Ricardo Darínek bost urterekin egin zuen interpretazioan debuta, telesailetan. 1979an ekin zion bere ibilbide zinematografikoari, Julio Porter-en (La carpa del amor) eta Adolfo Aristarainen (La playa del amor) eskutik, eta pantaila txikiko zenbait lan sariturekin (adibidez, Nosotros y los miedos, Compromiso eta Mi cuñado) txandakatu zuen adierazpide horretan egindako lana. 80ko eta 90eko hamarkadetan berriz ere aritu zen Aristarainekin lanean (The Stranger, 1987), baita Alberto Lecchi (Perdido por perdido, 1993), Eduardo Mignogna (El faro, 1998) eta Juan José Campanellarekin (El mismo amor, la misma lluvia, 1999) ere, baina batik bat Fabián Bielinskyren lehen lanari esker, Nueve reinas (2000), hasi zen nazioartean ezaguna izaten.
Ondoren, Latinoamerikako eta Espainiako zinemagintzako funtsezko film batzuk egin zituen: kasurako, El hijo de la novia (2001, atzerriko film onenaren Oscar sarirako izendatua), Luna de Avellaneda (2004) eta El secreto de sus ojos (2009, atzerriko film onenaren Oscar saria). Juan José Campanellak zuzendu zituen hirurak. 2007an zinema-zuzendari gisa debutatu zuen, La señal filmarekin, Martín Hodara-rekin elkarlanean, eta aurten ere berriz aritu da harekin Nieve negra filmean.
Jostailu-asmalaria izan da La educación de las hadasen (José Luis Cuerda, 2006); nerabe intersexual baten aita XXYen (Lucía Puenzo, 2007); lapur famatua El baile de la Victorian (Fernando Trueba, 2009); burdindegi baten jabea Un cuento chinon (2011) eta pilotua Capitán Kóblicen (2016), Sebastián Borenzsteinen zuzendaritzapean azken biak; lizentziarik gabeko abokatua izan da Caranchon (2010) eta apaiza Elefante Blancon (2012), biak ala biak Pablo Traperoren zuzendaritzapean. Halaber, bi aldiz lan egin du Cesc Gayrekin: Una pistola en cada mano (2012) filmean gizon engainatu bat antzeztu ondoren, minbizi terminala diagnostikatzen dioten aktore bat hezurmamitu zuen Trumanen (2015).
Haren filmografian rol hauek ageri dira orobat: Zuzenbide Penaleko irakaslea Tesis sobre un homicidion (Hernán Goldfrid, 2012), Séptimo (Patxi Amezcua, 2013) filmeko aita etsia, lehergaietan aditua den ingeniaria Relatos Salvajesen (Damián Szifron, 2014) –filma Cannesen lehiatu zen eta atzerriko film onenaren Oscar sarirako izendapena lortu zuen–, eta Argentinako presidentea La cordilleran. Gainera, Asghar Farhadi iraniar zuzendariaren film berriko antzeztaldean dago. Oraindik izenik ez duen film horretan, Penélope Cruz eta Javier Bardem-ekin batera ikusiko dugu kreditu-tituluetan.
Manuel Gutiérrez Aragón-ek adierazi bezala, “badirudi jokatzen dituen pertsonaia guztiak beretzat idatzi direla berariaz, eta bere antzezpenerako soilik. Filma ikusi ondoren, eta gogora ekarri eta berrikusten dugunean, ez genuke onartuko Darínek ez beste inork joka zezakeenik benetan pertsonaia hori. Esan dugu zinemak errealitatea ikusten uzten duela. Darínek hezurmamitzen duen pertsonaia ikusten uzten du. Senti dezakegu, hunkitzen gaitu, ikusten ez dugun zerbaiten bitartez: aktorearen bitartez. Haren pertsonaia ikusten dugu soilik. Horregatik ez gara inoiz nekatzen haren filmez.”
