Zabaltegi-Tabakalera sailak gehienbat Berlindik, Cannestik, Locarnotik, Veneziatik eta beste hainbat zinema-jaialditatik ateratako lanen hautaketa bat hartuko du Donostia Zinemaldiaren 71. edizioan. Zinemaldiko lehiazko sail irekienean (ez dago mugarik estilo edo denborari dagokienez) Ion de Sosa, Andrés Di Tella, Ashmita Guha Neogi, Kohei Igarashi eta Rati Oneli egileen mundu-estreinaldiak erakutsiko dira, Paul B. Preciado, Delphine Girard, Jean-Luc Godard, Yui Kiyohara, Damien Manivel, Rodrigo Moreno, Éléonore Saintagnan eta Eduardo Williams zinemagileekin batera. Sailean 25 filmek hartuko dute parte: hamabost film luzek, zortzi film laburrek eta bi film ertainek.
Zabaltegi-Tabakalera saila Yui Kiyohara zinemagileak (Tokio, Japonia. 1982) zuzendutako Subete no Yoru wo Omoidasu / Remembering Every Night filmarekin inauguratuko da; Kiyohararen lehen filma Watashitachi no ie / Our House (2018; Berlinaleko Forum sailean bildua) izan zen. Sail horretan bertan aurkeztu du aurten bere bigarren film luzea, emakumezko zenbait pertsonaiaren azterketa bat. Inaugurazio-saioan Jean-Luc Godard (Paris, Frantzia. 1930 – Rolle, Suitza. 2022) zuzendariaren hil ondoko film labur bat ere emango da: Film annonce du film qui n'existera jamais: ‘Drôles de Guerres’ / Trailer of the Film That Will Never Exist: ‘Phony Wars’.
Ulises de la Orden (Buenos Aires, Argentina. 1970) dokumental-zuzendariak emango dio giltza sailari. Hala, El juicio / The Trial erakutsiko du argentinarrak, Berlinaleko Panorama sailean estreinatutako ez-fikzio bat, Argentinako diktaduraren batzar militarren aurka 1985ean egindako prozesu judiziala xehetasunez dokumentatzen duena.
Cannesko zinema-jaialdiko film laburren lehiaketa ofizialean programatua, Guillermo García Lópezek (Madril, Espainia. 1985) zuzendutako Aunque es de noche / Even Though it's Night filma La Cañada Realeko 6. sektorean kokatuta dago (La Cañada Real legez kanpoko kokaleku bat da eta Madrilgo aldirietan dago). Madrildarraren lehen lan Frágil equilibrio (2016) izan zen eta film dokumental onenaren Goya saria eraman zuen. Halaber, aurten beste film labur bat ere aurkeztu du Cannesko Quinzaine des Cinéastes atalean, Mariana Bártolorekin batera zuzendutako As gaivotas cortam o céu / Seagulls Cut the Sky, hain zuzen.
Bere film laburrak FID Marseille, Visions du Réel eta halako jaialdietan erakutsi ondoren, Éléonore Saintagnan (Paris, Frantzia. 1979) Camping du lac filmarekin estreinatu zen film luzeen zuzendaritzan. Saintagnan bera da film horretako protagonista, eta aintzira baten ondoan bungalow bat alokatzen dueneko istorioa kontatzen digu; diotenez, kondairazko piztia bat bizi da aintzira horretan. Locarnoko zinema-jaialdiko Cineasti del Presente sailean parte hartu berri du filmak, eta Epaimahaiaren Sari Berezia beretu du hor.
Izen bereko bere film labur batean oinarritua, Xue yun / Absence Wu Langen (Yiyang, Txina. 1991) lehen film luzea da; Berlingo zinema-jaialdiko Encounters sailean izan zen egile txinatarra elkarri lotutako patuak izaten jarraitzen duten bi maitale zaharren kontakizun honekin. Zuzendariak bi lanekin hartuko du parte Zabaltegi-Tabakalera sailean. Izan ere, Absence emateko saio berak Duan Pian Gu Shí / Short Story film laburraren emanaldia ere barne hartuko du. Veneziako Orizzonti sailean estreinatuko den film horren protagonista gizon bat da, eta aspalditik ikusi ez duen emazteak agur esango diola amets egiten du.
