Urrezko Palma, Epaimahaiaren Sari Nagusia eta Cannesko Epaimahaiaren Saria, Berlinaleko Epaimahaiaren Sari Nagusia eta Sundance, Venezia eta Toronton hautatutako beste film batzuk lehiatuko dira Donostia Hiria Publikoaren Saria eskuratzeko. Maite Alberdi, Nikolaj Arcel, J. A. Bayona, Stéphanie Di Giusto, Michel Franco, Matteo Garrone, Craig Gillespie, Jonathan Glazer, Ryûsuke Hamaguchi, Todd Haynes, Aki Kaurismäki, Hirokazu Kore-eda, Christian Petzold, Celine Song, Warwick Thornton, Justine Triet eta Wim Wenders zinemagileek osatuko dute Donostia Zinemaldiaren 71. edizioko Perlak sailaren film-hautaketa. Eta Ladj Ly Les Misérables filmaren egilearen film berriak itxiko du saila lehiaketaz kanpo.
Jonathan Glazer britainiarrak (Londres, Erresuma Batua. 1965) inauguratuko du sailaren lehiaketa The Zone of Interest filmarekin. Under the Skin film goretsia zuzendu eta hamar urtera itzuli da egilea film luzera. Martin Amisen izen bereko eleberriaren egokitzapen aske honek Auschwitzen aldamenean bizi den familia alemaniar baten eguneroko bizitza erretratatzen du; Cannesko zinema-jaialdiko Sari Nagusia beretu zuen zuzendari britainiarrak lan horrekin. Glazerrek Donostian aurkeztu zuen bere lehen filma, Sexy Beast (2000), New Directors sailean.
Les misérables (Perlak 2019) pelikula arrakastatsuaren ondoren, Ladj Lyk (Mali, 1980) bere bigarren filmarekin (Bâtiment 5 / Les indésirables) emango dio amaiera sailari lehiaketaz kanpo, Toronton izan ondoren; Les misérables filmak Epaimahaiaren Saria irabazi zuen Cannesen, Europako film onenaren Goya irabazteaz eta Oscar Sarietarako izendapena jasotzeaz gain, besteak beste. Zuzendariak berriro transmititzen digu komunitate batek leku baten partaide izateko gauzatutako borroka.
Perlak sailaren hautaketak Ryûsuke Hamaguchiren (Kawasaki, Japonia. 1978) azken filma ere barne hartuko du; izan ere, Aku Wa Sonzai Shinai / Evil Does Not Exist Veneziako zinema-jaialdiko Sail Ofizialeko parte ere bada. Bere ingurumen-ondarea babestu nahi duen landa-eremuko herri txiki bati buruzko istorio honekin bosgarren aldiz hartuko du parte Hamaguchik Zinemaldian; lehen aldia 2008an izan zen, japoniarraren lehen lan Passion New Directors sailean lehiatu zenean.
Donostia Hiria Publikoaren Sarirako lehiatuko da, halaber, Cannesko Urrezko Palmaren irabazle Justine Trieten (Paris, Frantzia. 1978) Anatomie d'une chute / Anatomy of a Fall. Anatomie d'une chute drama judizial bat da, The Zone of Interest filmaren antzezle nagusi berbera duena: Sandra Hüller aktore alemaniarra.
Nikolaj Arcelek (Kopenhage, 1972) zuzendutako Bastarden / The Promised Land filmak –Veneziako zinema-jaialdiaren hurrengo edizioan lehiatuko denak– Mads Mikkelsen du protagonista; izan ere, Mikkelsenek –Gizonezko Aktore Onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi zuenak, Thomas Bo Larsen, Magnus Millang eta Lars Ranthe lankideekin batera, Druk / Another Round (2020) lanagatik– Arcelen En kongelig affære / A Royal Affair (2012; ingelesez besteko film onenaren Oscar sarirako eta Berlinaleko gidoi onenaren Zilarrezko Hartza sarirako izendatua) filmean ere egin zuen lan, eta aberastasunaren eta ohorearen bila maite duen guztia sakrifikatzeko arriskua duen gizon baten rola egin du oraingo honetan.
