Blanca Torres, Gabriel Velázquez
Análisis de sangre azul filmak aristokrata ingeles baten abentura kontatzen du. Iragan mendearen hasieran Pirinioetan amildu, eta sendategi mental batean esnatuko da. Psikiatriako doktore Pedro Martínezek bere 16 mm-ko kameran jasoko ditu orientazioa eta memoria galdu dituen gizon horren eboluzioak. Horrez gain, ezkutuko intentzioak tarteko, eboluzioari buruz dituen teoriak praktikan jartzeko baliatuko du doktoreak iritsi zaion “espezimen arraro” hori.
Pedro Aguilera
Espainia - Kolonbia
94 min.
Oliver Los Angelesen bizi den zinema-zuzendari gaztea da. Gau batean webgune erotiko batean sartu, eta ohartuko da bere arreba txikia, Aurora, bideo esplizitu bateko protagonista dela. Ikusitakoagatik harrituta eta nahastuta, Madrilera joateko erabakia hartuko du, hainbat urtez familia bisitatu gabe egon ostean. Horrela ekingo dio erantzunak bilatzeko bide obsesibo bati, asaldurara eta irudiaren egiara eramango dion bidaia intimoari; mendekotasun eta manipulazioz beteriko istorio bat da, moralaren mugei buruzkoa eta bizitzako eta ikus-entzunezko inozentzia galtzeari buruzkoa.
Álex de la Iglesia
Espainia - Argentina
100 min.
Goizeko bederatziak dira. Madrileko hiriguneko taberna batean, askotariko pertsona talde bat gosaltzen ari da. Haietako bat presaka dabil; atetik irtetean, tiro bat jasoko du buruan. Inor ez da laguntzera ausartuko. Harrapatuta daude.
Carla Simón
1993ko udan, bere gurasoen heriotzaren ondoren, Frida, sei urterekin, Bartzelonatik Kataluniako landa-inguru batera joango da bizitzera. Izebarekin eta osabarekin bizi da, bere legezko tutoreak baitira orain. Landa-inguruko bizitza sekulako erronka da Fridarentzat –denbora bestela igarotzen da bere etxe berrian, eta inguruan duen natura misteriotsua eta urruna da–. Orain, zaindu beharreko ahizpa txiki bat dauka. Bestalde, sentimendu berriei ere aurre egin behar die; adibidez, jeloskortasunari. Fridak, ezjakintasunean, ihes egitea bere arazoen konponbidea dela sinesten du maiz. Familiak ahal duen guztia egingo du oreka hauskor bat lortzeko eta bizitza normala izateko. Noizean behin jazza entzuten dute lorategian, familian irteten dira festetara edo igerilekura. Horiek dira haien une zoriontsuak. Pixkanaka, bertan geratzeko iritsi dela eta ingurune berrira ohitu beharko duela ohartuko da Frida. Uda bukatu baino lehen, Fridak bere buruari aurre egin beharko dio.
Agustí Villaronga
Aragoiko frontea, 1937. Lluís ofizial errepublikanoa aldi baterako jarduerarik ez duen postu batean dago. Carlana alargun enigmatikoa ezagutu, eta harekin maiteminduko da. Carlanak ofiziala engainatuko du, eskualdeko Andere bihurtzeko behar duen ziurtagiria faltsifikatu dezan. Solerás, Lluísen lagun mina eta kargutik degradatutako ofiziala, iruzurraz ohartuko da, eta hura ez salatzeko baldintza ezarriko dio Carlanari: Bartzelonako fronteko bonbardaketetatik urrun ditzala Trini, Lluísen emaztea, eta bere semea. Izan ere, Trinirekin isilean maiteminduta dago Solerás. Baina Trini Lluísen traizioaz konturatuko da, eta haien oinarri moral guztiak lehertuko dituen “gerra-egoera” sortuko da hiruren artean.
