"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Atzo sail ofizialeko Sollers Point pelikula aurkeztu zen. Lehiaketako pelikula hau baldintzapeko askatasunean dagoen mutil baten istorioa da. Urtebete espetxean egon ondoren, egunerokotasunera ohitu behar da berriz: aspaldiko amodioak, lana aurkitu eta, garrantzitsuena, bere bizitzari zentzua aurkitu. Baina bere auzoa, Baltimore, nahiko zaila da, eta betiko ohituretara bueltatzea erraza izango da.
Matt Porterfield zuzendariak azaldu duenez, asko interesatzen zaio gaztaroko gaiak jorratzea, “adin horretan aldaketa asko daude, erabaki garrantzitsuak hartu behar dira eta gehienetan ez dakigu zeintzuk diren onenak”. Horregatik pertsonaia hau bereziki interesgarria dela uste du, “pertsonaiak bere burua gorroto du, oso kritikoa da eta nahiz eta zoriontsu izaten saiatzen den, ez du lortzen, ez dakielako nola egin”. Pertsonaia sortzeko orduan Rebelde sin causa pelikulan hartu zuela inspiriazioa onartu du, “egia da antza dutela bi pertsonaiek”.
McCaul Lombardik aktoreak adierazi duenez, asko gustatu zitzaion pertsonaia hau egitea, gehien bat bera Baltimorren hazi zelako. “Gidoia irakurtzen nuen bitartean ume bat bezala egiten nuen irrifar, izugarria iruditu zitzaidan nire auzoan bertan film bat egitea, inoiz ez nuen espero hori gertatuko zitzaidanik”. Beste alde batetik, pertsonaia prestatzeko ere lan handia egin zuen, “bi hilabete egon nintzen nire amarekin hitz egin barik, jakiteko zer zen amarik ez izatea. Baltimorrera bueltatu nintzen bizitzera. Kartzelara ere joan ginen presoak ezagutzera”.
Honekin lotuta Porterfieldek ere gehitu du errealistagoa izateko kartzelan zeuden talde ezberdinekin hitz egin zutela, “gidoia eta guzti ere erakutsi genien eta aiek emandako hainbat domendio jarraitu genituen”. Aurretik lan asko egin zutela baieztatu dute biek.
Pelikulak airean uzten ditu gai asko, baita birgizarteratzea posiblea den ala ez. Dena den, alde horretan zuzendariak argi utzi du pelikula ez dela “gizarte-kritika bat, ezta sistema judizialari zuzenduta ere”. “Pelikula honek errealitate bat erakusten du, baina auzo baten errealitatea besterik ez”. Porterfieldek azaldu du ezagun asko dituela kartzelatik irten ondoren berriz gizarteratu direnak, baina hori norberaren erabakia da, “gure pertsonaiak familia bat dauka, maite duen familia bat, baina berak ez du zoriontsu izan nahi, edo ez daki nola egin zoriontsu izateko”
Zuzendariak onartu du hasieran ez zuela oso argi zer amaiera emango zion filmari, beraz, hainbat eszena gehiago grabatu zituzten eta azkenean bat erabaki zuten, “uste dugu gaiarekin hoberen doan amaiera dela, ikustear dago ikusleagoak daukan erreakzioa”, amaitu du zuzendariak.
NAIA DÍEZ