Craig Gillespie (Sidney, Australia. 1967) zinemagile australiarrak Dumb Money filma aurkeztuko du Toronton estreinatu ondoren; Paul Dano, Seth Rogen eta Shailene Woodley dira protagonistak. I, Tonya (2017) filmaren zuzendariak GameStop txikizkako bideojoko-denden kate baten inguruko benetako kasu batean ipintzen du arreta bere film berrian.
Matteo Garronek (Erroma, Italia. 1968) lehendabizikoz aurkeztuko du Donostian film bat. Gomorra (2008) eta Dogman (2018) filmen errealizadorea Venezian lehiatuko da Io Capitano / I'm Capitain pelikularekin; Dakar utzi eta Europara doazen bi gazteren istorioa kontatzen digu oraingoan.
Hirokazu Kore-eda (Tokio, Japonia. 1962) Donostiako Sail Ofizialean lehiatu izan da Wandafuru raifu / After Life (1998), Hana yori mo naho / Hana (2006), Aruitemo, aruitemo / Still Walking (2008) eta Kiseki / I Wish (2011) lanekin (Gidoi onenaren Epaimahaiaren Saria irabazi zuen Kisekik), eta Publikoaren Saria bi aldiz eraman izan du, Soshite chichi ni naru / Like Father, Like Son (2013) eta Umimachi Diary / Our Little Sister (2015) lanekin, hain zuzen. 2018an, Manbiki Kazoku / Shoplifters filmak Urrezko Palma irabazi zuen Cannesen eta Oscar Sarietarako izendatu zuten, eta Kore-edak Donostia Saria jaso zuen. Kore-edaren azken filma –Kaibutsu / Monster– gidoi onenaren saria erdietsi zuen Cannesen.
Aki Kaurismäkiren (Orimattila, Finlandia. 1957) filmografiak etengabeko presentzia izan du Zinemaldian, 1988an Rocky VI film laburra Sail Ofizialean hautatu zutenez geroztik. Harrez geroztik, egilearen film hauek eman dira Zinemaldian: Tulitikkutehtaan tyttö / The Match Factory Girl (Zabaltegi, 1990); Kauas pilvet karkaavat / Drifting Clouds (Perlak, 1996) eta Mies vailla menneisyyttä / The Man Without A Past (Perlak, 2002, eta bi horiek 2007ko Sukar izoztua atzerabegirakoan); Le Havre (Perlak, 2011); eta Toivon tuolla puolen / The Other Side Of Hope (Fipresci Sari Nagusia, 2017). Bi pertsona bakartiren topaketa kontatzen digun Kuolleet lehdet / Fallen Leaves filmarekin, Epaimahaiaren Saria beretu zuen Cannesko zinema-jaialdian.
2017an El agente topo / The Mole Agent filmak proiektu-fasean Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan EFADs-CAACI Saria irabazi ondoren, Maite Alberdik (Santiago, Txile. 1983) La memoria infinita / The Eternal Memory aurkeztuko du, Alzheimerraren aurka borrokatzen duen bikote bati buruzko ez-fikzioa; Sundancen Epaimahaiaren Sari Nagusia jaso zuen World Cinema saileko dokumentalen kategorian.
Sail Ofizialetik The Impossible (2012) eta A Monster Calls (2016) filmekin lehiaketaz kanpo igaro ondoren, J. A. Bayona (Barcelona, Espania. 1975) Perlak saileko parte izango da lehen aldiz La sociedad de la nieve / Society of the Snow filmarekin (Veneziako Mostrari amaiera emango dio, halaber, filmak). Pablo Vierciren izen bereko liburuan oinarrituz, Bayonak bere dohain narratiboa Andeetako hegazkin-istripuaren protagonisten –nola hildakoen hala bizirik ateratakoen– istorioaren zerbitzura jarri du.
Todd Haynes (Los Angeles, AEB. 1961) –2013an Donostia Zinemaldiko epaimahai ofizialeko presidente izan zena– ere Perlak sailean izango dugu aurten, Wonderstruck (2017) eta The Velvet Underground (2021) hautatua izan ondoren. May December lanean –Cannesko Sail Ofizialeko kide izan zenean–, 13 urteko ikasle batekin sexu-harremanak izateagatik kartzela-zigorra bete zuen irakasle baten istorioa kontatzen digute Julianne Moorek eta Natalie Portmanek. Bi hamarkada geroago, Hollywoodeko aktore batek bere historiari buruzko film bat egin nahi du.
