"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Iaz Sipo phantasma aurkeztu ondoren, Koldo Almandoz (Donostia, 1973) zuzendaria berriz izango da Zabaltegi-Tabakalera sailean. Gaur aurkeztuko du Kimuak ekimenerako aukeratua izan den Plágan-Plague izeneko film laburra, Euskal Zinemaren Irizar saria lortzeko lehian dagoena.
Islandiara eginiko bidaian sortu zitzaion filma egiteko ideia. Bertako eremu natural ikusgarrietan jendeak erakutsitako jarrerak deigarriak egin zitzaizkion eta ideia obsesiboki hasi zen bere buruan irakiten. Aisialdieredu kapitalistaren inguruko hausnarketa da laburra, esteak beste. “Munduko edozein tokitara oporretara oateko aukera dugu eta irudi mikroskopikoetan bakterioek organismoen kontra nola, hala konportatzen gara”, dio Almandozek. “Ni ere bertan nintzen eta ni ere banaiz izurri horren parte, beraz, kritika izatekotan autokritika da”, gaineratu du donostiarrak.
Oporretara eramandako kamera domestikoarekin filmatu zuen materiala. Baina natur eremura sartzen diren kamera guztiek ez bezala, beste norabaitera bideratu zuen kameren objetiboa. “Fokoa beste nonbait jarri nuen, egoera horren parte izanda, zinegilea ez baita izaki inozente bat”, azaldu du Almandozek. “Sentitu naiz, eta beti gertatzen zait kamera bat dudanean, jendea filmatzen ari zarenean badaukazula voyeur-etik eta lapurretik asko”, aitortu du egileak.
Izenburuak (Izurria) gurean kutsu negatiboa badu ere, Almandozentzat izurriteak ere badira gauza naturalak, eta filmak hori islatu nahi du. “Pelikulak nahiko argi erakusten du, modu sinple batean”,dio. Behaketa-dokumental bat izanik, irudiek bere kasa hitz egiten dute. Naturak markatzen du erritmoa: soinuek, uraren presentziak, bertan agertzen diren pertsonak... Almandozen hitzetan, “egitura eta narratiba aldetik gutxinaka sartzen dira pertsonak, tentsio narratiboa mantentze arren, eta, azkenean, inurritegi moduko bat irudikatzen da”. Irudi primitibo bati eutsita, zuzendariak ez du ahotsik edo testurik sartu nahi izan Sipo phantasma-n egin zuen bezala, “gutxieneko edizio bat besterik ez”.
Zerikusirik ez egun hauetan esku artean duen proiektuarekin. Izan ere, Oreina izeneko film luzea grabatzen ari da Koldo Almandoz. Oraingo honetan, Gipuzkoan. “Ez zait gehiegi gustatzen proiektuetaz hitz egitea, neure buruari zamarik ez jartzeko ta besteengan itxaropenak ez sortzeko”, adierazi du zinegileak.
I.E.