Sortu zenez geroztik (2018), Klasikoak sailak geroz eta klasiko moderno eta zahar gehiago bildu ditu bere hautaketan, eta 71. edizioak inoiz baino film gehiago izango ditu; guztira, zortzi film emango dira Tabakalerako zinema-aretoan. Oraingo honetan, Yasuzo Masumurak, Liliane de Kermadecek, Francesc Betriuk, Yasujiro Ozuk, Fabián Bielinskyk eta Arturo Ripsteinek zuzendutako lanen kopia zaharberrituak ikusiko dira, argitaratu gabeko bi lanen estreinaldia hartzeaz gain: Festival en las entrañas, José Val del Omarrek zuzendua, eta El realismo socialista / Socialist Realism –jada iragarria–, Raúl Ruizek eta Valeria Sarmientok.
Yasuzo Masumurak –gerraosteko zinema japoniarreko zinemagilerik garrantzitsuenetako batek– zuzendutako film zaharberritu bat emango da Klasikoak sailean. Akai tenshi / The Red Angel (1966) lanean, Txina-Japonia Gerrara eramaten gaitu Masumurak gerraren indarkeria gizagabeak ukitutako erizain baten bitartez. 1965ean Japoniako errealizadorea Urrezko Maskorra lortzeko lehiatu zen Kuro no chōtokkyu / Super-express filmarekin, eta 2008an Karakkaze yarō / Afraid To Die filmak Japonia beltzean atzerabegirakoan parte hartu zuen.
Isabelle Huppert eta Delphine Seyrig aktoreek Aloïse Corbaz artista suitzarraren rola egiten dute gaztaroan eta helduaroan, hurrenez hurren, Liliane de Kermadecen Aloïse (1975) filmean. Gidoia André Téchinérekin batera idatzi zuen Polonian jaiotako zinemagile frantsesak eta Cannesen lehiatu zen bere eskizofreniaren aurka borrokatzeko pinturan ihesbide bat aurkitu zuen emakume bati buruzko film honekin. Nouvelle vague mugimenduaren garaikidea, Agnès Varda eta Alain Resnais zinemagileekin (besteak beste) lankidetzan aritu zen Liliane de Kermadec, eta beste film batzuek ere zuzendu zituen, hala nola La piste du télégraphe (1994).
Fúria espanyola / Spanish Fury (1975) Francesc Betriuk zuzendutako komedia beltza da. Cassen aktoreak Sebastián futbolzale amorratuaren rola egin zuen; protagonista Julianarekin (Mónica Randall) da ezkontzekoa, baina ezkontza ligako partidu garrantzitsuenaren (Bartzelona-Real Madril klasikoa) egun bererako dago programatuta. Obra kostunbrista honetan, zuzendariak futbola, politika eta kritika soziala nahastu zituen Franco hil zen urtean zentsura frankistari aurre egiteko.
Yasujiro Ozu maisu japoniar ospetsuaren film bat –Cannesko zinema-jaialdiko eta Lyongo Lumière jaialdiko zuzendari Thierry Frémaux-ek aurkeztuko duena– ere bilduko baitu sailak. Zuzendariak II. Mundu Gerraren ondoren egindako lehen lana izan zen Nagaya Shinshiroku / Record of a Tenement Gentleman (1947), eta gerra amaitu eta gutxira bonbardaketek suntsitutako Tokioko barruti batean haur baten ardura hartu beharko duten iragarle eta galdaragile baten istorioa kontatzen digu.
Gainera, Klasikoak sailak 4K bereizmenean berreskuratuko du Nueve Reinas / Nine Queens (2000), Argentinako zinematografiako ezinbesteko film eta Fabián Bielinskyren maisulana. Zuzendaria Sail Ofizialean lehiatu zen El aura / The Aura (2005) filmarekin. Nueve reinas filmeko protagonistak bi iruzurgile dira, kasualitatez elkar ezagutu eta negozio batean elkarrekin lan egitea erabakiko dutenak, irabazi handiak lortzeko irrikaz (Ricardo Darínek eta Gastón Paulsek egin zuten pertsonaia horien rola).
Sailean Principio y fin / The Beginning and the End filma ere emango da, filma estreinatu eta 30 urte geroago; 1993an Urrezko Maskorra irabazi zuen lan horrek (ex aequo Dariush Mehrjuiren Sararekin batera). Arturo Ripstein zuzendari mexikarrak –Donostia Zinemaldiko hainbat sailetan ohikoa izateaz gain, La perdición de los hombres / The Ruination of Men (2000) filmagatik bigarren Urrezko Maskor bat irabazi zuenak– patriarka hil ondoren ez pobretzeko borrokan dabilen klase sozial ertaineko familia baten istorioa kontatzen digu klasiko moderno honetan.
Klasikoak sailean, gainera, orain arte ezezaguna zen José Val del Omar zinemagile granadarraren lan bat estreinatuko da: Festival en las entrañas (1963-1965). TáctilVisión izeneko bere teknika ospetsuaren medioz filmatutako pieza da, garai hartan Manuel Fragak zuzentzen zuen Informazio eta Turismo Ministerioak enkargatua. Espainiako hainbat lekutako herri-kulturaren, folklorearen edo monumentuen adierazpenak biltzen zituzten hamar film laburrez (gutxienez) osatuta zegoen enkargua, eta pieza honetan horietako bi berreskuratu dira.
