, antzezle gisa ere parte hartuko du Aranak, eta Bárbara Lennie eta Irene Escolar nabarmentzen dira aktoreen zerrendan; landetxe batean antzezlan bat entseatzeko bilduko diren emakume talde baten rola egin dute.
Álvaro Gago (Vigo, 1986) izen bereko bere film laburrean oinarritu da Matria film luzea zuzentzeko. Gagoren lehen film luzea Berlinaleko Panorama sailean estreinatu zen, eta emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Biznaga irabazi zuen Málagan. María Vázquezek Galiziako herri batean bizi den eta testuinguru pertsonal eta laneko korapilatsu batean murgilduta dagoen emakume baten rola egin du.
Las consecuencias (2021) bere bigarren film luzerako proiektuarekin, Claudia Pinto Emperadorrek (Caracas, Venezuela. 1977) Zinemaldiko Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroaren Eurimages saria irabazi zuen. Donostia Zinemaldian berriz izango den aldi honetan, Mientras seas tú / While You're Still You aurkeztuko du estreinako aldiz; Carme Elías aktoreari Alzheimerra diagnostikatu ondoren gertutik jarraituko dio filmak.
Estos días (2014) eta Entrialgo (2018) film luzeak nazioarteko hainbat jaialditan erakutsi ondoren, Diego Llorentek (Pola de Siero, 1984) Rotterdameko Jaialdian parte hartu zuen bere hirugarren lan Notas sobre un verano filmarekin; filmean, neska gazte protagonista Gijónera itzuliko da uda igarotzera eta familiarekin, lagunekin eta aspaldiko maitasunekin egingo du topo berriz.
Santiago Auserón musikaria Kubara itzuliko da Juanma Betancorten (Santa Cruz Tenerifekoa, 1975) Semilla del son / Seed of Son dokumentalean, mundu-estreinaldi gisa programatuta. Radio Futurako lider ohia, gaur egun Juan Perro ezizenarekin ezaguna eta musikologo ospetsua, erritmo afrikar-karibetarren bidean egindako soinuzko road movie honen protagonista da, eta interprete kubatar ugarik ere parte lan dute.
Sica, Málagako Jaialdian lehiatu aurretik Berlinaleko Generation 14plus sailean aurkeztua, Nadar (2008), Volar (2012) eta Kaninambo (2012) filmen zuzendari Carla Subiranaren (Bartzelona, 1972) film luzea da. Costa da Morten aita arrantzalea galdu zuen nerabe baten istorioa kontatzen digu zinemagileak Sican.
Kirol-kazetaritzan eskarmentu handia duten Jesús Muñozek (Bartzelona, 1971), Xavi Torresek (Bartzelona, 1967) eta Santi Padrók (Bartzelona, 1961) Málagako Jaialdiko emanaldi berezietan estreinatutako film hau elkarrekin zuzendu dute. Unzué. L'últim equip del Juancar / Unzué. El último equipo de Juancar Juan Carlos Unzué Barçako entrenatzaile eta atezain ohiaren eguneroko bizitzaren deskribapena da, alboko esklerosi amiotrofikoaz diagnostikatua izan ondoren.
Alberto Ammannek gizonezko aktore onenaren Zilarrezko Biznaga irabazi zuen Málagako Jaialdian Alejandro Rojas (Caracas, Venezuela. 1976) eta Juan Sebastián Vásquez (Caracas, Venezuela. 1981) zinemagileen Upon Entry filmean egindako lanagatik (zinemagileen lehen lana da). Ammannek eta Bruna Cusik New Yorkeko aireportuko immigraziogunean sartu eta atxikitako bi senar-emazteren rola egin dute film honetan.
Jaio zenetik, Brianek bi hatz baino ezin ditu mugitu, muskulu-atrofia degeneratiboa baitu. Fenomeno bihurtu da Brian mundu osoan sare sozialei esker, modako gamer eta streamerra baita. Milioika follower ditu, egiten duen orotan jarraitzen diotenak, eta Javier Fesserren Campeonex filmarekin egin berri du debuta zineman. La vida de Brianeitor pelikulak gainditze-istorio liluragarri bat kontatzen digu: Brian nola bihurtu den Brianeitor2002, duen desgaitasun fisikoa gorabehera.
Alba bere jaioterrira itzuliko da bere bikotekidearekin hautsi ondoren. Han bere ahizpa Candelarekin topo egingo du berriz. Biek haurtzaroko zauriak itxiko dituzte, arnasa elkarrekin hartuko dute berriz eta ama gaixoari lagunduko diote azken egunetan, basamortua, itsasoa eta gatza lekuko direla.