Locarnoko zinema-jaialdiko lehiaketa ofizialetik etorria –film onenaren Urrezko Lehoiabarra irabazi zuen bertan El auge del humano / The Human Surge (2016) filmarengatik–, Eduardo Williamsek (Buenos Aires, Argentina. 1987) bere bigarren film luzea aurkeztuko du, El auge del humano 3 / The Human Surge 3, mundu bitxi eta misteriotsu batean girotutako istorio bat, hain justu. Kritika independenteak film onenari emandako Urrezko Boccalino Saria irabazi du lanak Locarnon.
Berriz bere aita zaharrarekin bizitzera behartutako gizon bat da Gamopituli Khalkhi / We Are The Hollow Men film laburreko protagonista. Zuzendaria, Rati Oneli (Tbilisi, Georgia, 1977), Dasatskisi / Beginning (Dea Kulumbegashvili, 2020) filmaren ekoizlea, gidoigileetako bat eta aktorea ere bada. Film onenaren Urrezko Maskorra, zuzendaritza onenaren eta emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorrak eta gidoi onenaren Epaimahaiaren Saria irabazi zituen Kulumbegashviliren obrak. Oneliren City of the Sun dokumental hibrido saritua Berlingo zinema-jaialdiaren 2017ko edizioan estreinatu zen.
Berlinaleko Encounters saileko film onenaren sariaren irabazlea Here izan zen; film horretan, Bas Devosek (Zoersel, Belgika. 1983) erromantze baten aukerak jaioterrirako itzulera atzeratuko dion etorkin baten istorioa kontatzen digu. Bere aurreko film luzeekin Berlingo zinema-jaialdiko beste sail batzuetan parte hartu izan du Devosek, baita Cannesko Quinzaine des Cinéastes atalean, Rotterdamen eta Karlovy Varyn ere.
Damien Manivelek (Brest, Frantzia. 1981) aipamen berezia lortu zuen FID Marseille jaialdiaren lehiaketa frantziarrean L'Île / The Island lanarekin; adiskidetasunari eta heltzeari buruzko istorio bat kontatzen digu Manivelek bere filmean. Film honekin, Manivelek hirugarrenez hartuko du parte Zabaltegi-Tabakaleran, La nuit où j'ai nagé / Oyogisugita Yoru / The Night I Swam (2017) –Kohei Igarashirekin batera zuzendua eta Veneziako Orizzonti sailean esterinatua– eta Les enfants d’Isadora / Isadora’s Children (2019) –zuzendaritza onenaren saria beretu ondoren aipamen berezia lortu zuena Locarnon– filmak ere aurkeztu baitzituen sail horretan.
La Palisiada Philip Sotnytxenkoren (Kiev, Ukraina. 1989) lehen lana da, FIPRESCI saria irabazi zuen Rotterdamgo zinema-jaialdiko Tiger lehiaketan, eta bi lagun ditu protagonista, polizia-detektibe bat eta auzitegiko psikiatra bat, hilketa baten ikerketan sartuak biak.
Rodrigo Morenok (Buenos Aires, Argentina. 1972) aipamen berezia lortu zuen Horizontes Latinos sailean El custodio (2006) lanarekin, eta oraingoan Zabaltegi-Tabakaleran parte hartuko du Cannesko zinema-jaialdiko Un Certain Regard sailean estreinatutako Los delincuentes / The Delinquents lanarekin. Moránen eta Románen istorioa kontatzen digu Morenok bere film luze berrian. Bankuko bi langile horien errutina zeharo aldatuko da horietako batek euren sukurtsalean lapurtzen duenean.
Andres Di Tella (Buenos Aires, Argentina. 1958) Horizontes Sariaren epaimahaikide izan zen Donostian 2016an, eta 2022an, berriz, Nesteko epaimahaiburu izan zen; oraingoan, bere lan berriarekin itzuliko da: Mixtape La Pampa film luzea Argentinaren nortasuna eratzeko funtsezko sinbolismoa duen eremu bateko paisaian barneratzen da. 327 cuadernos (2015), Ficción privada / Private Fiction (2019) eta Diarios (2022) lanekin hartu izan du parte errealizadoreak Zabaltegi-Tabakaleran.
