Donostia Zinemaldiak Klasikoak sailean hartuko du Raúl Ruiz zinemagile txiletarraren El realismo socialista / Socialist Realism (1973-2023) film amaitu gabearen mundu-estreinaldia. Film hori Valeria Sarmiento zinemagileak –Ruizen alargun eta ohiko lankideak– berreskuratu eta berregin du. Langile-mundua eta lumpena burgesia intelektual txikiaren munduarekin lotzen dira film honetan; orain dela 50 urte Txilen izandako kolpe zibiko militarraren aurretik Salvador Allende presidenteak gauzatutako prozesuaren –Unidad Popular delakoaren– interpretazio satiriko gisa pentsatu zuen egileak obra.
El realismo socialista POETASTROSen ekoizpena da; zinema-ekoiztetxe horren buruak Chamila Rodríguez aktore eta zuzendaria eta Galut Alarcón muntatzaile eta zuzendaria dira, eta zuzendari txiletar ospetsuaren hil osteko beste bi lan berreskuratu eta amaitzeko ardura izan zuten: La telenovela errante (2017), Locarnoko zinema-jaialdiaren 70. edizioan estreinatua; eta El tango del viudo y su espejo deformante (2020), Berlinaleren 70. edizioko Forum sailean aurkeztua.
Raúl Ruizek (Puerto Montt, Txile. 1941-Paris, Frantzia. 2011) –Txileko zinemaren izen historikoetako batek– aintzatespen ugari jaso zituen bere ibilbide luzean. Adibidez, Tres tristes tigres (1969) filmarekin urrezko Lehoinabarra beretu zuen Locarnoko zinema-jaialdian, eta Genealogies d’un crime (1997) filmari esker, berriz, Zilarrezko Hartza eskuratu zuen Berlinalean. Ruizen beste lan nabarmengarri batzuk Donostiako Sail Ofizialean aurkeztutako bi dira: Fado, majeur et mineur / Fado, Major and Minor (1994) eta Mistérios de Lisboa / Mysteries of Lisbon (2010, Zilarrezko Maskorra zuzendaritza onenari).
Valeria Sarmiento (Valparaiso, Txile. 1948), Raúl Ruizekin aritu zen lankidetzan film ugariren muntatzaile gisa, eta hogeita hamar bat film luze eta dokumental zuzendu ditu. Bere lehen lanarekin –Notre mariage (Mi boda contigo, 1984) izenekoarekin– Errealizadore Berrientzako Donostia Sari Nagusia irabazi zuen Donostia Zinemaldian; geroago ere izan zen Zinemaldian, zehazki, As Linhas de Torres / Lines of Wellington (Zabaltegi-Bereziak, 2012) eta Le cahier noir / The Black Book (Sail Ofiziala, 2018).
Donostia Zinemaldiak datozen egunetan jakinaraziko ditu Klasikoak –zinema unibertsalaren historiako klasiko zahar eta modernoak, bertsio zaharberrituetan proiektatuak, biltzen dituen saila– osatuko duten gainerako filmen izenak.
Salvador Allende presidentearen Unidad Popular delakoaren prozesuaren –1973an Txilen izandako kolpe zibiko militarraren aurrekoaren– interpretazio satirikoa. Mundu ezberdinak kateatzen dituen kontakizun koral bat da filma. Batetik, langileen eta lumpenaren mundua dugu, Lucho pertsonaia nagusiarekin; bestetik, Unidad Popular delakoaren aldeko intelektual talde baten mundua (burgesia txikiaren ordezkariak biltzen dituen fronte poetiko bat). Une jakin batean, pertsonaia horiek gurutzatu eta adiskidetu egingo dira (ustez, behintzat), baina indarkeria handiko eszenekin amaituko da harreman hori, garaiaren interpretazio satirikoa izanik.