"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Ihesaldi baten kontakizuna dakar Iñigo Garciak (Zumaia, 1976) bere lehen film luzean. Bizirik irauteko bidaian egin beharrekoen gorabeherek eskutik eramaten dute ikuslea, esanahiz betetako espazioetan barrena. Gerratik ihesi eta bestelako leku lasaiago baten bila doazen bi lagunen ibilbidea bizitzaren inguruan hausnartzeko beta ere ematen du.
Gaur arratsaldean izango da filmaren estreinaldia, Principe aretoan,eta emanaldiaren aurretik solasaldia egingo dute Iñigo Garcia zuzendari eta gidoilariak, Jose Luis Barredo ekoizle eta argazki-zuzendariak eta Jon Elizalde aktore eta musikariak.
Lanbidez arkitekto, Iñigo Garcíaren jardun artistikoa ikus-entzunezkoen munduarekin lotuta egon da. 2003an zuzendu zuen bere lehen film laburra, La caja de la persiana, eta geroztik hainbat proiektu gauzatu du. Horietatik hiru, 4 (2004), Berde (2007) eta Andarika, kilker eta emakumeei buruzko gogoetak (2008) film laburrak, Jose Luis Barredo zuzendarikidearekin egin ditu. Gainera, Clarketa Boris (2009), Errusia (2011) eta Big Boy dokumentala (2014) film laburrak ere zuzendu ditu.
Orain bi urte hasi zen Garcia Bi txirula filmaren ideia eta egitura ontzen. Pertsonaiak eta lokalizazioak argi zituen eta gainontzeko arloetan askatasunez jokatzea zuen helburu. “Grabaketak urtebetean egiteak pausatzeko aukera eman dio materialari eta abantaila ere izan da emaitza fintzeko orduan”, adierazi du zuzendariak. Paisaia indartsuen arteko trantsizioek eta musikak filmari emango zion loturak arduratzen zuen Garcia eta horregatik sortu zituen lana egituratzen duten hainbat “zubi”. Paisaia ikusgarri eta indartsuak postal huts bihurtzetik urrundu da egilea, nortasuna eta berezko pisua emanda. Filmaren erritmoak laguntzen du horretan. Azken finean, askatasunez lan egiteak filmaren osagaiekin jokatzeko ahalmena eman die Garciari eta Barredori.
Irrealtasun kutsua eman nahi izan dio Garciak kontakizunari. Garaia, tokiak, pertsonaien ekintzak zirriborratu egiten ditu, gehiegi xehetu gabe. Zertzeladez egindako narrazioa da, justifikaziorik behar ez duena. “Niri gustatzen zait film batean joatea, nora noan jakin gabe. Batzuk, agian, aspertuko dira baina niri gustazen zait hori lortzea”, dio arciak. “Oso ohituta gaude filmetan erantzunak azkar jasotzera eta hemen aurrera zoaz erantzunik lortu gabe; horrek egiten du zu tentsioan jartzea”, gehitu du Barredok.
Kontraste haundiko bi pertsonaiek, iheslariek, bakardadetik laguntasunerako bidaia egingo dute eta horrek ere izango du isla filmaren giroan. Argazki-zuzendari Barredok azpimarratu duenez, “Iluntasunetik argira doa filma, modu batean zabaltzen doa".
IRENE ELORZA