GEHITU Euskal Herriko gay, lesbiana, transexual eta bisexualen elkarteko kideez osatutako epaimahaiak bost latinoamerikar film izendatu ditu finalista, Donostia Zinemaldiaren 71. edizioan emango den XI. Sebastiane Latino saria irabazteko hautagai. Almamula, Cross Dreamers, El filo de las tijeras, El silencio de los hombres eta Transfariana dira aurten hautatutako filmak.
LGTBIQA+ komunitatearen aldarrien eta balioen defentsa ondoen jasotzen duen Latinoamerikako film luzeari emango zaio saria. 2023an emakumezko bi zuzendarik eta gizonezko hiruk ordezkatuko dute defentsa hau Latinoamerikako lurralde osoan, Argentinatik lau ekoizpen iritsiko baitzaizkigu eta Kolonbiatik, berriz, beste bat.
"Hautaketa honek LGTBIQA+ pertsonen –bereziki, transen– errealitateen pluraltasuna eta aniztasuna islatzen du", adierazi du GEHITUk. Kolektiboak nabarmendu duenez, ordezkaritza horrek agerian uzten du "LGTBIfobia maskulinitate toxikoekin batera gertatu ohi dela, eta prestakuntzari, informazioari eta herritarren elkarrizketari esker desegin egiten direla bi horiek". Eta hau erantsi du: "Nola LGTBIfobiaren hala maskulinitate toxikoaren dirauten bitartean, gizarte osoak galduko du, ez soilik LGTBIAQ+ pertsonek".
2022an, Mariano Biasinen Sublime ekoizpen argentinarrari egokitu zitzaion Sebastiane Latino saria. Bertan, bere lagun-taldeko beste kide batek desio berriak eragiten dizkiola deskubritzen duen nerabe baten bizitza kontatzen da. Donostia Zinemaldiaren lehen asteburuan Gipuzkoako hainbat herritan –Deban, Errenterian eta Irunen– eman ohi den filma izango da.
Sariaren hamaikagarren edizioa izango da, eta abuztuan jakinaraziko da irabazlea. Deialdiaren bidez, GEHITUk Latinoamerikako LGTBIQA+ zinema babesten jarraitzen du Donostia Zinemaldiaren esparruan. Halaber, 71. edizioan –irailaren 22tik 30era egingo denean–, Sebastiane Saria emango da eta LGTBIQA+ Iberoamerikako Zinema Jaialdien IX. Topaketa egingo da. Topaketa horretan Espainiako eta Latinoamerikako jaialdietako 20 ordezkari baino gehiago bilduko dira.
Eraso homofobo baten ondoren, Nino eta bere familia landetxe batera joango dira bizitzera, Almamulak –haragizko bekatuak egiten dituzten pertsonak bahitzen dituen munstroak– sorgindutako baso baten erdian. Xuxurlaz, adierazi gabeko desioz eta eskariz beteriko mundu batean, Ninoren jakin-mina eta bulkadak azaleratu egingo dira.
Ornella, Mabel, Paula eta Mirna Buenos Aires eta Rosario hirietako crossdresser gaueko protagonistak dira. Bakoitzak, ordea, modu ezberdinean bizi du bitan banatutako identitate hori: batzuek ez lukete nahi gizonezko gisa duten bizitzara itzuli; beste batzuk, ordea, ongi sentitzen dira dualtasun horrekin. Baina desioak, sarritan, uste bezain askea ez den gizarte baten mugei egin behar die aurre, eta protagonista bakoitzak ibilbide oso pertsonala du zain.
Harremanetarako aplikazio baten profila betetzen ari balitz bezala, zuzendariak haren historia disekzionatu eta desira-erregistro bat taxutuko du. Animazioa eta dokumentala nahasten dituen lan honetan, zuzendariak Buenos Aires hiriaren kanpoaldeko ile-apaindegi batean izandako haurtzaroko irudiak, 90eko hamarkadaren amaierako cruisingaren kodeak eta zazpi urtez mantendu zuen hirukotearen egunerokotasuna bateratzen ditu.
Aita batek eta bere semeak, familia-aginduek zeharkatuta, azkenean hitz egitea erabaki dute. Bichok, Emmak eta Andrések krisian jarriko dute gizon izateagatik haiengandik espero dena. Zuzendariak bere familiako gizonetan oinarritzen da gizon ezezagunengana iristeko. Gizon gisa bizi dituzten beldurrak, konplizitateak, kontraesanak eta indarkeriak aztertzen ditu. Zeri egin beharko diote aurre?
Dokumentalak izenburu hibridoa du, "trans" eta "fariana" –FARCeko emakumeak izendatzen dituen terminoa– nahasten baititu. Istorioa La Picota segurtasun handiko espetxean hasten da. Han, Jaison Murillo FARCeko komandante eta bozeramailea Laura Katalina biziarteko kartzela-zigorra ezarrita zuen emakume trans eta prostituta ohiarekin ezkondu zen. Gerrilla hasiera batean harreman horren aurka egonik, "ezkontza errebelde" horrek gerrillarien eta Bogotáko (Santa Fe) tolerantzia-eremuko elkarteetako kide transgeneroen arteko elkarrizketa –aurrekaririk gabea– ahalbidetu zuen. Pixkanaka, bi talde horien historiak elkar lotu eta euren borrokek fresko historiko hunkigarri bat osatuko dute trantsizio politikoko testuinguru batean.