"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Genero-indarkeria pairatu duten 9 emakumeren testigantzak bildu ditu Bertha Gaztelumendik bere azken lan dokumentalean. Kazetari irundarra Volar filmarekin etorri da Donostia Zinemaldira, Mariposas en el hierro lana Zinemira sailean estreinatu eta 5 urtera. Txalo zaparradak jaso ditu Donostian egindako emanaldietan eta datorren astetik aurrera Euskal Herrian ibiliko da filma, herriz herri egingo dituzten solasaldien abiapuntu gisa.
Emakundek bultzatu duen proiektu honen helburua biktimak izan diren emakumeekin erreparazio eta errekonozimendu prozesu bat hastea zen. Bertha Gaztelumendi jarri zuten buruan eta emakumeekin jardun ziren euren esperientziak lantzen, jasotzen, narrazio bat harilkatu arte. “Bagenekien zer kontatu nahi zuten, baina nola gizarteratu hori? Dokumental bat egitea erabaki zen”, dio kazetariak. Filma prozesu luze baten emaitza da: “Urtebete egon gara lan saioak egiten, konfiantza eraikiz eta gure artean hitz eginez; emakumeen bihotzak ireki eta gordeta zutena besteei kontatzen hasi baino lehen”. Babes eta konfiantzazko sare bat harilkatzea ezinbestekoa izan zen emakume hauen testigantzak jaso ahal izateko.
Gaiari buruz hausnartzea beharrezkotzat jotzen du Gaztelumendik: “tratu txarretaz hitz egiten da baina ez da ematen benetako argazki bat; hau tortura bezala da, ukatu egiten da, ez da sinesten”. Zokoratutako gaia izateak gizartearen porrota adierazten du, egilearen iritziz. “Ez badago esaterik zer den benetan, zenbat keinu eta jarrera diren horren sostengu, egoera nolabait baimentzen duten baldintzak sortzen dira”, gaineratu du.
Banan banako elkarrizketaz gain, 9 emakumeek landetxe batean igarotako asteburu batean grabatutako pasarteak jasotzen ditu dokumentalak. Emakumeak oso kontzientziatuta zeuden eta euren esperientziak giro intimo batean partekatzeko aukera izan zuten, honenbestez. “Indarkeria horren infernuari aurre egiteko izan duten adoreak elkartzen ditu, baita hortik bizirik irten izanak eta pairatutako sufrimenduari zentzua eman nahiak ere”, azaldu du egileak. Protagonistek beste emakume batzuen eta gizartearen esku jartzen dute bizitzako ibilbidea, biktimismorik gabe. Askotariko adinak eta lanbideak dituzten emakumeak dira, arazoak duen dimentsioaren isla. “Ez dut nahita egin, beraiek izan dira etorri direnak”, adierazi du zuzendariak, “horrek balio askoz ere handiagoa du eta adierazten du bene-benetan tratu txarren kasua zeharkako arazoa dela: lanbide, gizarte-maila eta adin guztietan dagoela”.
Nola jokatu jakin ez eta jendeari biktimarekin harremana izateak beldurra ematen diola ondorioztatu du Bertha Gaztelumendik. “Egin behar dena zera da, emakume hauen duintasuna agertu, beste guztiak bezala direla azaldu, besteak bezala bizi daitezkeela erakutsi”, dio. Bizitzaz aldatu eta biolentziatik ateratzen dela da filmaren mezurik garrantzitsuena.
IRENE ELORZA