Donostia Zinemaldiak eta Elías Querejeta Zine Eskolak José Ángel Herrero-Velarde ikerketa-beken bigarren deialdia ireki dute. Beka horiek jada esleituta dauden Gipuzkoan jaio edo bizi diren ikertzaileentzako hiru laguntzei gehituko zaizkie. Bi beka berriak Espainiako Estatuan jaiotako edo bertan bizi diren ikertzaileei daude zuzenduak.
Donostia Zinemaldiko eta Elías Querejeta Zine Eskolako kideek osatutako batzorde batek joan den hilean ebatzi zituen Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak sustatutako hiru ikerketa-bekak. Batzordeak Felipe Cabrerizo, Endika Rey eta Neus Sabatéren proposamenak aukeratu ditu, “gaiaren eta metodologiaren aldetik egokiak direlako, maila teorikoan Estatuko eta nazioarteko zinematografiaren ezagutzan ekarpena egiten dutelako eta Zinemaldiaren artxiboko baliabideak iturri nagusitzat erabili dituztelako”.
Felipe Cabrerizo idazle eta programatzaileak bere ikerketa-proiektuan proposatzen du “administrazio frankistaren oztopoak gainditzea lortu eta Zinemaldian proiektatu zen Ekialdeko herrialdeetako ekoizpen zinematografikoa erregistratzea, aztertzea eta berreraikitzea”. Cabrerizoren hipotesiak iradokitzen duenez, “zinema horrek funtsezko zeregina izan zuen Espainiako zentsura zinematografikoa astiro suntsitzeko, eta Gerra Zibilaren amaieraz geroztik herrialdean erabat ezezaguna zen ekoizpen mota bat ikusteko leihoa izan zen; eta zinema horrek, gainera, apustu estetiko eta politiko funtsezkoa egiten zuen zentsura-egitura administratibo hori suntsitzen lagundu zuten zinemagileen belaunaldi berriak prestatzeko”.
Endika Rey Bartzelonako Unibertsitateko irakasle-irakurlearen ikerketa-proiektuak proposatzen du “Donostia Zinemaldiaren erradiografia historikoa egitea, zinemagile berrien film luzeekin izan duen eta duen harremanean oinarrituta”. Lanak zinemaren historiaren zati zehatz baten kartografia propio eta alternatibo bat ezartzea proposatzen du. Kartografia hori kanon zinematografiko bat sortzearekin lotutako ekintza-patroiak identifikatuz egingo da, bai eta, Zinemaldiaren esparruan, zinemagile berrien film luzeen hautaketan presente dauden joera eta korronteetatik abiatuz ere.
Neus Sabaté EQZEko lehen promozioko ikasle eta URV-Rovira i Virgili Unibertsitateko Komunikazio Ikasketen Departamentuko irakasle eta doktoratu aurreko ikertzaileak 1978an, Zinemaldian, Josefina Molina, Pilar Miró eta Cecilia Bartolomé zinemagileak berriz elkartu zirenekoa jorratuko du. Halaber, proposatzen du hiru zuzendari aitzindari horiek aztertzea, “jatorrian eta garai bertsuan Zinema Eskola Ofizialaren esparruan jardun zirelako ez ezik, haienak izan zirelako diktaduraren ostean Donostia Zinemaldian emandako emakumezko espainiar zuzendarien lehen lanak”. Azterketaren xedea da “zehaztea ea Donostia Zinemaldia funtsezko espazioa izan zen Molina, Miró eta Bartolomé zinemagileen ibilbidearen proiekziorako, eta ea zer garrantzi izan zuen Zinemaldiak eta une hartako zinema feministaren figura nagusiekiko hurbilketak eta kontaktuak hiru egile horiek zinema-zuzendari gisa izan zuten garapenarekin”.
Beken deialdi berriari dagokionez, lehen edizioan bezala, helburua da Zinemaldiaren artxibo historikoaren ikerketa sustatzea, testu akademiko argitaragabeak sortzeko, iturri nagusitzat Zinemaldiaren artxibo historikoa erabilita; eta, hala, jaialdiaren iragana aztertzeaz gain, orainarekin eta etorkizunarekin etengabeko elkarrizketan jardutea. Edizio honetako azken xedea da bi artikulu akademiko argitaragabe sortzea, programan parte hartzen duten instituzioek osatuko duten batzorde batek ikuskatuko dituena.
José Ángel Herrero-Velarde beken bigarren edizio hau Espainiako Estatuan jaio edo bizi diren ikertzaileei zuzenduta dago. Ikerketa-proiektuak aurkezteko epea 2023ko uztailaren 3an irekiko da eta abuztuaren 11n itxi. Hautagaiak ebaluatzeko eta hautatzeko ardura duen batzordea Donostia Zinemaldiko eta Elías Querejeta Zine Eskolako profesionalek osatuko dute. Hautatutako bi proiektuak zein izan diren urrian jakinaraziko da, eta egonaldia azaroaren 6tik 17ra egingo da. Esleipenaz geroztik, hautatutako pertsonek astebeteko epea izango dute beka onartzeko.
Eskatzaileek proiektu bat aurkeztu behar dute –ikerketaren gaia, metodologia eta iturriak adierazita–, asmoen gutun batekin eta curriculumarekin batera. Zinemaldiaren artxiboaren webguneko plataforman aurkeztu behar dira eskaerak. Han daude, halaber, deialdiaren oinarriak eta xehetasun guztiak.
Hautatutako ikertzaileek 3.500 euroko dirulaguntza bana jasoko dute. Halaber, artxibora sartzeko edukiko dituzten bi asteetan, kontsulta-egunei dagozkien dietak eskainiko zaizkie. Gainera, programa arduratuko da Gipuzkoako lurralde historikoan bizi ez diren eta programan parte hartzeko hautagai izan daitezkeen onuradunen bidaiaz eta ostatuaz.
Tabakalera eraikineko egonaldi-fasean, non Zinemaldiaren artxiboa osatzen duten material guztiak dauden, Euskadiko Filmategian Interneteko konexioa duen lanerako eta kontsultarako gune bat eskainiko da. Bestalde, eraikinean eta aldamenekoetan dauden funts eta artxibo zinematografikoetarako sarbidea bermatuko da, eta eraikineko baliabide eta jardueretarako sarbidea emango da, hala nola zinema-saioetarako, tailerretarako eta eskola magistraletarako.
Lanak (6.000 eta 10.000 hitz artean izan beharko dituzte) zazpi hilabeteko epean amaitu beharko dira, hautaketa-datatik kontatzen hasita, eta bi hilabeteko luzapena eskatzeko aukera izango da.
Zinemaldia artikuluak argitaratzen ahaleginduko da, eta ikertzaileen eta proiektuak editatzeko eta argitaratzeko interesa izan dezaketen argitaletxe edo aldizkari ospetsuen arteko bitartekari gisa jardungo du. Ikerketa horiek Zinemaldiak, Elías Querejeta Zine Eskolak eta Euskadiko Filmategiak batera, argitaratzen duten ZINE: ikerketa zinematografikorako koadernoak aldizkari akademikoaren argitalpen-batzordeak ere kontuan hartu ahal izango ditu.
José Ángel Herrero-Velarde Notariori omenaldia egiten die beken izenak. Zinemaldiko funtsezko figura izan zen azken lau hamarkadetan, zuzendaritza- eta hautaketa-batzordeko kidea, eta iaz zendu zen.