Berlinaleko Encounters sailean sariak erdietsi zituen beste film saridun bat ere erakutsiko da Zabaltegi-Tabakaleran; izan ere, Orlando, mi biografía política / Orlando, My Political Biography obrak lau sari lortu zituen Encountersen, tartean Epaimahaiaren Sari Berezia. Bere lehen film luzean, Paul B. Preciado idazle, filosofo eta aktibista (Burgos, Espainia. 1970) Virginia Woolfen eleberritik abiatzen da generoa, gorputz ez-bitarrak eta halako gaiak jorratzeko.
Atsushi Hiraik (Toyama, Japonia. 1989), Locarnon parte hartu zuen Return to Toyama bere lehen film laburrarekin, eta Quinzaine des Cinéastes ataleko film laburren sailetik igaro zen lan bat erakutsiko digu oraingoan Zabaltegi-Tabakaleran. Oyu filmean, gizon batek galdutako objektu baten bila bainu publiko batzuetara egingo duen bisita deskribatzen du zuzendariak.
Ashmita Guha Neogi indiarrak (Delhi, 1991) Nest Saria irabazi zuen CatDog filmarengatik, bere lehen film luzea prestatzen ari da gaur egun, eta Sīlan aurkeztuko du oraingoan, ama hitzen zaienean berriz harremanetan jartzen diren bi anai-arrebei buruzko film ertaina.
Delphine Girard (Quebec, Kanada. 1990) Zabaltegi-Tabakaleran lehiatuko da bere lehen film luzearekin; zehazki, Quitter la nuit / Through the Night film luzeak Oscar sarietarako izendaturiko Une soeur / A Sister film laburraren ideia garatzen du. Filma, Veneziako Giornate degli autori atalerako hautatua, indarkeriak markatutako hiru pertsonaiaren jarraipena da.
Blazh / Grace Ilya Povolotskyren (Izhevsk, Errusia. 1987) fikziozko lehen film luzea da. Egileak Quinzaine des Cinéastes atalean hartu zuen parte bi aita-alaben kontakizun samur eta kontenplaziozko horrekin; filmean ikusiko dugu aita-alabek zinema-proiektore batekin bidaiatzen dutela paisaia atsekabegarri batean barrena.
Shaylee Atary aktore eta zuzendariak (Rishon Lezion, Israel. 1989) bere bigarren film laburra aurkeztuko du, Or panas yachid / Single Light; Jerusalemgo zinema-jaialdian estreinatua, sexu-eraso bat jasan duen emakume bat da filmaren ardatza. Bere lehen film laburrarekin (Neurim) Cannesko Cinéfondation sailean egon zen.
Ez da izango Kohei Igarashik (Shizuoka, Japonia. 1983) Zabaltegi-Tabakaleran parte hartuko duen lehen aldia; izan ere, arestian aipatutako Damien Manivelekin batera zuzendutako eta Veneziako Mostrako Orizzonti sailean emandako La nuit où j'ai nagé / Oyogisugita Yoru / The Night I Swam (2017) filmarekin ere parte hartu zuen. Manivel da, hain zuzen ere, Igarashiri Zabaltegi-Tabakalerara itzultzea ahalbidetu dion lan berriaren ekoizlea; oporrak elkarrekin igarotzen dituzten haurtzaroko bi laguni buruzko Suigyo no majiwari / Two of Us film laburraz ari gara.
Hautaketak Espainian ekoitzitako eta jada iragarritako lau lan ere barne hartuko ditu: Antier noche / Nights Gone By Alberto Martín Menachoren (Madrid, 1986) lehen film luzea da, Ikusmira Berriak egonaldietarako eta proiektu-garapenerako programan garatua eta Visions du Réel jaialdian estreinatua; An Pham Thienek (Vietnam, 1989) zuzendutako Bén Trong Vo Ken Vang / Inside the Yellow Cocoon Shell nazioarteko ekoizpena da, Urrezko Kameraren –Cannesko zinema-jaialdiko debutik onenak jasotzen duen golardoaren– irabazlea; Mamántula Ion de Sosak (Urnieta, 1981) zuzendutako film ertaina da, eta egileak Leyenda dorada / The Golden Legend (2019) ere zuzendu du (besteak beste), Berlinalean lehiatu ondoren Zabaltegi-Tabakaleran emandako film laburra; eta, azkenik, Contadores Irati Gorostidik (Eguesibar, 1988) zuzendutako film laburra da, Cannesko Semaine de la Critique atalean parte hartu eta Kimuak programaren katalogoan bildu zena.