Michel Francok (Mexiko Hiria, Mexiko. 1979) 2009an zuzendu zuen bere lehen film luzea, Daniel y Ana, Cannesko Quinzaine des Cinéastes atalean eta Donostiako Horizontes Latinos sailean aurkeztua. Cannesen izan zen berriro Después de Lucía (2012) filmarekin, eta Un Certain Regard saria eta Horizontes Latinos sailean aipamen berezia jaso zituen lan horrengatik. Horizontes Latinos sailean eman ziren, halaber, Chronic (gidoi onena Cannesen) eta Las hijas de Abril (Epaimahaiaren saria Un Certain Regard atalean). Nuevo orden –Venezian Epaimahaiaren Sari Nagusia lortu zuena– Perlak sailean aurkeztu zen; aurten New Yorken filmatutako Memory drama hartuko du Perlak sailak. Jessica Chastain eta Peter Sarsgaard dira Veneziako zinema-jaialdian lehiatuko den film horren protagonista nagusiak.
Celine Song (Hego Korea, 1989) zuzendari eta gidoilariaren debuta, Past Lives, nabarmengarria izan zen oso Sundance jaialdian eta Berlinalean; nazioarteko kritikak goraipatu egin zuen filma. Past Lives maitasunaren, identitatearen eta nahi dugun bizitzaren eta bizi dugunaren arteko distantziaren esplorazioa da.
Ibilbide luze-luzea izanik, Wim Wenders (Düsseldorf, Alemania. 1945) errealizadore, gidoigile eta ekoizlea maiz izan dugu Zinemaldian: Donostia Zinemaldiko epaimahaiburu izan zen 2002an, Zinemaldiari hasiera eman zion 2017an Submergence filmarekin, eta ondo daki zer den Donostiako Publikoaren Saria irabaztea, The Salt of the Earth –Juliano Ribeiro Salgadorekin batera zuzendua– izan baitzen 2014an ikus-entzuleek gehien bozkatutako filma. Oraingoan Perfect Days filmarekin lortu nahi du saria; Cannesko gizonezko aktore onenaren saria beretu zuen Kôji Yakusho antzezleak film horrekin.
Stéphanie Di Giusto (Eaubonne, Frantzia. 1975) zinemagile frantziarra Rosalierekin lehiatu zen Cannesko zinema-jaialdiko Un Certain Regard atalean aurreko edizioan. La danseuse / The Dancer (2016) filmaren zuzendariaren bigarren filmeko bi antzezle nagusiak Nadia Tereszkiewicz eta Benoît Magimel dira; zehazki, sekretu bati aurre egin beharko dion bikote baten rola egiten dute.
Christian Petzoldek (Hilden, Alemania.1960) Zuzendaritza onenaren Zilarrezko Hartza irabazi zuen Barbara (2012) filmarengatik, eta 2014an Donostiako Sail Ofizialean lehiatu zen Phoenix filmarekin (Fipresci saria jaso zuen filmak). Bere azken filma Roter Himmel / Afire dugu, eta uda bero eta lehor batean elkarrekin opor-etxe batera joan diren lan lagunen elkarbizitza kontatzen digu egileak; Epaimahaiaren Sari Nagusia lortu zuen Berlinalean.
Azkenik, Warwick Thornton (Alice Springs, Australia. 1970) –Caméra d’or saria irabazi zuena Cannesen lehen filmarekin, Samson & Delilah (2009)–The New Boy aurkeztuko du, Canneseko zinema-jaialdiaren Un Certain Regard sailean estreinatu ondoren. Cate Blanchettek da film honen protagonista eta ekoizlea. Monja apostata batek gobernatutako monasterio urrun batean dago girotua filma, non mutiko aborigen umezurtz bat iristen den.
Klausurakoa izan ezik, Perlak saileko film guztiak dira Donostiako Udalak babestutako Donostia Hiria Publikoaren Saria irabazteko hautagai. Esan behar da filmaren lehen emanaldira etorritako ikusleek erabakitzen dutela zein filmek merezi duen saria. Donostia Hiria Publikoaren Saria bi golardoz osatuta dago: batetik, film onenaren saria dugu, 50.000 eurokoa; eta bestetik, Europako film onenaren saria, 20.000 eurokoa. Film irabazlea Espainian banatzeko eginkizuna duten banaketa-enpresek jasotzen dute.
