GAS NATURAL FENOSAKO Komunikazio eta Erakunde Harremanen zuzendari nagusiak, Jordi Garcia Tabernerok, gaur goizean jakinarazi duenez, energia-konpainiak berritu egin du Donostia Zinemaldiari seigarren urtez jarraian babesa emateko akordioa, lehiaketako zuzendari José Luis Rebordinosekin batera sinatua. Aurreratu du, orobat, Zinemaldiaren hurrengo edizioan aurkeztuko dela Cinergíaren eta Isabel Coixet zuzendariaren artean, publiko handiaren artean aurrezkia eta eraginkortasun energetikoa hedatzeko helburuz, lantzen ari diren ekoizpena.
Ekitaldian, energia-konpainiak ekoitzi duen bigarren film luzearen xehetasunen berri eman zuen. Proyecto Tiempo du izena, eta Isabel Coixetek zuzendu du; hau da, Goya sari gehien (5) dituen Espainiako emakume zuzendariak. Filmaren protagonista, Pablo Rivero, ekitaldian izan zen.
Jordi Garcia Tabernerok baieztatu duenez, "Donostia Zinemaldia Espainiako zinema-jaialdi garrantzitsuena da, eta erreferentea nazioartean. Harrotzen gaitu ematen diogun babesa berritu dugula jakinarazteak, baita Cinergíaren laugarren edizioari buruzko xehetasunen berri emateak ere. Horixe da gure proiektu nabarmenena zinemaren esparruan, eta, hain zuzen, bost Sol sari irabazi ditu duela zenbait egun Publizitateko Komunikazioaren Iberoamerikako Jaialdian".
Proyecto Tiempo, Isabel Coixet bartzelonarrak zuzendua, elkarrekin lotura duten eta berez osoak diren lau piezaz dago osatua. Horietan lehena irailean estreinatuko da, Donostia Zinemaldian. Edizio honetan berriz ere aritu dira El Terrat ekoiztetxearekin eta Arena Media agentziarekin lankidetzan. Nabarmentzekoa da publikoa izan dela protagonista, eta filmetako funtsezko xehetasun batzuk pertsonalizatzeko aukera izan duela, konpainiaren zinemako sare sozialen bitartez.
Film luzea Bartzelonan eta aldirietan filmatu zen, eta aktore hauek izan ziren antzeztaldean: Carmen Machi, Lluís Homar, Miguel Ángel Muñoz, Charlotte Vega, Óscar Casas, Laia Manzanares, Pablo Rivero, Belén Cuesta, Cristina Castaño, Adrià Collado, Hiba Abouk, Úrsula Corberó, Aitor Luna, Joel Bramona, Brays Efe eta Mariona Terés.
Proyecto Tiempo film luzea etorkizunean dago girotua, eraginkortasun energetikoaren aldetik eboluzionatua eta kontzientziatua dagoen gizarte bat islatzeko, eta aurrerabide teknologikoak epe ertainera izango dituen bi aurpegiak erakusteko. Gizarte eboluzionatu horretan biotxip bat ezartzen da munduko jaioberri guztien garunean; 2069. urteko teknologia berritzaileena da. Protagonistak, Pablo Andrade zientzialariak, amets obsesibo bat du, mende erdiko existentzian zehar pixkanaka azaleratuko diren familia-sekretu ilunez kutsatua.
Proyecto Tiempo. Parte I: La Llave da datorren Donostia Zinemaldian (irailaren 22tik 30era) aurkeztuko den filmaren lehen atal zinematografikoa. Úrsula Corberó, Aitor Luna, Joel Bramona eta Brays Efe dira antzezleak. Pablo Andrade txikia Capitán Nivel 7 pertsonaia bitxiak zuzendutako escape room batera joan da bere familiarekin. Garaiz ihes egin ahal izateko, aztarnak aurkitu, eta eraginkortasun energetikoarekin lotutako zenbait enigma ebatzi beharko dituzte. Baina, azkenean, Almak jolasaren arauak aldatuko ditu.
