"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Bi istorio gurutzatzen dira Wang Feifei zuzendari txinatarraren lehendabiziko film luzean: fideltasunik ezaren inguruan lagun batek idatzitako nobelaren istorioa eta zuzendariak bertatik beratara ikusi zuen suizidio bat. “Hortik abiatuta garatu nuen filmaren ideia”, adierazi du Feifeik, “bidaia bat hasi nuen eta jendearen eta maitasunaren berekoikeria aurkitu nituen”. Bi kontakizunak nahastean “nolabaiteko kimika magikoa” gertatu zela aipatu du zuzendariak.
Wang Feifeik Xi Guan (2008) eta Park (2010) film laburrak zuzendu ditu, Zuzendari Berriak atalean aurkeztu duen He ri jun zai lai/ From Where We’ve Fallen film luzerako jauzia egin aurretik. Talde-lanaren garrantzia azpimarratu du zuzendariak, behin eta berriz. “Talde zoragarria izan dut, eskarmentu handiko profesionalak bildu ditut nere baitara eta horri esker lortu dut proiektua gauzatzea”, esan du Feifeik.
Feifei Txinako Zinema Independenteko Jaialdiko komisarioa eta eragiketa-zuzendaria da 2012. urtetik, eta Xining-go Nazioarteko I. Zinema Jaialdiko programatzailea 2015etik. “Oso lan desberdinak dira programatzailearena eta zuzendariarena”, dio zinemagile txinatarrak. Bere herrialdean urtero 800 film inguru ekoitzi eta 100-200 zuzendari berri daudenez, denetariko aukera dagoela aitortu du zuzendariak. “Bertako ekoizpenek badute tokia merkatuan eta batzuk oso arrakastatsuak izaten dira, baina, Europan gertatzen den bezala, Holywoodek erakartzen du ikusle gehien”, gaineratu du.
Wang Feifeiri erreferentziazko zuzendariei buruz galdetzean, Luis Buñuel datorkio gogora berehala. “Gaztea nintzela ia bere film guztiak ikusi nituen eta, nahiz eta ulertu ez bertan agertzen ziren misterioen esanahia, erakarrita sentitzen nintzen”, dio zuzendariak;“gizon heldua bihurtu nintzenean hainbat kontuaz jabetzeko gai izan nintzen eta uste dut nire filmak baduela horrekin nolabaiteko lotura”.
IRENE ELORZA