Armani Beauty –Zinemaldiaren official beauty sponsor laguntzailea– da Perlak saileko babeslea.
Rudolf Höss Auschwitzeko komandantea eta haren emazte Hedwig euren familiarentzako ametsezko bizitza bat eraikitzen ahalegintzen dira etxe lorategidun batean, presoen esparrutik gertu.
Herriko alkatea bat-batean hil ondoren, Pierre mediku idealista gaztea izendatu dute hura ordezkatzeko. Hildako alkateak langile-klaseko auzo hori birgaitu nahi zuen, eta haren politikarekin jarraitzeko asmoa du Pierrek. Haby, jatorri maliarreko emakume gaztea da, apartamentu-bloke hondatu horietako batean bizi da, eta ez du inolaz ere nahi bere familia betidaniko auzotik kanporatzea.
Takumi eta bere alaba, Hana, Tokiotik gertuko herri batean bizi dira. Aita-alaben bizitzak kalte handia jasango du jakitean euren etxetik gertu kanpin xarmagarri bat eraikiko dela, hiriko biztanleek naturarako eskapada erosoak egin ditzaten.
Sandra, Samuel eta horien 11 urteko semea, Daniel, isolatuta bizi dira mendian. Egun batean Samuel hilda aurkituko dute etxearen ondoan. Ikerketa bat hasiko da heriotza susmagarri horrengatik, eta laster hasiko dira Sandra erruduntzat jotzen, kasua anbiguoa bada ere: suizidioa ala homizidioa? Urtebete geroago, Daniel bere amaren epaiketara −bikotearen benetako disekziora− bertaratuko da.
1755ean, Ludvig Kahlen kapitain pobrea Danimarkako mortu latz eta bizigaitza konkistatzera abiatuko da, itxuraz ezinezko helburu batekin: erregearen izenean kolonia bat sortzea, hain zuzen. Trukean, beretzat hil ala bizikoa den errege-izen bat jasoko du. Alabaina, eskualdeko agintari bakarrak, Frederik de Schinkel gupidagabeak, arrogantziaz uste du lur hori berea dela. De Schinkelek jakiten duenean Ann Barbara neskameak eta haren senar zerbitzariak Kahlenekin ihes egin dutela babes bila, agintari pribilegiatu eta maltzurrak zin egingo du mendekatu eta ahal duen guztia egingo duela kapitaina uxatzeko. Kahlen ez da ikaratuko: borroka desorekatu bati ekingo dio eta bere bizitza ez ezik, inguruan pertsona baztertuez osatu zaion familia ere arriskuan jarriko du.
Dumb Money fimak Wall Streeten arriskatzea erabaki eta aberastu zen jende arruntaren benetako kasu zentzugabearen berri ematen digu; hala, GameStop (bideojokoen denda ezagun bat) munduko enpresarik goriena bihurtu zuten. Nahaste horren guztiaren erdian Keith Gill dago, bere bizitzako aurrezkiak akzioetan inbertitu eta sare sozialetan horri buruz argitaratzen hasi zen tipo arrunt bat. Keithen ospea goren-unera iritsi zenean, jarraitzaileak aberasten hasi ziren gauetik goizera.
Io capitano filmak Europara joateko Dakar utzi duten bi lehengusuen istorioa kontatzen digu. Odisea garaikide honetan, gazteek oztopo ugari gainditu beharko dituzte basamortuan eta itsasoan zehar bizirik irautea lortzeko borrokan.
Minato mutiko gaztea arraro jokatzen hasten denean, bere amak zerbait gaizki doala sentituko du. Jokabide arraro horren erantzulea haurraren irakaslea dela jakitean, eskolan olarka sartu eta zer gertatzen ari den jakin nahiko du. Alabaina, istorioak amaren, irakaslearen eta haurraren begien bitartez aurrera egiten duen heinean, egia apurka-apurka azaleratuko da...
Helsinkiko gauean kasualitatez topo egingo duten bi pertsona bakartiren istorioa. Beren bizitzako lehen eta azken maitasuna −maitasun bakarra− aurkitu nahi dute. Alabaina, xede ohoretsu horretarako bidea lausotu egingo dute gizonaren alkoholismoak, telefono-zenbaki galduek eta bizitzak zorionaren bila daudenen bidean oztopoak jartzeko duen joera orokorrak.