Donostia Zinemaldiak eta Tabakalera-Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak antolatutako Zabaltegi-Tabakalera saileko film guztiak Zabaltegi-Tabakalera Saria –horretarako eratutako epaimahai batek emana– irabazteko hautagaiak dira. Saria 20.000 eurokoa da: 6.000 euro zuzendariarentzat eta beste 14.000 euro filma Espainian banatzen duenarentzat.
Inposaketa alfabetiko kontaezin guztiak baztertuz etengabeko metamorfosiak eta metaforak hizkuntza beharrezko eta erreal bat askatzeko, zuzendaria iraganeko filmaketen kokalekuetara itzultzen da baina garai modernoen kontakizunari eusten dio aldi berean.
Tokio aldirietako Tama New Town delakoan −1971n herrialdeko etxebizitza-proiektu handien gisa sorturiko auzoan− kokaturiko istorioa, hiru emakumeren bizitzak ehuntzen dituena. Egun batean pertsona baten oroitzapen baliotsuak durundi egiten du beste baten bizitzan.
1985, Buenos Aires, Argentina. Azken diktadurako (1976/83) Batzar Militarren epaiketa ari da gauzatzen, gizateriaren aurkako krimenengatik salatuak izan ondoren. Bigarren Mundu Gerraren ondoren Nurembergen jazo zen bezala, epaiketa osoa U-matic zintetan grabatu zen. 90 egunez, izugarrikeriaren testigantzak eta azken epai bat entzun ziren: "Sekula gehiago ez". Diktaduraren defendatzaileak eta hura babestu zutenen jarrera politiko eta ideologikoak. Torturaren eta minaren istorioak biktimen ahotsean. Bizitza eta heriotza areto berean. Iraganeko artxibo gisako film bat, abiapuntu bat planteatzen duena.
Juan Franciscok hamabi urte ditu eta Extremadurako hegoaldeko herri batean bizi da, milaka urteko artez eta eguzki-plakaz inguratutako toki batean. Galgoekin ehizatuz, haurrak gizakien eta animalien arteko harreman estua ezagutuko du. Santi eta Antonio gazteak dira eta modernitatearen parte; ohitura zaharrenekin uztartzen den modernitate baten parte, hain zuzen. Pepa hiltegian sasoikako langile gisa jarduten duen ama gazte bat da. Gazte horien guztien erretratuaren bidez, erbiak eta astoak, maitasun istorioak, suteak eta raveak biltzen dituen lurralde bat azaleratuko da.
La Cañada, Europako kokaleku irregular handiena, urtebete baino gehiago egon da argindarrik gabe. Suaren argitan, Tonik −13 urteko mutiko batek− jakingo du Nasser −bere lagunik onena− betiko joango dela. Etorkizun posible bati buruzko kondairen artean, Tonik bere lagunarekin emango dituen azken uneak harrapatuko ditu eta harekin konektatuta mantentzeko modu bat bilatzen saiatuko da.
Thien uzkurrak Saigonen moto-istripu arraro batean hildako koinataren gorpua eta mirakuluz bizirik atera den haren seme Dao, bost urtekoa, bere jaioterrira eraman behar ditu, landa-eremura. Thien urte batzuk lehenago desagertu zitzaion anaia nagusia bilatzen hasiko da, Dao haren eskuetan uzteko. Bidean, Thienek amets iradokitzaileak eta topaketa liluragarriak izango ditu, eta horiek oroitzapen erreprimituak eta desira debekatuak piztuko dizkiote. Bilaketa fantasmal horien labirintoan, bizitzeko arrazoiari buruzko krisi existentzial bati aurre egin beharko dio Thienek.