Danirentzat espainola izatea bere herrialdea istiluen aurkako polizia gisa zerbitzatzea da, bere bandera ohoratzea, legea betearaztea. Alabaina, Madrilgo auzo gatazkatsu bateko etxegabetze batean dagoela, ustelkeria-sare batekin egingo du topo, eta bizirik irauteko ihes egin beharko du. Nasharen −etxetik bota berri duen nigeriar gazte baten− eta haren seme Littleren laguntza bakarrik izanik, konturatuko da lan egiten duen sistema ez dela irtenbidea; aitzitik, agian beti izan da arazoaren parte.
Hiru bikote ezohiko talde-terapiako saio batera joan dira. Psikologoak aginduak dituzten gutun-azalak utzi dizkie, eta denen artean arazoei heldu eta aztertu egin beharko dituzte. Proposatutako mekanikak euren iritzia ematera eta eztabaidatzera bultzatzen ditu, eta, azkenean, diren bezala agertuko dira. Umorez, pertsonaien bidaia emozionala uste ez zuten mugetaraino korapilatuko da.
Bere bikotekidearekin etxe berri batera bizitzera joan ondoren, Mila konturatuko da bere baitan dagoela desioa galtzearen kausa. Hortik aurrera, haurtzaroko eta nerabezaroko esperientziak berrikusteko bidaia bati ekingo dio, bere gorputzarekin adiskidetzeko itxaropenez.
Parranda baten ondoren, David, mozkorturik, terraza batetik eroriko da, Juan adiskidearen begirada ezinduaren aurrean. Daviden gorputza mila puskatan desegingo da auto baten kapota jo ondoren. Inor eskandalizatzen ez dela dirudienez, Juanek zer gertatu den jakin nahiko du. Eta horrela, inkongruentzien eta zerutik erortzen diren pianoen labirinto batean murgilduko da.
Duela gutxi banandu da Irene, eta lehen aldiz egin beharko dio aurre lau urteko alabaren absentziari, aitarekin joan baita haurra egun batzuk igarotzera. Ez denez gai errealitate berri horretara egokitzeko, Pirinio Kataluniarreko herri txiki batean duen etxera joango da, aspaldi galdutakotzat sentitzen dituen segurtasun eta lasaitasuna berreskuratzeko. Alabaina, leku hori, hain ezaguna izan zena, bere bizitza berria bezain ikaragarri agertuko da pixkanaka, eta ihes egiteari utzi eta beldurrari aurre egin beste erremediorik ez du izango.
Bi gizonen arteko adiskidetasun baten sorreraren deskribapena, batek besteari hiltzen laguntzen diola kontatzen diguna. Minaren onarpena, umore-sena eta familia eta lagunekiko konpromisoa ikusiko ditugu Enric eta Fernandoren solasaldi birtualetan, pandemiak galarazi egin baitzien elkar ikustea.
Bigarren industria-iraultzaren amaieran, eskuekin itsasontziak eta hegazkinak egiten dituzten gizon eta emakumeek aurre egiten diote industriaren gainbeherari Europa hegoaldeko eskualde txiki batean, eta, aldi berean, XXI. mendeko ekoizpen-harremanen eraldaketaren arrastoa deskribatzen dute.
Fernando Méndez-Leite Espainiako zinemaren historiako funtsezko pertsonetako bat da, mende-erditik gorako kultura zuinatu duena. Bere bizitzak eta memoriak gure zinematografiaren narrazioa ez ezik, kulturarena, politikarena eta bizitako aldaketa sozialena ere jasotzen du. Méndez-Leiteren memoriak eta oihartzun autobiografiko nabariak dituen eleberri bat idatzi izana aukeratu da, dokumental honetan, gizonaren biografia bere memoria ikaragarriaren bidez ezagutzeko.
Jaio eta gutxira gor geratu zen Antonia Singla, baina musika entzun gabe ikasi zuen dantzan. 17 urterekin flamenkoaren mundua irauli zuen, baina agertokietatik desagertu zen 30 urte bete baino lehen. Mende-erdi geroago, emakume bat La Singlaren desagerpenaren misterioa argitzen eta hura aurkitzen saiatuko da, emakumearen historia lazgarria bere ahotik entzuteko. Filmak iragana eta oraina uztartu eta artxiboko irudiak musika eta soinu grinatsuekin konbinatzen ditu.
Udan, neska talde bat astebetez elkartuko da landetxe batean antzezlan bat entseatzeko. Elkarrekin bizi diren bitartean, adiskidetasunari, antzezpenari, maitasunari, zurztasunari eta heriotzari buruzko ezagutzak trukatuko dituzte, partekatzea hobera egiteko gakoa izango delako itxaropen ezkutuarekin. Las chicas están bien udako ipuin bat da: printzeak, zaldiak, apoak, sutzar bat, festa bat, ibai bat, gutun ugari eta are printze despistatu bat.
