Hamahiru film labur hautatu dituzte Nest sailerako 53 herrialdetako 209 eskolen 421 proposamenen artean; horrek esan nahi du sekula baino hautagai gehiago inskribatu direla Donostia Zinemaldiko zinema-ikasleen nazioarteko topaketa honetan. Aurreko urtearekin alderatuta, % 20ko gorakada izan dute inskribatutako proposamenek, eta jatorrizko zentroek % 30eko igoera izan dute.
Donostia Zinemaldiak eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak antolatua, Nest sailaren xedea urteko zinema-ekitaldi nabarmenetako batean mundu osoko zinema-eskoletako ikasleen lanak ezagutaraztea da, oraineko eta etorkizuneko zinemagileak izaki. Film laburrak erakutsi eta preskribatzeko toki bat izateaz gain, Nest ikasleen, zinemagileen, industriako profesionalen eta ikus-entzuleen arteko topagunea ere bada: nola zinemari buruz elkarrizketan aritzea hala prestakuntzaren eta mundu profesionalaren arteko gurutzaketa faboratzea ahalbidetzen du Zinemaldiak gaitutako gune horrek.
THE MEDIAPRO STUDIO Gidoigintza Masterrak ere helburu hori sustatzen du, eta horregatik, Donostia Zinemaldiak Nestekin lankidetzan aritzeko hitzarmen bat formalizatu du THE MEDIAPRO STUDIOrekin; horrenbestez,Gidoigintza Masterraren hainbat ediziotako hamar ikaslek parte hartuko dute Nestek Zinemaldian zehar antolatutako jardueretan, esaterako, hautatutako film laburren emanaldietan eta nola industriako profesionalek hala sailen batean beren filma aurkeztu eta lehian ariko diren nazioarteko zinemagile ospetsuek emandako solasaldi eta eskola magistraletan. Halaber, akordioaren ondorioz, saileko sari ofizialaren izena Nest The Mediapro Studio Saria izatera aldatuko da XXII. edizio honetan.
Belgika, Kolonbia, Espainia, Herbehereak, India, Japonia, Lituania, Mexiko, Polonia, Portugal eta Suitzako hamalau zinema-ikaslek euren lanak aurkeztu eta proiektatuko dituzte irailaren 25etik 29ra, zinemagileen eskola magistraletara joango dira eta industriako profesionalekin topaketak egingo dituzte. Hautatutako lanetan hurbilketa formalak eta tematikoak gauzatzen eta fikziozko lanak eta ez-fikziozkoak jasotzen dira, indarkeriaren ondorioei, espazio publikoaren ikonografiei, utopia politikoei, genero-konbentzioei edo dolu-prozesuari buruzko begirada pertsonalez betiere. Zinemaren munduko pertsona ospetsu batek eta hautatutako eskoletako ikasleek osatutako epaimahai batek saria emango dio emakumezko hamaika zuzendarik eta gizonezko hiru zuzendarik zuzendutako hamahiru filmetako bati. Sari horren bidez 10.000 euro jasoko ditu film labur irabazleak.
2002an sortu zenez geroztik, Nest Donostia Zinemaldiko sail garrantzitsuenetako bat da Zinemaldiak talentu berriak bultzatzeko ezarrita duen estrategiaren barruan. Nest Sailak 1.000 zinemagile gaztetik gora hartu eta 370 film labur baino gehiago hautatu ditu, ehun bat eskola magistral eta elkarrizketez gain zinema-industriako profesionalekin, hala nola hauekin: Céline Sciamma, Albertina Carri, Alexander Payne, Bertrand Bonello, Elena López Riera edo Jean-Baptiste de Laubier. Sorkuntzen iturburutzat jotzen da Nest, eta geroago euren hurrengo lanak nola Donostian hala nazioarteko zirkuituko beste jaialdi entzutetsu batzuetan estreinatu dituzten hainbat zuzendariren lanak erakutsi dira bertan. Horren adibide dira, besteak beste, Raven Jackson, Kiro Russo, Oren Gerner, Isabel Lamberti, Léa Mysius, Jerónimo Quevedo, Laura Wandel eta Grigory Kolomytsev.