Autokarabana zahar bat Errusiako probintzia urrun bat zeharkatzen ari da, barruan nerabe bat, haren aita eta herdoildutako film-proiektagailu bat daramatzala. Denbora luzea daramate errepidean, leku misteriotsu eta bitxien artean noraezean, isolatutako lekuetan zehar. Alaba ohituta dago aitaren malenkoniara eta haren bizitzan joan-etorrian ibili ohi diren emakumeetara. Aitak alabaren gutiziak jasaten ditu. Baina dena aldatuko da iparralderako bidaian, euren mundua −toki estu hartan itxaropen, zauri, beldur eta lurperatu gabeko iraganarekin batera paketatua− azkenean lehertzen denean.
Éléonore mendebalderaltz doa, baina autoa Bretainia erdian (Frantzian) matxuratuko zaio. Han bungalow bat alokatuko du laku baten pareko kanpin batean; diotenez, elezaharretako piztia bat bizi da laku horretan. Mobile hometik mobile homera, orainaldia behatu eta iragana gogoratuko du protagonistak eta, azkenean, fikzioak hartu egingo du.
1978an, metal-arloko hitzarmen berri baterako negoziazioetan, militante libertario multzo batek, fabrikako lankideen aurrean bere jarrera erradikala defendatzen duen bitartean, etsipen handia sentituko du langile mugimenduaren atomizazioa ikustean.
Adin ertaineko gizon batek emaztearekin egiten du amets (aspalditik ez du ikusi emakumea), agur esaten diola. Esnatzean, harremana salbatzen saiatuko da.
Hainbat adiskide talde noraezean dabiltza mundu euritsu, haizetsu eta ilun batean. Elkarrekin ematen dute eguna, euren lan etsigarrietatik aldentzen saiatzeko, aukera berrien misteriorantz sigi-saga etengabe.
Urteak kanpoan eman eta porrot egin ondoren, seme iriole batek aita zaharraren etxera itzuli behar izan du. Bi gizonak, beren emozio kontrajarriekin borrokan, oroitzapen, amets eta beldurrei aurre egin beharko diete bere garaian elkartu zituen emakume hura jada existitzen ez deneko mundu batean.
Stefan, Bruselan bizi den eraikuntzako langile errumaniar bat, bere herrialdera itzultzear dago. Zopa handi bat prestatu du lapiko batean hozkailuan zituen soberako gauzekin, lagun eta senideen artean agur-opari gisa banatzeko. Joateko prest dagoela, goroldioei buruzko doktoretza prestatzen ari den neska txinatar-belgikar bat ezagutuko du. Ia ikusezina denari emandako arretak seko geldiaraziko du.
Rosak eta bere lagunek gaua "uhartean" igarotzea erabaki dute, beren erresuma bihurtu duten hondartza-tarte batean. Udako azken gaua da, 18 urte betetzear daude, denetarik ari dira esperimentatzen eta agur esango diote elkarri.
Ukraina, 1996. Bost hilabete geratzen dira herrialdean heriotza-zigorra eteteko, eta bi lagun zahar, poliziako detektibe bat eta auzitegiko psikiatra bat, lankide baten hilketa ikertzen ari dira. Gazterik, bi protagonistak hildakoaren alargunarekin maiteminduta zeuden. Iraganeko oroitzapenetan murgilduta, euren seme-alabek bizi beharko duten etorkizuna sortuko dute oharkabean, euren gurasoen itxaropen galduen fruituak bilduz.
Morán, Buenos Airesko banku-langile bat, bere burua eta lankide Román lan-kateetatik askatzeko plan arriskutsu bat pentsatzen ari da: Moránek bankutik diru nahikoa lapurtuko du bien erretiroa finantzatzeko, baldin eta Románek dirua ezkutatzen badu, hark delitua aitortu eta zigorra bete ondoren; hiru urteren buruan, elkartu, dirua banatu eta ez dute berriro lan egin beharko. Mendira doala tratuaren bere zatia betetzera, Románek, bere adiskidea bezain ausarta ez den horrek, Moránek askapen ekonomikoari buruz duen ikuspegi idilikoak eraldatuta ikusiko du bere burua, hiriko bizitzaren laztasunetatik urrun. Alabaina, zein da askatasunaren benetako prezioa?
