"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Ximun Fuchs lehengusuak ekarri zion gidoiaren zirriborroa tabernan egindako hitzordura. Fuchsek film laburra irudikatzen zuen tokian, Eñaut Castagnetek (Miarritzen 1986) film luze baten hazia ikusi zuen berehala.
Hala ere, Non (Ez) ez da bi sortzaileen egitasmoa. Sormen lan kolektibo baten aurrean gaude. Le Petit Théâtre du Pain antzerki taldea, Derrière le Hublot kultur elkartea eta Aldudarrak Bideo ekoiztetxeak elkarrekin egindako filma da. Horrez gain, Frantziako Capdenac (Midi Pyrénées) hiri txikiko 500 biztanlek egin dute posible grabaketa. Profesionalen eta amateurren arteko oreka lortzea erronka handia zen, baina “giro magiko” bati esker lortu zuten bat etortzea. “Dirurik ez edukitzeak negoziazioa errazten du; gazta zati bat edo trago baten truke lan egingo zuten profesional asko lortu ditugu”, dio Castagnet zuzendarikideak.
Antzerki munduan 25 urtez jardunda, Ximun Fuchsek eskarmentu itzela zuen modu kolektiboan lan egiten. Aspalditik zetorkion Capdenac herriarekin harremana, eta bertakoen engaiamenduari esker lortu zituen filmean beharrezkoak ziren hainbat lokalizazio eta baliabide. “Ospitalea, ikastetxea, zahar etxea, auto bat… dena bertan lortu dugu”, dio Castagnetek harrotasunez. Filmaketa 18 egunetan egin bazuten ere, prestaketa-lanek denbora luzez iraun zuten. “Askotan joan gara hara begiratzeko, sentitzeko eta hiria proiektura ekartzeko”, gehitu du.
EROMEN BATEN IBILBIDEA
Gai sozial batekin hasten da filma. 2016ko lan-erreformaren garaian, Radial enpresak ateak itxi ditu greba gogor baten ondoren. Kanporatze- prima iraingarria irensteko elkartu dira lau lagun. Etxerako bidean, Brunok bortizki uko egingo dio jendarme-kontrol bati. Filmak langile talde baten kexa kutsakor eta sumindua kontatzen du, modu koralean. Eromenean murgiltzen den kuadrilla bat ikusiko dugu, gelditzen zaien gizatasun apurra mantentzeko borrokan ari direnak.
“Sekuentzia grabatu zen tokian bertan egoera bera bizi izan zuten urte batzuk lehenago, eta parte hartu duten gehienek egiaz bizi izan zuten gatazka eta ondorengo langabezia”, dio zuzendariak. Hala ere, zuzendariek ez zuten drama ilun eta lehor bat sortu nahi. “Frantses zineman horrelako gaiak tratatzen direnean gehienetan filmak aski ilunak dira”, azaldu du Castagnetek. “Guk ez genuen nahi horrelako film bat egin nahi, horrelako mundu bat deskribatu, zeren eta gu mundu horretatik gatoz eta ez da inolaz ere deskribatzen duten modukoa”, dio autoreak.
Frantsesez filmatzea ere propio egindako hautua izan da: “Ahaztutako lurralde bat kontatu nahi genuen, ez genuen nahi leku izugarri eder batean geratzea; edonon gertatu ahal zen istorioa”. Hizkuntzari dagokionez, berriz, zera dio: “Beste ukitu bat hartuko zuen euskaraz, zeren gaia dena izanda errezegia zen politikari lotzea, eta ez genuen halakorik nahi. Izan ere, protagonistak duen eromena ez da “politikoki kalkulatua, gehiegikeri batek sortua baizik”.
IRENE ELORZA