Ikasleen topaketa egin bitartean, Tabakalerako Medialabeko Estudioan Nest sailaren historian saritutako film labur guztiak proiektatuko dira etengabe. Sarrera librea da.
THE MEDIAPRO STUDIO erreferentziazko zentroa da sektorean, baita lanbide-garapenaren bermea ere. 23/24 ikasturte honetan, Unibertsitate Konplutentseko Informazio Zientzien Fakultateko Gidoigintza Masterra Bartzelonan ere emango da lehendabizikoz, ESCAC Zinema eta Ikus-entzunezkoen Goi Mailako Eskolarekin. Katalunian egingo den masterrak Madrilgoaren irakaskuntza-programa berdin-berdina izango du, industrian diharduten profesional handien inplikazioaz gainera. Profesional horiek tutore eta irakasle gisa jardungo dute bi hirietan. Iván Escobar, Sergi Belbel, Clara Roquet, Daniela Fejerman, Dani Monedero, Sergio Sarria, Carmen Ortiz, Nacho Cabana, Rubén Ontiveros, Elvira Mínguez, Vanessa Villar, David Lillo, José Pérez Ledo, Mónica Artigas, Jordi Rosel eta Elena Neira dira profesional horietako zenbaitzuk. THE MEDIAPRO STUDIOren Gidoigintza Masterra generoetan eta edukietan espezializazio globala eskaintzen duen bakarra da, eta fikzioari eta ez-fikziozko edukiei zuzendutako moduluak barne hartzen ditu. Horrez gain, proiektuak aurkezteko moduari buruzko prestakuntza espezifikoa eskaintzen du (horri esker, etorkizuneko gidoigileek egungo ikus-entzunezkoen merkatuaren nazioarteko errealitateari buruzko ikuspegi osoa dute), ikasle guztiei THE MEDIAPRO STUDIOren ekoizpenetan praktikak egitea bermatzeaz gain.
India, nire nazioa, berreraikitzen ari dira. Indiako zimenduak lur imajinatu batean ari dira ezartzen, ziurtatzen dutenez nire amonaren Jainkoaren jaioterria den horretan. Amonak udako gau askotan transmititu zidan mitologian, bere Jainko hori magikoa, atsegina, irudimentsua eta demokratikoa zen, nire Indiak izan behar zuen bezalakoxea. Baina gaur egun, bertsio eta berrinterpretazio ugari dituenez, ipuin hura baliabide politiko gisa ari da erabiltzen hindutva estatu baten nahi bortitza adierazteko. Pelikula honen asmoa ahaztutako nazio bat gogoratu eta amestea da.
Bere semeari heriotza eragin zion sarraski batetik bizirik atera zen Daut, eta 20 urtez gutun bat entseatzen aritu da. Egun horretan ikusi zituen izugarrikeriei buruz inoiz deklaratzera deitzen badu Hagako Auzitegiak, zer esango duen jaso nahi du gutun hartan. Oroitzapenen zama astunagoa bihurtuko zaio anaia gaixotasun batek jota hil dela jakitean, orain Daut gertaera gogoratzeko bizirik atera den azkena izaki. Testigantzaren xehetasun garrantzitsuetan huts egiten hasiko zaio burua. Baliteke bere semearentzat justiziarik inoiz ez lortzea. Bere anaiarentzat. Bere lagunentzat. Barkatuko al diote hildakoek amore eman eta ahanzturaren mende jartzeagatik?
Adèlek 12 urte ditu eta ez du eskolara itzuli nahi. Nahiago du monopatinean ibili eta besteei urrutitik begiratu. Alabaina, isolamendu horrek zalantzan jarriko du zer-nolako emakumea izan nahi duen heltzean.
Ba al dago gure hileta imajinatzeko modurik? Halina Podlasieko azken hileta-kantarietako bat da. Bere seme Andrzej ehorzlea da. Milaka pertsona igaro dira beste aldera ama-semeek lagunduta. Semeak zuloak egiten zituen, eta amak, berriz, abestu. Protagonisten existentzian, bizitzak heriotzarekin talka egiten zuen. Normaltasunak izpirituekin. Errealitateak ametsarekin. Hileta-kexuak isiltasuna hautsiko du.
