"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Duela hogeita hamaika urte iraila partean zinema-areto itzel moduan funtzionatzen hasi zenetik, Belodromoak bere ekintza-eremua hedatuz joan da urteen joan-etorrian. Jakina da ur geratuak usteldu egiten direla egonaren egonez, aitzitik, Belodromoa haize berrietara egokitzen asmatu du zinema-jaialdiak.
Orain arte mundu mailako estreinaldi garrantzitsuak hartzean berezitu da gehienbat, zinema-izar distiratsuak tarteko; baina, era berean, neska-mutil gazteen zinemazaletasuna piztean nabarmendu da, haurrei zuzendutako goizeko emanaldien bitartez.
Aurten, berritasun nabarmen gisa, Donostia sarietako bat bertan banatuko da; hain zuzen ere, Monica Bellucci italiar aktoreari irailaren 27an emango zaiona. Zinemaldiko zuzendari Rebordinosen hitzetan “gala herrikoiago bat antolatu nahi izan dugu, Kursaalekoak baino askoz ere sarrera merkeagoekin, edonoren eskura dauden prezioekin”. Sari-banaketaren ondoren, aktore saridunak propio aukeratutako bi film eskainiko zaizkie Belodromora bertaratutakoei: Giuseppe Tornatoreren Malena eta Stephen Hopkinsen Under Suspicion. Eserlekuak geratzen dira oraindik, 9 euroren truke.
FESTA EREMUA
Dakizuenez, Zinemaldian, festa da Belodromoa. 2.700 lagunentzat egokitutako aretoan emanaldi jendetsuak egiten dira pantaila erraldoia baliatuta. 65. edizio honetan estilo eta begirada ezberdinak ekarriko dizkiguten bi komedia izango dira ikusgai. Alde batetik, astelehen arratsaldean, 19:00etatik aurrera, Operación Concha proiektatuko da, Donostia Zinemaldian girotutako endredozko komedia bat, Antonio Cuadrik zuzendua. Jordi Mollá, Karra Elejalde, Unax Ugalde, Ramon Agirre eta Barbara Goenaga antzezleak bilduko ditu.
Bestetik, irailaren 29an, Fe de etarras lanaren unea helduko da; Borja Cobeagak zuzendutako laugarren film luzea, Diego San Josék datzia. Netflix-erako Mediaprok egindako produkzio hau umore beltzeko komedia bat da. 2010eko uda partean girotua, Javier Cámarak, Julián Lópezek, Miren Ibargurenek eta Gorka Otxoak antzeztutako komando bat da filmeko bilbearen protagonista.
Ohi bezala, Belodromoak bere baitan hartuko du sarien banaketa-galaren emanaldia ere, irailaren 30ean, eta amaierako bi filmena: Sail Ofiziala itxiko duena, Björn Rungeren The Wife (Emazte ona); eta Perlak sailari amaiera emango diona, Loving Pablo, Fernando León de Aranoaren film berria, Pablo Escobar narkotrafikatzailearen eta Virginia Vallejo kazetariaren arteko harremanaren berri emango diguna. Javier Bardem eta Penélope Cruz aritu dira protagonisten roletan eta biak ere Belodromoko aurkezpenean izango dira. Gas Natural Fenosaren Zinergia proiektuko film labur batek osatuko du saioa; hain zuzen ere, Isabel Coixetek zuzendutako Proyecto tiempo-ren lehen zatiak. Ohi bezala, goizero haurrentzako zinema-saio bat ere emango da Belodromoan, ikastetxeekin hitzartutako programaren bitartez. Aurten, Mark Osbornek zuzendutako The ittle Prince (Printze txikia) proiektatuko da.
SERGIO BASURKO