Mamántula denek desio duten mutila da, baina baita isilpean gizakiz trabestitutako armiarma erraldoi bat ere, paradisu urrun batean izandako topaketa labur batean sortua. Sauna brutalisten, metroko korridore amaigabeen eta gabardinaz eta kapelaz jantzitako detektibeen orainaldi alternatibo batean, Mamántularen maitaleak haren odol- eta semen-lizunkeria aseezinaren biktima bihurtzen dira; hala, hariak sortzen ditu apurka-apurka Mamántulak bere dimentsiora itzultzeko ehuntzen ari den izar-amaraunean.
La Pampan zehar egindako bidaia luze baten egunkari zinematografikoa da hau, Guillermo Enrique Hudsonen −William Henry Hudson izenez ere ezaguna denaren− pausoei jarraituz. Hudson irudi enigmatikoa da, paradoxaz betea: gautxo argentinarra zela idazle ingeles bihartu zen. Armadan borrokatu zuen "basatien" aurka, baina defendatu ere egin zituen. Obsesioz idatzi zuen bere jaioterriaz, baina ez zen hara inoiz itzuli. Bidearen bolta eta erreboltetan, nahastu egiten dira uste dokumentala, oroimen pertsonala... eta ametsak.
Lalik sexu-eraso bat izan du Tel Aviveko aparkaleku batean. Esnatu, baina begia mugitu ezinik, farola bakar bati begiratzen dio finko. Hurrengo goizean, Lali onartu nahi ez duen errealitate batean esnatuko da.
1928an, Virgina Woolfek Orlando argitaratu zuen; istorioaren erdian pertsonaia nagusia sexuz aldatu deneko lehen eleberria izan zen Orlando. Mende bat geroago, Paul B. Preciado filosofoak Virginia Woolfi gutun bat idaztea erabaki du: bere Orlando fikziotik atera da eta inoiz imajinatuko ez zuen bizitza darama.
Urteko azken eguna da eta gaua iristen ari da Toyama hiri japoniar txikira. Gizon bat komun publikoetara doa ahaztutako objektu bat berreskuratzera. Alabaina, bainu bero baten promesak hor barruan geratzera behartuko du gizona.
Gau batean, arriskuan den emakume batek poliziari deitu eta Annak dei hori hartuko du. Gizon bat atxilotuko dute. Asteak igaro eta auzitegiek frogak bilatu ahala, Aly, Anna eta Daryk ahaztu ezinezko gau hartako oihartzunei aurre egin beharko diete.
India mendebaldeko itsasertzean, urrutiko herri batean, elkarrengandik urrun bizi diren bi anai-arreba, Rachana eta Prakash, amaren hileta-errituak egiteko elkartuko dira berriz. Hurrengo egunak elkarrekin ematen dituztela, gizona eta emakumea elkarrengana hurbilduko dira, baina kontu handiz; bata ahazten saiatuko da, eta bestea, berriz, euren maitasunaren oroitzapena gordetzen ahaleginduko da.
Sano eta Miyata, haurtzaroko bi lagun, elkarrekin daude Ozeano Barearen aurreko resort batean, oporretan. Miyata, konspirazio-teoriekin obsesionatuta, Sano konbentzitzen saiatzen da halako ideietan sinets dezan, baina Sanok ez duenez sinetsi nahi, ika-mika dabiltza. Miyataren telefonoak egun osoa ematen du joka, eta Sanok, pazientzia galdu ondoren, dei bati erantzungo dio. Miyataren aita da eta gauza ulertezinak esaten ditu, dementziagatik seguruenik. Telefonoa harrituta eskegi eta etxera joaten saiatuko da Sano Miyatarekin.
Espetxean hamar urte eman ondoren, Yu bere jaioterrira −Hainan uhartera− itzuli eta Hongekin −bere aspaldiko maitalearekin− zuen harremana berpizten saiatuko da. Hongek apartamentu bat nahi du erosi eta horrek zenbait zailtasun ipiniko dizkie, baina nekaezinak direnez, nahikoa indar izango dute bakoitzak bere bizitzarekin jarraitzeko eta bestearen absentzia konpentsatzeko.