"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
XX. mendeko lehen hamarkadako uda bat, Ingalaterra tradizionaleko etxe dotore batean. Arrosak, zelai berdeak, Manetenak izan litezkeen paisaiak. “Zer da gorteiatzea? Muxuak eman eta jaso baino zerbait gehiago izango da, ezta? Izan behar luke”.
Mutiko bat haurtzaroa utzi eta helduen mundura sartzen ari da, eta maitasuna eta sexua bera barnean iratzartzen zaienean nerabeek sentitu ohi duten xalotasunez eta kuriositatez behatzen dio errealitateari. Ingalaterra inperialaren azken urteak dira. Laster etorriko da munduaren agintea eskuz aldatuko dela iragarriko duen Lehen Mundu Gerra, baina Norwichen, Ingalaterra historikoaren ekialdean, ez dute horren arrasto ñimiñorik ere. Brandham Hall etxetzarrean, goi mailako aristokraziakoek oraindik uste dute ezer ez dela aldatuko, hurrengo udak ere horrelakoak izango direla, alegia axolagabeak, batzuetan zirraragarriak, misteriotsu samarrak eta, batez ere, hipokritak. Ezer ez da dirudien bezala, gauzek bi esanahi dituzte ia beti.
Filmeko protagonista gorteiatzearen atzean ezkutatzen dena ulertu nahi eta galdera egin arren, erantzunik espero ez duen mutikoa da, baina zazpi hamarkada beranduago hasten da dena gogoratzen, jada 82 urte dituela. Orduan ohartzen da paregabea ematen zuen garaia, etxetzar bera, han ezagutu eta miretsi zuen Marian zoragarria, dena gezur handi bat dela, ohiko klase arteko botere borrokan oinarritutako gizarte ustela eta, okerrena dena, gauzak ez direla
batere aldatu.
ALBERTO BARANDIARAN