"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Wim Wendersen lan berriak, Submergence, Sail Ofizialeko pelikula andana abian jarri du. Zuzendari alemaniarraren filmak ozeanoaren sakonean lan egiten duen biomatematekari baten eta Erresuma Batuko zerbitzu sekretuetako agente baten arteko maitasun- istorioa kontatzen du.
“Ikusleak istorioari heltzen dionerako –azaltzen du Wendersek–, maitaleak elkarrengandik aldenduta daude, bakoitza munduko punta batean dago, zeharo egoera desberdinetan gainera. Horregatik, oso zaila izan da bien arteko harremana irudikatzea”.
Baina maitasun istorioaz gain, filmak gure planetako bizitzaren jatorria edo jihadismoa bezalako gaiak ere jorratzen ditu. Zinemagilearen esanetan: “Gure planetan zegoen oreka suntsitu egin dugu, gero eta handiagoa baita herrialde aberatsen eta txiroen artean dagoen
aldea. Alegia, guk sortu genuen jihadismoaren munstroa, eta orain, horren ondorioak jasaten ari gara. Iluntasun handia dago gure planetan, baita gure arimetan ere”.
Alicia Vikander, berriz, bere rolari buruz mintzo zaigu zuzendariaren hitz larriak arintzeko edo: “Dannyren pertsonaia hasiera hasieratik sorgindu ninduen, bera baita maitasun-harremanean aurrea hartzen duena. Halere, nik uste nortasun kontua dela generoarena baino. Bestalde, bi maitaleen arteko maitasun-istorioa laburra izanik, arrasto sakona uzten duen horietakoa da. Nolanahi ere, egia da emakumea zinematografiaren arlo guztietangailentzen ari dela; bai gidoilaritzan, bai zuzendaritzan, baita antzezpenean ere. Garai batean ez bezala, emakumea da erabakiak hartzen dituena”.
Miragarria da filmaren alderdi bisuala, eta ez da harritzekoa, zeren pelikularen filmazioa Berlinen, Madrilen, Mantxan, Frantziako kostaldeko lokalizazio desberdinetan, Feroe uharteetan eta Djibutin (Somaliako eszenak itxuratzeko) gauzatu baitzen. Nabarmentzekoa da, halaber, filmaren
soinu-banda, Fernando Velázquez konpositoreak sortua. Izan ere, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak grabatu zuen. Oraintsu aditzera eman denez, isil gordean baino Win Wenders bera Donostian egon zen martxo partean grabaketa pertsonalki gainbegiratzeko.
Zinemaldiaren inaugurazio-filma ekartzeak bertigo apur bat eman diola aitortu du Wendersek: “Inaugurazio- filmak atentzio berezia ematen du beti, baina horrek ez nau kezkatzen, sekula ez dut nire filmei buruzko kritikarik irakurtzen, ez onak ez txarrak. Beraz, presio hori ez doa nirekin. Beste film batzuen kritikak irakurtzen ditut, hori bai”.
Aspaldi honetan, Wenders dokumentalgintzan jardun du buru belarri eta horren inguruan ere galdetu zaio. “Ez dut uste dokumentalaren eta fikzioaren artean alde handia dagoenik. Fikzioak errealitatearen zantzuak behar ditu sinesgarri gertatzeko, bestela fantasia besterik ez litzateke izango. Eta alderantziz ere, zenbait dokumental oso fikziozkoak izan daitezke”, adierazi du zuzendariak.
SERGIO BASURKO