"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Tudor eta Cristina Ionescu senaremazteek familia zoriontsua osatzen dute, bere bi seme- alaba Maria eta Ilie-rekin. Bukaresten bizi dira, apartamentu polit batean. Baina igande goiz batean Tudorrek seme-alabak parkera eramango ditu, eta Maria desagertu egingo da. Planteamendu honekin hasten da Constantin Popescuren hirugarren filma.
Filmak hiru zati desberdin ditu, hirurak osotasun baten parte direnak. Lehena, Maria alaba desagertzen den sekuentzia-plano luzeari dagokio; bigarrena, berriz, aita pertsona arrunta izatetik basapizti hutsa bihurtzerainokoa; eta azkena, amaiera ezin bortitzagoari emana dagoena.
Eta jakina, lehenengo galdera arestian aipatutako sekuentzia-plano miresgarri horri buruzkoa izan da: “Zortzi lanegun behar izan genituen parkeko sekuentzia filmatzeko. Logistikoki amesgaizto bat izan zen –esan du zuzendariak–. Umeak tartean daudenean, egunean lau orduz bakarrik errodatu daiteke eta gainera ezin zaio parkea jendeari erabat itxi. Alde horretatik mugatuta geunden; eta bestetik, guztira 127 pertsonek osatzen genuen lantaldea: aktoreak, figuranteak, teknikariak eta bestelako profesionalak tarteko. Dudarik gabe, inoiz errodatu dudan sekuentziarik zailena izan da”.
Parkean alaba desagertzen zaion aita du protagonista eta gertakari latz horrek bere bizitzan eragiten du aldaketa bat, erabatekoa. “Obsesio baten erretratua da alde batetik, aitak alabaren desagerpenaren erruduna aurkitu nahi duelako, baina ez dago susmagarri argirik poliziarentzat. Bestetik, gertakari traumatiko batek eragiten duen higadura emozionalaren istorioa da”, azaldu du Popescuk.
Aktoreen aukeraketa funtsezkoa izan da zuzendariaren aburuz, bi aktore nagusiena izan ezik: “Protagonistak aukeratzeko ez nuen castingik egin. Aktore biak ezagutzen nituen eta hauek buruan nituela idatzi nuen gidoia”. “Oso proiektu berezia izan da niretzat –adierazi du Iulia Lumânarek–; Popescuk ez zuen entsegurik egin nahi. ‘Imajina ezazu zure alaba desagertu egin dela, nola sentituko zinateke?’, hori da eman zidan argibide bakarra”.
Nolanahi ere, dramatizarioaren zama Bodgan Dumitracheren bizkar gainean erortzen da: “Aukera paregabea izan da horrelako rol bat haragitu ahal izatea, aukera bakana. Sinestezina da pertsonaia honek eskaintzen duen espektro emozionala nahiz pelikulan zehar izango duen aldaketa fisiko eta mentala”. Egia dio, aitaren ezinegona kontentzioz islatzen duen antzezpen pausatu hau ikusleen gogoan geratuko da, denbora luzez.
SERGIO BASURKO