Nicolás Combarrok urteak daramatza Alberto García-Alixekin lanean, baina oraingoan era ezberdinean egin dute. Argazkilariari buruzko dokumental bat egitearen ideia aspaldi sortu zitzaion zuzendariari, egia esan “10 urte darama nire buruan”, onartu du Combarrok, baina hainbat arrazoiengatik ezin izan zuten proiektua aurrera atera, orain dela bi urte arte, Alberto García-Alix. La línea de sombra filmarekin hasi zirenean.
Zuri-beltzean egindako dokumental hau Alberto García-Alix argazkilari ezagunaren bizitzaren barru-barruan sartzen da. Droga- munduan hasi zenean, anaia hil zitzaionean, lehenengo argazkia atera zuenean eta antzeko gaiak jorratzen dira, dena lehenengo pertsonan kontatua. 80 minutu irauten duen pelikula osoan Alberto García- Alixek hitz egiten du bakarrik, eta bere mundu osoa ezagutzeko aukera ematen du dokumentalak.
“Hasieran Alberto pixka bat lotsatua zegoen”, azaldu du Combarrok. “Autoerretratuak egiteko ohitura badu, eta ematen duen itxura petsona ireki batena da, baina benetan ez da horrelakoa. Bere burua ezagutzera ematen duenean oso era kontrolatuan da, eta beste norbaitek egin behar dionean erretratua zailagoa egiten zaio”, dio.
Alberto eta Nicolás oso lagun minak dira, baina oraingoan rolak aldatu dituzte, “normalean kamera atzean egotera ohituta dago baina orain ni izan naiz atzekoa eta bera aurrekoa, eta mirariz, oraindik lagunak izaten jarraitzen dugu”, baieztatu du barre artean.
Horregatik, Nicolasen ustez, pelikularen alderik zailena Albertok eraman du, bere buruari aurre egin behar izan diolako. “Egiazko informazioa eman nahi genuen, oso diskurtso zintzoa, eta beti pertsonaia bera aldatu barik”. Horregatik oso gustura daude egindako lanarekin, “urte guzti hauetan zehar izan ditugun elkarrizketa intimo horiek ezagutzera eman nahi genituen, eta hori da film honetan erakusten dena”.
Hortik doa ere izenburuaren zentzua, Alberto García-Alix. La línea de sombra. Alde batetik Joseph Conrad autorearen izenburu bat delako eta Albertok askotan erabili izan dituelako bere izenburuak bere obrentzat, eta bestetik, hori delako “Albertoren bizitza, argia eta itzalaren arteko erdipuntua; argiaren aldean mantendu da beti, baina beti itzalekin nahastua”.
Zuendariak pelikularen hiru puntu nabarmendu ditu. Batetik, Alberto García-Alix ezagutzearena, “berE alderik ezezagunena erakutsi dugu, beraz ezagutzen dutenek inoiz ikusi ez dutena ikusiko dute. Bestalde, ezagutzen ez dutenek, oso pertsonaia berezia ikusiko dute”.
Horrez gain, dokumentala “gure historiaren parabola bat da; 70-80ko hamarkadetaz askotan hitz egin da, baina askorik sakondu gabe. Albertok arrualdetik ezagutu zuen gizarte hori, drogen mundua, sexua etab. Guzti hori filtrorik gabe kontatuko du eta askok ezagutzen ez genuen errealitate bat ikusiko dugu”, onartu du.
Azkenik argazkilaritzaren munduan ere asko sakontzen da. Pelikulan zehar García-Alixen bizitza markatu duten argazkiak agertzen dira. 30 urtetako argazkien artean aukeratzea ez da lan erraza, baina Combarrok horretan izan du zeregin dibertigarriena, “komisarioanaizenez oso gustuko dudan lana da, baina egia da ez dela lan erraza hainbeste materialaren artean aukeratzea. Azkenean argazki ikonikoak eta inoiz ikusi ez direnak tartekatu ditugu”.
ESPAINIAR BAKARRA
Film hau bere lehenengo lana da Nicolasentzat , “ohore bat da hemen egotea”. Bere hitzetan, “nahiz eta zuzendari berrien sailean egon, dokumental hau talde handi baten lana da eta gure esfortzua saritzea esan nahi du, ez nirea bakarrik. Zinemaldian egotea, berez, bada sari bat jasotzea”.
Gainera, sail honetan Espainatik datorren bakarra da eta horrek ere zeresan handia du, “Espainiako zinemagintza osasun onean dago irudimen eta kalitate aldetik, baina oso estu dabil laguntza eta diru aldetik, are gehiago mundu honetan hasten direnentzat”. Horregatik oso esker onekoa deritzo Zinemaldiak egiten duen lanari zuzedari berriak ezagutzera emateagatik.
NAIA DÍEZ