Halaber, gaurtik aurrera Artxiboak –hots, Donostia Zinemaldiko Artxiboaren webguneak– erakusketa birtual bat izango du, Val del Omarrek Zinemaldiarekin izan zuen harremana jasotzen duena, elkarri bidalitako gutunen bidez. Mistizismo teknologikoa. José Val del Omarrek Donostia Zinemaldiarekin izandako harremanaren gutun-testigantza (1958-1959) izenburuarekin, Granadako asmatzaile eta zinemagilearen 18 gutun eta telegramaz osatutako korrespondentzia biltzen du erakusketak.
Artxiboaren esparruan –hau da, Donostia Zinemaldiaren artxibo historikoaren proiektuan–, 2023aren hasieran egindako katalogazio-ekintzen emaitza da materialaren aurkikuntza. Erakusketarako erabat digitalizatutako aztarna material ugari eta argitaragabe honek Zinemaldiaren historiako pasarte ezezagun bat berreskuratzen du, José Val del Omar 1958tik 1959ra bitartean Donostian egindako bi jardunaldi esperimentalen asmatzaile gisa protagonista duen pasarte bat, hain zuzen. Erakusketaren testua Asier Aranzubia irakasle eta ikertzaileak idatzi du (Madrilgo Carlos III.a Unibertsitatea).
Mediku baten eta erizain baten maitasun-istorioa gudaleku bateko leherketen erdi-erdian. Sakura erizaina da kanpaina-ospitale batean, eta gaixorik dagoen soldadu baten erasoa jasango du. Soldadu zaurituak kontsolatzeko prest dago, beharrezkotzat joz gero. Gizonezkoen sexualitateari, emakumeen debozioari eta gudu-zelaiko miseriari buruzko film zirraragarria, gerraren kontrakoa.
Suitza. Joan den mendearen amaiera. Aloïse hil zeneko ospitale psikiatrikoa emakume sentibera eta ulertu gabe honek sortutako lanen erakusleihoa da gaur egun. Ederto filmatutako eta bikain zuzendutako film honek galdera bat planteatzen du: nola liteke itxuraz zuhurra eta talentuduna den espiritu bat lau hamarkada luzez egotea gaixotasun mentala duen norbaiten tranpan? Benetako istorio batean oinarritua.
Salvador Allende presidentearen Unidad Popular delakoaren prozesuaren –1973an Txilen izandako kolpe zibiko militarraren aurrekoaren– interpretazio satirikoa. Mundu ezberdinak kateatzen dituen kontakizun koral bat da filma. Batetik, langileen eta lumpenaren mundua dugu, Lucho pertsonaia nagusiarekin; bestetik, Unidad Popular delakoaren aldeko intelektual talde baten mundua (burgesia txikiaren ordezkariak biltzen dituen fronte poetiko bat). Une jakin batean, pertsonaia horiek gurutzatu eta adiskidetu egingo dira (ustez, behintzat), baina indarkeria handiko eszenekin amaituko da harreman hori, garaiaren interpretazio satirikoa izanik.
1963an, Informazio eta Turismo Ministerioak enkargu bat egin zion José Val del Omar zinemagileari: New Yorkeko 1964ko Erakusketa Unibertsalerako Festivales de España kanpainari buruzko hamar film labur. Ekimen kultural horren ikuskizunak Espainiako zenbait hiritan dokumentatzeko aitzakiarekin, Val del Omarrek lirizismoaren eta antropologiaren artean dabilen unibertso oniriko bat zabaltzen du. Film hau azken bi atalei dagokie, Luna de Sangre eta Festival en las entrañas.
Johann Cruyff kapitain duen Fútbol Club Barcelona taldeari ondo doakio. Horrenbestez, Sebastián peña bateko bazkide egingo da, eta nagusiaren alaba –Juliana– ezagutuko du hor. Julianak etengabe seduzituko du gure protagonista eta ezkontzea erabakiko dute azkenean. Zoritxarrez, ezkontza ligako partida garrantzitsuenaren egun bererako dago programatuta: Barça-Madril partida klasikoa.
Gerraosteko Japonian, gizon batek kalean haur galdu bat aurkitu eta etxera eramango du, baina inork ez du haur hori hartu nahi, ezta gau batez ere. Azkenik, alarguntsa zakar batek hartuko du. Hurrengo egunean, haurra bere auzora eramango du emakumeak eta jakingo du haurraren aitak Tokiora alde egin eta abandonatu egin duela.
Istorioak Juan eta Marcosen urratsei jarraituko die. Buenos Airesen bizi diren bi iruzurgile horien ekintza 24 ordutan gertatzen da. Denbora-tarte horretan, protagonistek elkar ezagutu eta negozio batean elkarrekin lan egitea erabakiko dute, irabazi handiak lortzeko irrikaz. Misioa nueve reinas izeneko zigilu faltsu batzuk lapurtzea da, enpresaburu milioidun batek bere bilduman izan ditzan. Protagonistek egun bat baino ez dute izango lapurreta egiteko, eta trebetasun handiz jokatu beharko dute gutiziatutako harrapakina eskuratzeko.
Botero familiako aita hil egin da. Ignacia andrea, lau seme-alabaren ama maitekorra, ziur dago bere seme gazteen Gabriel argi-argiak miseriatik aterako duela familia. Anbizioak eta Gabrielekiko indibidualismoak familia pozoituko du.