Agnès Varda 1928an jaio zen, Ixelles-en (Brusela), eta Belgikan igaro zuen haurtzaroa bere lau anai-arrebekin. Gerra zela eta, 1940an Frantziako hegoaldera bizitzera joan zen familia. Agnèsek Sèten eta Parisen igaro zuen nerabezaroa; hiriburuan egin zuen batxilergoa, eta Louvren ikasi zuen ondoren, baita argazkilaritza Vaugirard gaueko eskolan ere. Pariseko Daguerre kalean bizi da, 14. barrutian, 1951. urteaz geroztik.
Varda Avignongo jaialdiko zuzendariarentzat, Jean Vilar-entzat, argazkilari bihurtu zen 1948an, eta ondoren Théâtre National Populaire (TNP) antzerkiarekin aritu zen (besteak beste, Gerard Philipe zinema-izarra nabarmendu zen bertan).
1954an bere bakarkako lehen erakusketa egin zuen, bere patioan, eta ondoren Txina eta Kubari buruzko hainbat erreportaje egin zituen. Bere bidaietan eta ezagutu dituen pertsonen bitartez, pertsona ezezagun nahiz ospetsuen hainbat erretratu egin zituen.
Inolako prestakuntzarik gabe, Agnès Varda zinemaren mundura igaro zen. Bere konpainia txikia sortu zuen, Ciné-Tamaris, berak idatzi eta zuzendutako lehen film luzea ekoizteko: La Pointe-Courte (1955). Aurrerago, "Nouvelle Vagueren Amona" ezizena ekarri zion horrek.
Jacques Demy zinema-zuzendariarekin ezkondu zen (1990an hil zen); bien alaba, Rosalie Varda-Demy, moda-diseinatzailea da, eta semea, Mathieu Demy, aktore eta zuzendaria. Hainbat urte eman zituzten Los Angelesen, eta han filmatu zituen Agnèsek Lions Love (…and Lies) (1960), Black Panthers (1969), Mur Murs (1981) eta Documenteur (1980).
Haren film ezagunenen artean honako hauek aurki daitezke: Cléo de 5 à 7 (1962), Le bonheur (1965, Zilarrezko Hartza Berlingo zinema-jaialdian), Sans toit ni loi (1985, Urrezko Lehoia Veneziako zinema-jaialdian), Jacquot de Nantes (1991), Les glaneurs et la glaneuse (2000, Gold Hugo saria Chicagoko zinema-jaialdian).
2008an, Les plages d’Agnès autorretratu-film poetiko eta jostagarriak oihartzuna izan zuen ikusleengan eta dokumental onenaren Cesar saria irabazi zuen Frantzian. 2010etik 2011ra bitarte Agnès de ci de là Varda idatzi eta zuzendu zuen, bidaia ireki bat eta hainbat herrialdetako artista garaikideekin izandako bilerak jaso zituen dokumental-saila (45 minutuko 5 atalez osatua).
Bere zinematografia-lan berriena, Visages, Villages, JR artistarekin batera zuzendua, Canneseko 2017ko zinema-jaialdian aurkeztu zen, lehiaketaz kanpo, eta aurtengo Donostia Zinemaldiaren esparruan estreinatuko da Espainian.
2003an Agnès Vardak bere hirugarren lanbideari ekin zion; hau da, artista bisualarenari. Askotariko forotan erakutsi dira haren instalazioak: Veneziako Bienalean, Biennale d’art contemporain de Lyon bienalean, Ganteko SMAK museoan, Art 41 Basel-en, Fondation Cartier pour l’Art Contemporain fundazioan, Pariseko Martine Abouacaya galerian, Sèteko Paul Valéry museoan… “Broken Portraits” saila Bruselako Nathalie Obadia galerian erakusgai egon zen. 2012ko martxoan, haren instalazio garaikideetako eta Txinan ateratako argazkietako asko erakutsi zituzten Pekineko CAFA Art Museumen eta Wuhan-go Hubei Art Museumen. 2012ko ekainean “Le voyage à Nantes” talde-erakusketan parte hartu zuen bi bideo-instalazio berrirekin: “Des chambres en ville” eta “Paroles de squatters”. 2012ko uztailean, La Rochelleko zinema-jaialdiak haren filmei buruzko atzera begirako bat eta “Patatutopia” instalazioa hartu zituen barnean. 2012an, Sevillako Arte Garaikidearen Andaluziako Zentroak “Las dos orillas de Agnès Varda” erakusketa egin zuen haren instalazio eta filmekin. 2014ko otsailean, “Triptyques atypiques” erakusgai jarri zen Pariseko Nathalie Obadia galerian. Azken urteetan beste erakusketa batzuk egin ditu bere lanarekin: “Photographs Get Moving (potatoes and shells, too)” (Logan Center for the Arts, University of Chicago, 2015); “Varda / Cuba” (Centre Georges Pompidou, Paris, 2015); “Agnès Varda. Patates & compagnie” (Ixelles Museum, Brusela, 2016); “Une barrière ouverte” (Galerie Lumière, Lyon, 2016); “solo show” (Blum&Poe Gallery, New York, 2017).
Bere lan-ibilbideak jaso dituen sarien artean, nabarmentzekoak dira Ohorezko Lehoinabarra Locarnoko zinema-jaialdian (2014) eta Ohorezko Palmorria Canneseko zinema-jaialdian (2015).
Datorren azaroan, Arteen eta Zientzia Zinematografikoen Hollywoodeko Akademiak ohorezko Oscarra emango dio haren lan-ibilbide osoaren aitorpen gisa.
Agnès Varda zinemagile beteranoa eta JR argazkilari eta artista grafiko gaztea Frantziako landa-eremuan zehar ibiliko dira, furgoneta batean, hainbat leku igarota. Helburu oso sinplea dute: jendea ezagutzea, haiekin ideiak trukatzeko; pertsona horiei argazkiak ateratzea, eta, ondoren, irudi horiek kalean eskala handian erakustea, zer-nolako erreakzioak eragiten dituzten ikusteko.