Denboran jauzi egin ondoren, hurrengo atala dator: Proyecto Tiempo. Parte II: La Cura. Carmen Machi, Pablo Rivero, Belén Cuesta eta Hiba Abouk aktoreek parte hartzen dute bertan. Pablo Andrade etorkizun handiko zientzialari langabe bat da, eta obsesionatuta dago bere ama Almaren garuna sendatzeko modua aurkitzearekin, hark iktus bat izan berri du eta. Baina sendabideak, garuna ohiko egoerara leheneratu ez ezik, hobetu ere egingo du. Eta Hugo jaiotzen denean, Almak oso argi dauka zer egin behar den...
Proyecto Tiempo. Parte III: El juego, Carmen Machi, Lluís Homar, Óscar Casas, Laia Manzanares, Cristina Castaño eta Adrià Colladorekin. Hugo Andrade nerabeari Final Game izeneko errealitate areagotuko joko bat gustatzen zaio. Jokoak iraganean gertatutako krimenen energia negatiboa atzemateko eta Energyplay izeneko gailuaren bitartez birbideratzeko aukera ematen du. Egun batean Hugok gailua aldatuko du, sentikorragoa izan dadin, eta ondorioz krimen bat aurkituko du, horretarako prest egon gabe.
Azken atala Proyecto Tiempo. Parte IV: Brainstart du izena, eta Carmen Machi, Lluís Homar, Miguel Ángel Muñoz, Charlotte Vega eta Mariona Terés aktoreek hartzen dute bertan parte. 2069. urtean, jaioberri guztiei ezagutza unibertsala eskuratzeko bide ematen duen Brainstart biotxipa ezartzen zaie garunean. Asmatzaileak, Pablo Andradek, bere semea erabili zuen akuritzat, mundu osoan El Pionero izenez ezaguna den Hugo. Handik urte batzuetara Hugo lehenbiziko aldiz aita izatear dago, baina haren emazteak, Evak, haurtxoari Brainstarta ezartzerik nahi ez duela esango du. Cinergía IV.ren azken atalak azkenera arte edukiko gaitu airean, eta amaierak Andrade familiari buruzko egi osoa azaleratuko du.
Lehen hiru edizioak sona handia izan dute, ekimenak orain arte izandako arrakastaren erakusgarri: 53 milioi alditan baino gehiagotan ikusi da telebistan eta Interneten (horietatik, 32 milioi ikustaldi hirugarren edizioan izandako errekorrari zor zaizkio), % 23,5 ugaritu dira eraginkortasun energetikoari buruzko elkarrizketak, eta gutxi gorabehera 80.000 jarraitzaile ditu sare sozialetan.
Komunikazioaren eta marketingaren sektorearen babesa ere jaso du Cinergíak. Jaso dituen azken sarien artean Publizitateko Komunikazioaren Iberoamerikako Jaialdiko bost Sol sariak daude, eta urrea eskuratu du IABren Inspirational sarietako Branded Content eta Campañas Transmedia kategorietan ere. Horrez gain, zilarrezko eta brontzezko sari bana lortu ditu Espainiako Iragarle Elkartearen Eficacia sarietako Medios kategorian, baita artearekin eta berrikuntzarekin lotutako proiektu korporatibo onenaren CultHunting saria ere.
Espainiako zinemaren lehen babesle gisa ikusia, Millward Bronw-en 2016 inkestaren arabera, GAS NATURAL FENOSAK 2008. urtetik du zinemagintzarekin lotura, herrialdeko zinema-jaialdi eta -areto nagusiei ematen dien babesaren bitartez. Besteak bete, honako hauek babesten ditu: Donostia Zinemaldia, Sitges-Kataluniako Zinema Fantastikoaren Nazioarteko Jaialdia, Madrid Premiere Week, Málagako Jaialdia,Espainiako Zinema, kritikaren FEROZ® sariak eta Cartagenako Nazioarteko Zinema Jaialdia, baita Espainiako Cinesa sareko 40 zinema-areto baino gehiago, GAS NATURAL FENOSA izena dutenak. Zinema Akademiarekin batera, kultura eskuratzeko aukera ere sustatzen du konpainiak, Zinema Ibiltariaren Gas Natural Fenosa Zikloen bidez.