Elena Martín Gimeno
Júlia Erasmusean Berlinera joateko erabakia hartuko du. Lehenbizikoz joango etxetik, gehiegi pentsatu gabe, abenturan. Hiria hotza eta grisa da. Ongietorria espero zuena baino hotzagoa da eta bere itxaropenak errealitatearekin aurrez aurre jarriko ditu. Bartzelonako Arkitektura Unibertsitateko ikasgeletan irudikatu zuen bizitza berritik urrun egongo da errealitatea.
David Macián
Eraikin industrial batean hamaika pertsona kontratatu dituzte lana ikus-entzule talde baten aurrean egiteko: hargin bat, harakin bat, jostun bat, teleoperadore bat, tabernari bat, zerbitzari bat, mekanikari bat, informatikari bat eta garbitzaile bat. Artelana, reality showa, esperimentu makabroa: ez dakite zer duten aurrean, ezta zein eskuk mugitzen dituen txoxongilo-antzerki gaizto horretako hariak ere.
Lino Escalera
Carlak bere ahizparen dei bat jasoko du: aita gaixo dago. Denbora asko igaro da aitarekin azken aldiz hitz egin zuenetik, eta egun horretan bertan, Carlak Almeriara doan hegazkin bat hartuko du, bere txikitako etxera joateko. Ezin du egoera onartu eta, denen iritziaren aurka, aita Bartzelonara eramatea erabakiko du, han tratatzeko. Biak ala biak abiatuko dira bidaian, bietako inor onartzera ausartzen ez den errealitatetik ihes egiteko. Eta ihesaldi horretan elkar aurkituko dute, azkenik agur esan ahal izateko.
Eduardo Casanova
Forma fisikoak gizartearen aurrean baldintzatzen gaitu, berdin dio geuk aukeratu dugun ala ez. Pieles fisikoki desberdinak direlako ezkutatu, gorde edo elkartu behar izan duten pertsona batzuen istorioa da. Samantha, digestio-aparatua alderantziz duen emakumea, Laura, begirik gabeko neska, edo Ana, aurpegia gaizki osatua duen emakumea. Pertsona bakartiak dira, eta borrokan aritu behar dute, forma fisiko bakarra ulertzen eta ezberdina dena baztertu eta gaizki tratatzen duen gizartean beren lekua aurkitzeko.
Víctor García León
Poliziak Gobernuko ministro bat atxilotu du, ustelkeria, funtsak bidegabeki erabiltzea, dirua zuritzea eta beste hamaika delitu ekonomiko egotzita. Haren semearen istorioa da hau. Boscoren ibilerak, Moralejako luxuzko txaletetik kaleratzen dutenetik, Podemosen egoitzan lan bila amaitu arte. Boscoren estualdi sentimentalak, hortz-hagin perfektu eta ezpain nagiko neskalagunak abandonatzen duenetik, desgaituen eskola batean hezitzaile dabilen gizarte-langile itsu batek onartzen duen arte. Boscoren miseriak, Enpresa Zuzendaritza Masterretik kanporatzen dutenetik, Lavapies auzoko kaleetan barrena izututa eta noraezean ibiltzen den arte. Hau komedia erromantikoa balitz, Boscok lezioren bat ikasiko luke, bizitzak zer edo zer irakatsiko lioke… eta azkenean argi-izpiren bat ikusiko luke, aldaketarako itxaropen bat. Bere bizitzako amodioa aurkituko luke. Edo beharbada gizakiarenganako fedea berrituko luke. Edo, besterik gabe, bide berri bat aurkituko luke... edo animalienganako nolabaiteko maitasuna. Zer edo zer. Zoritxarrez, hau ez da komedia erromantikoa.
Paco Plaza
Madril, 90eko hamarkada. Gaua da eta poliziak dei bat jasoko du. Izu-garrasien artean, haur batzuek adieraziko dute fenomeno arraroak gertatzen ari direla haien etxean, langile-auzo baten erdi-erdian. Bi egun lehenago, Verónicak, haien arreba zaharrak, ouija-ohol batekin jolastu zuen institutuan. Jakin gabe, naturaz gaindiko zer edo zer ulertezinari ireki berri dio atea, eta ordu gutxitan haien etxean kokatuko da. Gero eta kontrolaezinagoa eta, batez ere, arriskutsuagoa bilakatuko da.