Ramona Galiziako herri batean bizi da, tentsio handiko eta ezin iragarrizko testuinguru pertsonal eta laneko batean murgilduta. Bere alaba Estrellari etorkizun ona emateko dena sakrifikatzen du beti, baina barrura begiratu beste erremediorik ez du izango; agian, bizitzeko arrazoi berri bat du.
Antzerkian, zineman eta telebistan 50 urte eman ondoren, Alzheimerra diagnostikatu diote Carme Eliasi. Haren lagun Claudia Pinto zuzendariarekin batera, Eliasen azken bidaia kontzientea egitea erabaki du. Antzeztu dituen pertsonaiek lagundu egiten diote Carmeri trantze horretan, fikzioaren eta errealitatearen arteko mugak desagertzen diren bitartean. Mientras seas tú / Mentre siguis tu ispilu-joko etengabea da, maitasun- eta adiskidetasun-ituna. Film "bizia" da eta Zinemaldian eman bitartean jarraituko dute filmatzen, oraina harrapatzeko eskakizun irmo gisa.
Marta, bere mutil-lagun Leorekin Madrilen kokatzen ari dela, Gijónera itzuliko da udako oporrak igarotzera. Bere lagun Elenarekin udako jarduerak egiten ditu: hondartza, berbenak, etab. Hondartzan Pablorekin egingo du topo berriz. Kafea hartzeko geratuko dira. Hainbat aldiz geratu eta azkenean sexu-harremanak izaten hasiko dira, gero eta maiztasun handiagoz, harremanari berriz heltzea pentsatzeraino. Leo Asturiasera joango zaio bisitatzera. Martak Leorekiko harremana ez haustea erabakiko du.
Santiago Auserón sonaren erritmo-jakinduriaz blaitu zen 1984an Kubara egin zuen lehen bidaiaz geroztik, eta eragin hori bere musika-ibilbidera eraman du, berrikuntza mestizo gisa, rockean. Bere egungo proiektua, Juan Perro, bere soinu-laborategia da eta Kuba, Espainia eta New Orleans sintetizatzen ditu bertan. Espainiako tradiziotik abiatu eta Mississippiko deltara egiten du hegan blues forman; tartean geldialdi bat egiten du Kubako sonean eta New Orleanseko jazzarekin funsionatzen du azkenik. Espainiako kultura postmodernoko irudi karismatikoenetako baten unibertsoan barneratzen gaituen road movie musikal bat.
Sicak −14 urteko neska batek− obsesio bat du: itsasoak aitaren gorpua itzul diezaion, Costa da Morten (Galizia) hondoratutako ontzi batean dezagertu baitzen hura. Labarrak zeharkatzen dituela, Suso el Cazatormentas ezagutuko du, Sica bezain mutil arraro bat; Suso Ofelia −ekaitz guztien ama− noiz iritsiko zain dago, eta istripuaren nondik norakoak ikertu eta aurkikuntza-bidaia mingarri batean murgilduko da neskatoa. Sicari zera iruditzen zaio, hazi zeneko marinel-herria −ozeanoaren basakeriak eta naturaren desoreka gero eta handiagoak markatuta− ez dela sekula herri hura izango.
Juan Carlos Unzuéren eguneroko bizitzaren kontakizuna bi urte eta erdiz, 2020ko ekainean Barçako entrenatzaile eta atezain ohiak alboko esklerosi amiotrofikoa duela jakinarazi zuenetik. Gaixotasuna ikusarazi nahi izan zuen hasieratik, gaixoei laguntzarik ematen ez zitzaiela salatzeko; horrez gain, ekitaldi handi bat antolatzeko asmoa adierazi zuen, ahalik eta diru gehien bildu eta diru hori ikerketara bideratzeko. Dokumentalean, FC Barcelona eta Manchester Cityko buruzagiekin futbol-partida bat antolatzeko egindako bilera eta elkarrizketa guztiei jarraipen zehatza egiten zaie (4,3 milioi euro bildu ziren partida hartan). Aldi berean, Unzuék etxeko ateak ireki eta bere endekapen fisikoaren bilakaera erakusten digu.
Diego, hirigile venezuelarra, eta Elena, Bartzelonako dantzari garaikidea, Estatu Batuetara joango dira bizitza berri bati ekiteko, bisa onartuak izanik. Alabaina, Newarkeko aireportuko immigrazio-alorrean sartzean, bigarren mailako ikuskapenerako gelara eramango dituzte. Bertan, mugako bi agentek ikuskapen-prozesu bat eta psikologikoki nekagarria den galdeketa bat egingo diete, bikoteak ezkutatzen duen zerbait ote duen jakin nahian.