Augusto eta Paulina duela 25 urtetik daude elkarrekin. Alzheimerra diagnostikatu zioten Augustori duela zortzi urte. Biak beldurra diote azkenean Paulina ezagutuko ez duen egunari.
1972an, Uruguaiko Aire Armadaren 571. hegaldia, errugbi talde bat Txilera eramateko pleitatua, Andeetako bihotzean erori zen. 45 bidaiarietatik 29 baino ez ziren bizirik atera. Planetako ingurune gogor eta iritsiezinenetako batean harrapatuta, muturreko neurriak hartu behar dituzte bizirik irauteko.
Benetako gertakizunetan inspiratua: ezkonduta egonik eta hiru haur izanik, irakasle bat atxilotu egin zuten 13 urteko ikasle batekin sexu-harremanak izateagatik. Kondenaren ondoren, aske geratu zen emakumea baina ez zuen bete adingabea berriz ikusteko debekua. Haurdun utzi zuen mutikoak, eta beste 7 urteko espetxe-zigorra bete behar izan zuen emakumeak, bortxaketa egotzita. Orain, 20 urte geroago, Hollywoodeko aktore batek bere istorioari buruzko film bat egin nahi du.
Sylvia gizarte-langileak bizitza erraza eta egituratua darama: bere alaba, bere lana, bere Alkoholiko Anonimoak-eko bilerak. Errutina hori irauli egingo da Saul bere atzetik joatean institutuko bileratik etxera. Ustekabeko topaketa horrek iraganerako atea ireki eta eragin handia izango du biengan.
Nora eta Hae Sung lagun minak dira txikitatik, baina banandu egingo dira Noraren familiak Hego Koreatik Estatu Batuetara emigratzen duenean. Bi hamarkada geroago, New Yorken elkartuko dira berriro astebetez, eta maitasunari, patuari eta bizitza bat osatzen duten hautuei aurre egin beharko diete.
Hirayamak Tokioko komun publikoak garbitzen egiten du lan. Bizimodu apala gustatzen zaio, eguneroko errutina oso egituratua izatea. Musika, liburuak eta zuhaitzak maite ditu, eta argazkiak ateratzea zuhaitzei. Bere iragana berpizteko zorian dago ustekabeko zenbait topaketaren bidez. Eguneroko bizitzan edertasuna bilatzeari buruzko gogoeta hunkigarri eta poetikoa.
Frantzia, 1870. Rosalie ez da gainerako gazteak bezalakoa. Sekretu handi bat ezkutatzen du: jaio zenetik, bere gorputza eta aurpegia ilez estalita daude eta disimulatu egin behar izan du hori bazterkeriarik ez jasateko. Emakume bizarduna da, alegia. Berak ez zuen inoiz feria-atrakzio bihurtu nahi izan. Egun batean, zor gehiegi dituen kafe baten jabeak Rosalierekin ezkontzea erabakiko du, haren ezkonsariak erakarrita, baina emakumearen sekretua jakin gabe. Alabaina, Rosalie aspertuta dago ezkutatzeaz, eta emakumetzat hartua izan nahi du, desberdina izan arren. Zer pentsatuko du senarrak egia jakitean?
Uda bero eta lehorra, azken urteotako beste hainbat bezala. Baso-suteak kontrolaezinak dira. Lau gazte Itsaso Baltikoaren ondoko opor-etxe batean elkartu dira, Ahrenshoopetik gertu. Astiro eta oharkabean, sugarrek hesitu eta harrapatuta geratuko dira, baina zeru gorri bat dutela gainean, zalantza eta beldurra izango dira harrapatuko dituztenak, baina ez suteengatik: maitasuna da benetan izutzen dituena. Zoriona, lizunkeria eta askapena ez ezik, jeloskortasuna, erresuminak eta tentsioak ere bai. Sinbolismoaren eta errealismoaren artean etendako filma, oso dibertigarria eta zeharo tragikoa.
40ko hamarkadako Australian, 9 urteko haur aborigen umezurtz bat moja apostata batek zuzendutako monasterio urrun batera iritsiko da gau betean. Haur berriaren presentziak munduaren oreka delikatua asaldatuko du borroka espiritualari eta bizirik irautearen kostuari buruzko istorio honetan.