Haren filmek presentzia etengabea izan dute Donostian, eta etengabeak izan dira hirira egin dituen bisitak ere, 2001etik, La fuga (Eduardo Mignogna) Sail Ofizialean lehiatu zenetik. Sail hartantxe aurkeztu zuen El aura (2005) ere, Bielinskyrekin batera egindako bigarren lana. 2008an, Amorosa soledad (Martín Carranza eta Victoria Galardi) Zabaltegi-Zuzendari Berriak sailean aurkeztu zen. 2009an parte-hartze bikoitza izan zuen: bata El secreto de sus ojos filmarekin, lehiaketan, eta bestea El baile de la Victoria filmarekin, lehiaketaz kanpo. Cannesetik igaro ondoren, Carancho 2010eko Perlak sailean proiektatu zen, eta Elefante Blanco, Un Certain Regard sailean estreinatua, 2012ko Made in Spain sailaren aukeran sartu zen. Horrez gain, Una pistola en cada mano ere hortxe proiektatu zen. Urte hartan, gainera, François Ozon-en Dans la maison filmari Urrezko Maskorra eman zion Epaimahai Ofizialaren kide izan zen. 2013an Violet (Luis Berdejo) filmeko aitona hila hezurmamitu zuen, eta lan hura Zabaltegirako aukeratu zuten. 2014an, Perlak sailean Relatos Salvajes aurkeztu, eta Europako film onenaren Publikoaren saria jaso zuen, eta 2015ean berriz ere itzuli zen Sail Ofizialera, Truman (2015) filmarekin, aktore onenaren Zilarrezko Maskorra lortzera ex aequo Javier Cámararekin.
Nuria Vidalekin egindako elkarrizketa batean, Darínek gogora zekarren Trumanen Donostiako estreinaldia: “Ikaragarria izan zen ikusleen erantzuna: barre egiten zuten haren umorearekin eta negar haren sentimenduarekin (…). Bat-batean, egin genuen guztiak beste adiera berri bat hartu zuen; istorio horretan inbertitutako guztiak une gorena aurkitu zuen Kursaalean. Pilatzen den energia horretan guztian ikusteko aukera izatea altxor bihurtzen da, eta zurekin daramazu bidaiaren gainerakoan. Soinean daramazu, eta zaila egiten zaizu gainetik kentzea, eta ez dakit kendu nahi dudan”.
Donostia Saria nazioarteko nahiz nazioko hogeitik gora sari biltzen dituen zerrenda batean azkena da. Besteak beste, honako hauek hartzen ditu barne: bost Zilarrezko Kondor, bi Konex, bi Sur (Argentinako Arteen eta Zientzia Zinematografikoen Akademia), Goya bat, José María Forqué bat, Gaudí bat, CEC sari bat (Idazle Zinematografikoen Elkartearena), Feroz bat, Publikoaren Platino sari bat, Sant Jordi bat, Valladolid, Habana eta Miarritzeko zinema-jaialdietako sariak, jadanik aipatutako Zilarrezko Maskorra Donostian, iaz irabazitako Ohorezko Platinoa, eta aurten jasoko duen Arte Ederretako Merezimenduari Domina. Telebistan, zineman nahiz antzerkian (Algo en común, Art eta Escenas de la vida conyugal lan sarituetan, adibidez) jardun duen antzezle baten ibilbide bikainaren aitorpen dira horiek guztiak.
Latinoamerikako presidenteen goi-bilera batean, Txilen, non eskualdeko estrategia geopolitikoak eta aliantzak eztabaidatzen ari baitira, Argentinako presidente Hernán Blancok bere deabruekin aurrez aurre jarriko duen politika eta familia-drama bat biziko du. Bere bizitza publiko eta pribatuaren norabidea alda lezaketen bi erabaki hartu beharko ditu: bata, alabarekin bizi duen egoera emozional zailari buruzkoa, eta bestea, bere lan-ibilbideko erabaki politiko garrantzitsuena.