24 urterekin, Sofija kontsolamendua bilatzen ari da nerabezaroko oroitzapen hunkigarri batean, eta Mykolas joateko prestatzen ari da. Vilnako gauean, ustekabeko biren artean, agur esateko eta aurrera jarraitzeko adorea aurkituko du emakumeak, oroitzapen onek eta adiskidetasun iraunkor batek bultzatuta.
Sare sozialetako eztabaidek bizia ematen diete Mexiko Hiriko Paseo de la Reforma pasealekuko estatuei. Zikloak tartekatuko ditu giroak: kaosa eta ordena, adierazpena eta zentsura, memoria eta ahanztura. Aro dekolonial eta feminista berri bat iritsi da. Hiriko espazio publikoaren eta haren sinboloen aldaketetatik errealitateak sortuko dira.
Carlos bere bulegokide Oliviaz zeharo maiteminduta dago. Lanean, Carlosek ez dio inoiz hitzik egin Oliviari, baina noizean behin espiatu egiten du hura konturatu gabe. Gauero, oinez paseatzen dira biak, somnanbulu, elkar topatu arte. Eremu mistiko horretan elkar ezagutzen ari dira. Egunez, ez dute elkar ezagutzen, ez diote elkarri hitzik egiten, bakoitza bere gelan geratzen da. Esnatuko al dira ala, ostera, ametsetan jarraituko al dute, inguruko zuhaitzen antzera?
Ikuspuntu finko batetik, Bruselan zehar autobusez egindako bidaia atezu baten lekuko izango gara, Samuel −Kongoko etorkin bat− autobusera igo eta Europarekin pozik ez dagoela adierazten duenean.
Duela 16 urte elur-jausi baten ondorioz hil ziren, Nevado del Ruiz sumendira igotzen ari zirela, Pirsas taldeko 11 ume scout. Nire anaia horietako bat izan zen. Gure familiak gainbehera egin zuen, inork ez baitzuen jakin nola hartu bere gain dolua, eta ni erabat bakarrik geratu nintzen. 16 urte geroago, sumendirako igoera berritzea eta nire familiaren oinazeak ikertzea da heriotzari, doluari eta egokitzapen emozionalari buruzko kontakizun pertsonal eta intimo bat eratzeko bidea. Itzulera honek itxaropen pixka bat emango didaten erantzunak bilatzea du xede bakarra.
Egitura zurrunetako mundu batera egokitzen ez den ama bat da protagonista: sistemaren egiturak, egitura familiarrak, emakumetasun-egiturak, etab. Norabiderik ezean eta okupatzen dituen lekuen jabe izan gabe, seme-alabak abandonatzea erabakiko du bulkada batean eta basoan barneratuko da. Zuhaitz erraldoiak, esku astinduak eta uneoro gidatuko duten izara batzuen jakinkizuna agertuko dira. Atmosferatik, zuriz jantzitako emakume batzuk agertu eta lagundu egingo diote amatasun-doluan.
Etorkizun hurbil batean, Alemanian, queer pertsonak are bazterkeria eta arrisku handiagoan daude. Neguko azken egunean, Omar kartzelatik askatuko dute eta, lehen geldialdi gisa, Avari −bere lagunik onenari− bisita egingo dio, hark espero ez bazuen ere. Munduak lur jotzen jarraitzen du eta beldurra itxaropena garaitzen ari da agidanez.
Marisolen senarra hil zeneko egunaren urteurrenean, bizilaguna obrak egiten ari dela giza aztarnak deskubrituko dira. Aurkikuntza horren kointzidentziak izutu egingo du Marisol, ameslari superstiziosoa baita, eta bere hilkortasun propioari aurre egin beharko dio.
Mitsuru, Go eta Azuma auto telegidatu batekin jolasten ari dira parke batean. Bat-batean, eraikuntza-langile batzuk atzetik joaten hasiko zaizkienez, hirian zehar ihes egingo dute. Hiru mutilak banandu eta leku arraroetan amaituko dute.