"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Lina Rodríguez hamar urtez izan da Latinoamerikako ekitaldi zinematografiko zaharrenaren eta indartsuenetako baten zuzendari nagusia; hots, Indietako Cartagenako Nazioarteko Zinema Jaialdiarena. Hamarraldi horretan, aliantza publiko-pribatuekin batera, zinema-jaialdia demokratizatzen saiatu da, hainbat programaren eta doako zinema-kanpainen bidez. Horiek horrela, baliabide eta irispide urriak dituzten Kolonbiako lurraldeetara hedatu du zazpigarren artea.
Kultura-kudeatzaile lanetan bete duen zeregina zinema-jaialditik harago joan da, eta FICCI Kolonbiako Kultura Ondaretzat aitor dadila lortu du. Horrenbestez, Cartagenako eta herrialdeko ekonomia eta gizartea bultzatzeko apustu gisa finkatu du.
Cine en los Barrios, Barrios al cine eta, berriki, FICCI Móvil moduko programak ezarriz, zinema-jaialdia Cartagenatik ateratzea eta herrialdeko lurrak igarotzea lortu du, komunitateekin zuzeneko harremana izan dezan eta mugimenduan dauden irudietarako irispidea erabat demokratiza dadin. Horrez gain, baketze-jarduera gauzatu du indarkeriak hartutako komunitateetan, non zinemaren argiak ohiz kanpoko eremuetan elkartu baititu.
Lina Rodríguez ziur da gizarte-ehuna eratzeko tresna pedagogikoa dela FICCI, eta Kolonbiako kultura-eskaintzaren barruan ekitaldi nabarmena izatetik harago doala: hain zuzen ere, ikus-entzuleei mundua zinemaren bitartez ezagutzeko aukera ematen dien autokritika eta gogoeta-prozesua da.